Aireportuak diruditen hiriak eta hegan egiten duten beste gauza batzuk

Gorka Bereziartua
0
Hirien erdiguneek aireportuen geroz eta antz handiagoa dute.

Turbulentzien erdian teklak jotzea zer den jakin nahi nuen eta kazetari-bizimodu salbai honek horretarako aukera ere eman dit. Bilbo-Munich-Viena-Munich-Bilbo: aspaldi hainbeste hegazkin hartu gabe. Eta bat hartzen dudan bakoitzean, saihestu ezin ditudan pentsamenduen katalogoan agertzen zait istripuaren aukera.

Baietz, oso garraiobide segurua dela, estatistikak, probabilitateak, datuak, nahi duzuna; fantasia indartsuagoa da beti: kea botatzen hasten den hegal bat, bidaiarien garrasiak, sutan desegiten den turbina, otoitz egiten hasten den hegazkineko pertsonala… Baina ez gaitezen desbideratu. Gaur hegan egiten duten gauzei buruz hitz egiteko asmoa nuen –bukaeraraino geratzen bazarete, gogoratu honetaz–; eta hegazkinez ere bai; eta aireportuez; eta etxean bezala sentitzeaz; eta hiriei batzuetan darien izerdi kloniko batez.

Azkeneko horretatik hasiko gara, hemen gauzak atzekoz aurrera egiteko daukagun ohiturari jarraituz: jaisten zara abioitik, gurutzatzen duzu aireportu izeneko konstrukto hori, souvenirrek jariatzen dutenaz gain inolako bertakotasun-arrasto erakusteari uko egiten diona, eta pentsatzen duzu ahalik eta azkarren atera behar duzula hortik benetako gauzak ikusten hasteko.

Baina hartzen duzu zentrora eramaten zaituen trena, arrastaka ateratzen duzu maleta lur azpiko geltoki itogarri batetik kanpora, eta aurretik inoiz zapaldu ez duzun hiri-erdigune horrek gogora ekartzen dizu, prezisio ikaragarriz gainera, etxe ondoan daukazun hiria. Edo beste edozein hiri. Zeren gaur egun hiri baten erdigunean paseatzea aireportu baten barruan ibiltzearen antzeko esperientzia bihurtu da: denda berdinak, iragarki berdinak, turista berdinak, bizi diren lekutik mugitu gabe berdin-berdin praktikatu ahalko lituzketen kontsumoetan murgilduta.

Kontuak badu beste aldea ere: denok antzeko lekuetan bizita, leku horietan sortzen diren problemak ere antzekoak bilakatzen dira; eta antzaren antzaz, problema horiei aurre egiteko antolatzen direnek erraz samar ulertzen dute elkar, bakoitza Europako punta batetik datorren arren –eta Lost in Translation momentu batzuen despit–.

Batek aipatzen du Austrian eraikitzen ari diren autobide berrien aurkako mugimendua eta zu hasten zara pentsatzen Zubietako erraustegiaren eta AHTren aurkakoez. Eztabaidak ere antzeko puntuetan kateatzen direla ematen du, tonu gorrien, moreen, berdeen eta ortzadar kolorekoen artean, hor nonbait. Eta azkeneko bi urteen ondoren, badirudi mamu bat dabilela Europan barrena, komunismoaren itxura baino impasse sozialarena daukana.

Ejem. Nahiko behera jaitsi da hegazkin hau azken paragrafo horretan, zerbait egin behar da artikulua bukatu baino lehen altuera berreskuratzeko. Materiala ez da a priori oso aproposa, dena esan behar bada: hedabideen jabetzari buruzko konferentzia akademiko bat Vienan, handik etxera itzultzeko hegaldian ari naiz idazten.

Kontua da, lau egunez jardunaldi horietan ibili den zenbait pertsonarekin hitz egiten aritu naizenean, arreta deitu didala hain jende jantziak ze gutxi zekien lehen astronauta espainiarrari buruz. Eta behin historia ezagutu dutenean, algaraka hasi dira. Pasa den asteko ARGIAren azaleko esaldia bezala da, pixka bat aldatuta: jendea Carrerori buruzko txisteekin barrez hasten den edozein leku da nire herria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA