Idatzi ez ditudan gauzei buruzko azalpenak (Juan Gorostidiri erantzunez)

Gorka Bereziartua
0

Jabetzen naiz lanerako erabiltzen dudan material nagusia hitzak direnez, zerbait publikatzen dudanean ez direla beti bat etortzen adierazi nahi dudana eta testu horretan irakurleak ulertuko duena. Hitzek beti dute interpretagarritasun gradu bat, tartean sartzen delako polisemiaren afera, baita idazten duenaren eta irakurtzen duenaren mundu ikuskera ez beti kointzidenteek sor dezaketen distantzia ere. Problema horri erantsi behar zaio, heterogeneitate gradu handi samarra duten fenomenoak aztertzean hitzen esanahiak asko bihurritu daitezkeela.

Horiek horrela izan arren, iruditzen zait testu baten interpretazioak badauzkala bere mugak, haren inguruan sortu nahi den elkarrizketak zintzotasun intelektual minimo bat izango badu. Eta mugetako bat iruditzen zait testuan esaten ez diren gauzak ezin direla jarri idatzi dituenaren ahotan. Juan Gorostidik horixe egin du nik idatzitako azken Larrun-ari eman dion erantzunean.

Erantzun horretako zenbait pasarte aipatuko ditut idatzi dituen bezala, eta ondoren esplikatuko dut nik Larrun-en zer idatzi dudan. Espero dut irakurlea jabetuko dela bien artean dagoen aldeaz:

“Covid-19 pandemia dela-eta hartutako neurrien aurrean jarrera kritikoak adierazteko marmar hutsetik harago nolabaiteko presentzia antolatua erakutsi dutenengana, alegia (Bizitza plataforma eta Independentea webgunea aipatuz), eta, orobat, Ukrainako gerra piztu zenean, ‘jarrera Errusia zaleak’ erakutsi dutenengana. Batzuek, nonbait, ‘birusaren existentzia ukatu dute’, eta besteek, berriz, ‘Putin dute adierazle nagusi’. Bizitza plataforman, zenbat dira birusaren existentzia zalantzan jartzen dutenak? Haren konsigna eta estrategiarekin ados izan ala ez, ez zait zilegi iruditzen faltsukeria horretan oinarritzea arrazoibide osoa”.

Larrun-en azken zenbakia irakurtzen duenak ikusiko du aipatzen ditudala birusaren existentzia ukatu dutenak eta Bizitza plataforma eta Independentea. Baina bakoitza testuinguru zehatz batean aipatu dut eta faltsukeriarik egotekotan, honakoa litzateke: nik esan dudala eragile horrek eta webgune horrek birusaren existentzia ukatzen dutela.

Nire artikuluan eragile horiei erreferentzia egiten zaienean zehazki hau esaten da:

1) “Atzerriko konspirazio-teoriak Euskal Herrian zabaldu dituztenak azkar bihurtu dira ikuspegi nagusia dutenen begietan ‘erreferentziazko talde negatiboa’ –Bizitza plataforma edo Independentea webgunearen kasuak datozkit burura–”.

2) “COVID-19aren kasuan, nahiko argi ikusi da hori Bizitza plataformaren komunikatuetan, zeinak pandemiaren aurkako neurriak lotu izan dituen abertzaletasun independentistak historikoki erabili izan dituen –eta azken urteotan baztertu samar dauzkan– zenbait mitorekin”.

Arrazoibide osoa, beraz, artikuluan inon agertzen ez den zerbaitetan oinarritu dut Gorostidiren arabera.

Aurrerago, honakoa dio:

“Azken krisiok eragindako asaldura jarrera horietara mugatuz, edozein posizio kritikoren karikatura egin, eta posizio horietan gradazio logiko eta zentzuzko bat balego bezala arrazoitzen da: ezarritako neurriak zalantzan jartzen dituztenen eta birusaren existentzia bera ukatzen dutenen arteko gradazioa, alegia: ‘hasi zaitez konfinamenduaren eraginkortasun epidemiologikoa zalantzan jartzen eta birusaren existentzia ukatzen amaituko duzu’ edo ‘kritikatu Mendebaldean inposatu diren txertoekin egin dena eta anti-vax eta terraplanista izaten amaituko duzu’”.

Berriz ere, esan ez dudan zerbaitetik abiatzen da: Larrun-en ez dut inolako momentutan esaten azken krisiok eragindako asaldura jarrera horietara mugatzen denik. Nire helburua jarrera konkretu horietaz aritzea izan da, beste asko egon daitezkeela baztertu gabe, eta kontrakoa iradokitzea jatorrizko artikuluaren zentzua faltsutzea da. Are gehiago, kontuan izanda nire asmoak oker interpretatu zitezkeela aurreikusiz, ahalik eta gehien zehazten saiatu nintzela, besteak beste Larrun-eko 7. oin-oharrean hau idatziz:

“Komeni da badaezpada argi uztea: honekin ez dut esan nahi edozein pertsona ‘munstro’ horietakotzat dudanik COVID-19aren kudeaketaz gure agintariek hartu dituzten erabakiak auzitan jartzeagatik, ezta Ukrainako gerran Mendebaldeko hedabideen bertsioaz gain beste informazio batzuk bilatzeagatik ere. Jarrera kritiko horiek ere debatearen polo batean kokatzeko tentazioa izaten dute batzuek, nik ez ordea. Baina bai COVID-19aren krisian, baita Ukrainako gerran ere, sistematikoki edozein informazio ‘ofizial’ baztertu eta sistematikoki beste bertsio bat hobetsi duten pertsonak egon badaude, sarritan hori egiteko arrazionaltasunaren mugak gainditu dituztenak. Eta joera hori, kritikotasuna baino, fenomeno korapilatsuagoen adierazle dela uste dut”.

Larrun osorik irakurtzen duenak aurkituko ditu, ohar luze horretaz aparte, ildo berean doazen beste hainbat esaldi ere. Baina Gorostidiren aldetik jaso dudan erantzunean irakurtzen dudanez, “‘munstro populistengan’ fokua modu zabar horretan jarrita, beharrezko liratekeen ñabardurak ezabatu egiten dira”.

Atentzioa deitu dit esaldia hirugarren pertsonan jarri duela ikusteak: “ñabardurak ezabatu egiten dira” ordez, zehatzagoa litzateke “ñabardurak ezabatu egiten ditut” idaztea, egon badaudelako, baina Gorostidik egin nahi duen irakurketari molestatu egiten diote.

Pixka bat aurrerago, zera dio:

“Nola ausartzen gara mugimendu erreaktibo horiei ‘kapitalismoaren ordezko alternatiba koherenteak’ eraikitzeko ardura eskatzea?”.

Kasu honetan, arreta deitzen dit “kapitalismoaren ordezko alternatiba koherenteak” horrela idatzi izana, komatxo artean, nire artikuluko esaldi baten zita testuala balitz bezala. Larrun-en aldiz, ez da inon agertzen esaldi hori. Eta esplikazioa sinplea da: ez dut hori idatzi.

Honakoa aldiz bai: “COVID-19ak eta Ukrainako gerrak azaleratu dituzten izaki berriok ofiziala ez den beste kontakizun bat bilatzen dute, baina bi kasuetan aurkitu dituzten erantzunek nekez iradokitzen dute emantzipazio kolektiborako aukeraren bat; eta bai, aldiz, gotortutako oposizioan laketzeko joera”.

Irakurlea ohartuko den moduan, sekulako aldea dago “kapitalismoaren ordezko alternatiba koherenteak” esatetik “emantzipazio kolektiborako aukeraren bat” esatera. Eta inpresioa daukat Gorostidiri gehiago komeni zaiola nik lehenbizikoa esatea, ondoren bere argudiaketa horren gainean antolatu ahal izateko.

Antzeko zerbait egiten du aurrerago ere: “Edo ‘historikoki emanzipazio-nahiak kanalizatzeko misioa izan duten eragile asko apur bat jokoz kanpo geratu izana ere aprobetxatuz –ezkerreko alderdi politikoak, sindikatuak…–’ ari direla beste mugimenduak ‘ez dagokien’ esparruak zapaltzen”.

Berriz ere komatxo artean jarritako esaldiek iradokitzen dute nik Larrun-en esaldi horiek horrela idatzi ditudala. Ez da hala ordea. Larrun-eko aipu zehatza hau da: “Beste faktore batzuekin gurutzatuz gero –ikasketa-maila eta horren araberako espektatiba indibidualak, adibidez–, errazago ulertzen da emantzipazio-nahiak formulatzeko modu berriak ere agertu izana, baita historikoki horiek kanalizatzeko misioa izan duten eragile asko apur bat jokoz kanpo geratu izana ere –ezkerreko alderdi politikoak, sindikatuak…–”.

Esaldiaren testuingurua ere ez du kontuan hartu Gorostidik, artikuluaren parte horretan gaur egungo kapitalismoaren ezaugarri batzuk nahiko modu deskriptiboan azaltzen saiatu bainaiz, eta esplikatzen zergatik “berrikuntzan” oinarritutako kapitalismoari aurre egiteko alderdi edo sindikatu klasikoek ez duten historiako beste fase batzuetan izan duten gaitasunik. Inolako momentutan ez dut esan beste mota bateko mugimenduak ari direnik ez dagokien lekua zapaltzen, ez dudalako hori uste.

Horrelako adibide gehiagorekin segi baino, uste dut hobe izango dela Gorostidiren artikuluak utzi didan sentsazioa esplikatzea: “Gorka Bereziartuarekin elkarrizketan” irakurri dut titularrean, baina hemen aipatutakoen ondoren, espero dut argi samar geratuko dela planteatzen den elkarrizketa horretan pertsona bakarrak daukala ahotsa, niri egokituko litzaidakeen papera betetzeko badaukalako lastozko panpin bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA