Baikortasun berria

Gorka Bereziartua
0
Kilimak taldearen kontzertua Herri Urratsen (argazkia: Baga Biga).

Ba oso inbento ona da Herri Urrats. Ipar Euskal Herriko ikastolek aurrera egiteko eta hori dena, noski, baina baita Hego Euskal Herritik egun-pasa joaten garen askorentzat, katarsi politiko-mentala egiteko ere. Gure kainismoaren aurkako antidoto perfektua. Bat-bateko aldarte-mutazio bat gertatzen zaigu Pausuko zubian jendarmeek jarrita duten checkpoint arrazista zeharkatu, Crédit Agricole, Maison de la Presse, Behobiako farmazia atzean utzi, eta biribilgunean eskuinerantz hartzen dugularik. Burua argitzen hasten da, gai izateraino desberdintzeko zer den ezinbestekoa eta zer den atrezzoa. Bidasoaz bestaldean, dena ikusten dugu argiago beti. Senperera iristen garenerako, zer gara gu, nor gara gu, nahiko klaro daukagu. Berriz hegoalderatzean baino klaroago behintzat bai.

Igandeko Herri Urrats, beraz. Zenbat jende, ezta? Eta ze jende diferentea. Han zeuden Su Ta Garren kamisetadunak eta alkandora loreduneko hipsterrak; jende goxoa eta erabat horditurik elkarri plakajeak egiten ari ziren errugbilari zakarripurdiak; eta joaldunak, eta jo-ahal-gabeak; eta lakuko uretan freskatzen ari ziren sei burusoil, ez, barka, miopea naiz: galtzak orkatiletaraino jaitsita uretara pixa egiten ari ziren hiru gazteren ipurdiak ziren; eta artista multidiziplinar bat “bananak!” oihuka; eta esnerik gabe geratu zen kafegilea –hemen bakeak egiteko Kofiri deitzen diogu–; eta aparkalekua zaintzen ari zen katedraduna; eta egun osoan ARGIA irakurtzeko momentu bat ere izan ez zuen gurasoa; eta “Brebeta euskaraz” kamiseta Pantone-gamako kolore guztietan jantzita zeramaten ikasleak; eta makuluekin tirriki-tarraka zebilen arren, ibilbide osoa burutu arte etsi ez zuen tipoa –fotokazetariei dei egin nahi diet hemendik: honelako jaietan, mesedez, atera argazki bat beti pertsona horri, uste dut merezi duela hauteskunde guztietan botoa ematen agertzen diren mojek adinako errekonozimendu publikoa–.

Dibertsitate horren aurrean bainaka hastea litzateke jarrerarik euskaldunena, ugaritasuna prozesatzea ez delako gure bertuteetako bat, sobran dagoena lehenago ikusten dugulako falta dena baino, eta herri bat izan beharrak sarritan zapuzten digulako herri asko garela ikusteko posibilitatea. Ia gertatu zitzaidan igandean, ibilbidean sartu bezain laster Real Madriden elastikoa zeraman haur bat ikusi nuenean. Nire barruko Telesforo Monzón agerraldi gogaikarri eta marmarti bat egiteko zorian egon zen, Espainiako selekzioari baino alergia handiagoa baitiot Florentinoren taldeak ordezkatzen duen guztiari. Baina gero batekin topo egin, bestea agurtu, ondokoa ezagutu, bi urtean pilatutako ezkortasun pandemikoa urtzen joan zen, lakura jaurtitako gatz koskor bat bezala. Egotearen gauzak.

Fuerte pentsatu nahi duenarentzat, badago hor ondorioren bat ateratzeko moduko materiala. Hemen, orain, zerbait behar izatekotan, jendearekin pozik elkartzeko momentuak behar ditugula uste dut. Ez poz akritiko batekin, ezta eztabaidak, disonantziak eta diferentziak estaltzeko erabili daitekeen alaitasun inozo batekin ere. Baina bai irentsi dugun kapitulu tristea ixteko balio dezakeen jarrera baikor berri baten bitartez. Hori irakurtzen asmatzen duenak, nik uste, puntu asko ditu gure gizarte hauek berera erakartzeko. Eta euskararen aldeko aurtengo bi ekimen nagusiek ondo irakurri dutelakoan nago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA