Bakanal burujabea

Gorka Bereziartua
0
46 urteren ondoren berriz "agertu" da Arkaiako Bako jainkoaren burua.

Burujabetzaz eztabaidatzen pasa ditugu lau hamarkada baino gehiago eta, halako batean, gaia atasko eternal batean murgilduta zegoela zirudienean –ez ur eta ez ardo; ez kaka eta ez zirin–, eta mundu guztia beste kontu batzuengatik muturka hasia zenean –zeren, egia esan, Medellin erdia sudurretik sartu duen norbait ere lo arazteko modukoa bilakatua zen asuntua–, justu orduan, gogaituta, urgoituta, hitz batean esateko, seko aspertuta geundenean, orduantxe argitu da behin betiko norena den burujabetza. Edo norena izan den orain arte, joan den astean eskuz aldatu baita. Burujabe zena bat-batean buru batzarrarekin bakarrik geratu da.

Inuzentea ni, uste nuen tamaina horretako aldaketa datorren kurtsoko ikasleentzat erregistratuta gera zedin, alarma guztiak garrasika hasiko zirela historiako testu-liburuak tip-top-tap estresatuta idazten ari direnen bulego gaizki argiztatuetan. Ezetz esaten didate, prentsako orrialde batzuk zikinduko dituela, ez askoz gehiago. Anekdotaren mailan gera daiteke notizia: Jon Buesa EAJko kideak II. mendeko eskultura erromatar bat, Arkaian agertutako Bako jainkoaren burua, estranjiskiro bere etxean eduki duela 46 urtez. Eta ikerketa judizial batengatik itzuli behar izan diola Arabako Bibat arkeologia museoari, delituak preskribatuta daudenean.

Horrek gogora ekarri dit eduki nuela harreman pixka bat Bako jainkoarekin gazte garaian, gaudeamus igitur eta juvenes dum sumus kantari nenbilenean. Oso urte eroak ziren. Bizimodu disipatu samarra geneukan. Edozer gauza egiten amai genezakeen ikasle pisuan bizi ginenok. Adibidez, Bilboko Arte Ederren museoko erakusketetara joaten –ez dakit zer ari zineten imajinatzen–. Total, han zer suma genbiltzan egun horietako batean, Pablo Picassoren grabatu batzuk tokatu sudur parean: lagunarteko mitologiarentzat mugarria izan zen hura, deskubritu genuelako Gernika-ren egileak, kubismoaren aita-pontekoak, XX. mendeko artearen Alfak eta Omegak, tipo golfo samarra ere behar zuela izan, irudikatu zituen bakanalak kontuan hartuta.

Jakina den moduan, Bako jainkoari zor diote izena bakanal deituriko festek eta, Tito Liviok kontatzen zuena egia baldin bada –demagun sinetsi nahi diogula, oso fidatzekoa ez dela dioten arren–, Erroma klasikoko moralitatea asaldatu samar zegoen ospakizun horiekin, adin eta jatorri sozial guztietako jendeak nahasten baitziren mozkor-mozkor eginda bost egunez luzatzen ziren orgia neurrigabeetan.

Jai horiek eragiten zuten desordena publikoarekin kezkaturik, debekatu egin zituzten k.a. 186. urtean eta orduz geroztik Erromaren kontra herrigintza asko eta gerrigintza gutxi. Nik uste ziklo politiko berri bat hasteko garaia iritsi dela 2.208 urteren ondoren. Bakoren burua berreskuratu izana seinale bat da. Gerri mugimendu berriak koadro ikonikoren bat beharko balu, Picassorenak hor daude. Grinarik ere ez da faltako, giroan sumatzen den ebatzi-gabeko-tentsio-sexual kopurua kontuan izanda. Burujabe ez garen artean, izan gaitezen behintzat pixka bat buru Bako, zeren bestela burugabe izaten bukatuko dugu. Eta hori ez, Benito, hori ez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA