Ekozidioa ez da bakarrik konponduko

Gorka Bereziartua
0
Argazki-oina: Cormac McCarthyren ‘The Road’ nobelan oinarritutako filmeko eszena bat.

Gizateriaren problema handiek hiru eragozpen dituzte nire ustez, eta horiengatik ez dugu jende arruntok tarte askorik erreserbatzen errutinaren zanpagailu azpitik ateratzean haietaz pentsatzeko –eta zer esanik ez, haiei aurre egiteko–.

Lehenengo eragozpena da problemak direla. Eta nork nahi ditu problemak? Problema gehiago? Problemaz enpo nabil bestela ere, ez ekarri niri problema berririk faborez.

Bigarren eragozpena da, problema izateaz gain, problema handiak direla. Problematzarrak. Dimentsio homerikoak dituzten problemak. Eta tamaina horrek pixka bat pottoki sentiarazten gaitu, metaforak eduki dezakeen zentzurik literalenean: pottokiak, gauza jakina da, utopia ekosozialista bat eraiki nahian bizi dira, baina beti dago festa izorratu nahi duen Gargamelen bat, gure eskala gainditzen duena.

Hirugarren eragozpena: problemak izateaz gain, handiak izateaz gain, gizateriarenak direla. Zu gizateria zara? Ez, ezta? Orduan, beti esan ahalko duzu problema ez dela zurea. Konpondu dezala beste batek. Gizateriaren enkargatuak. Pagatuko diote norbaiti hori egiteko noski.

Hau, hori edo hura dela, beste aste bat bultzaka dator eta inor ez da ari arduratzen gizateriaren gaur egungo problema handienetako batez, alegia, ia streaming bidez erretransmititzen ari diren planetaren suntsipen etengabeaz. Datuak badauzkagu. Eta ebidentziak. Eta grafikoak. Eta gauza pila bat gehiago. Baina irudipena daukat ez dakigula nondik hasi ere. Eta bitartean kotxe elektrikoak eta nuklearrak iragartzen ari zaizkigu, politika handiak diseinatzen dituztenek errealismo magikoa maite dutela demostratuz.

Panorama horrekin, ekozidioaren froga bakoitzaren aurrean katastrofista jartzen naiz –sail honek, izan ere, daukan izena dauka; ezin esan preseski tipo baikorra naizenik–, eta nire burua imajinatzen dut Cormac McCarthyren nobela batean murgilduta: The Road (Errepidea). Aita-semeak autobide batean gurditxo bati bultzaka. Zerbait gertatu da munduan. Dena dago erreta, errautsez beteta. Eta hil ez diren gizakiak arima erratuen antzera dabiltza janari bila. Janari hori, maiz, beste pertsonak dira. Gasolina daukaten bakarrak, ipurtzuloraino armatuta, giza-ehizan. Gure espeziearen epilogoa osatzen duten eszenak.

“Literatura da”, esaten diot nire buruari ideia horiek uxatu beharrez, “fikzioa besterik ez”. McCarthyren estiloak, ordea –hain deskriptiboa, hain soila, hain erakusteari emana, hain diskurtsoz hustua–, pentsarazten dit gauzek doazen bidetik jarraitzen badute, akaso noizbait gure burua aurki dezakegula antzeko egoeraren batean. Egun horretan, oraindik goizeko zortzietan lantokira joaten jarraitzeko odol hotza edukiko duen liburuzainak, ironia garratz batez, eleberrien sailetik “ez fikzioa” sailera pasako du McCarthyren liburua.

Uf, zenbat behe laino. Eskerrak hemen gertatzen diren gauzez idazteko nagoela, ez profeziak egiteko, zeren horretan hasten naizenean begira non bukatzen dudan. Zorte handia da etorkizuna orain gertatzen diren materialez osatuta egotea, izan ere, terreno horretan, zarata handirik atera gabe, katastrofearen arriskua aintzat hartuta, baina nirea baino aldarte eraikitzaileagoarekin, badabiltza batzuk zeozer berria antolatzen euskal ekologismoaren giharra tenkatzeko. Aste hau ez da ondo bukatuko, baina adi hurrengoei: “Azken krisia. Gure garaia!” dioen seinaleren bat ikusiz gero, agian problema handiei aurre egiteko moduren bat ere agertzen hasiko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA