New Yorkeko pizzak eta Moskuko hanburgesak

Gorka Bereziartua
0
Moskun McDonald’s-en ordez ireki duten hanburgesategi berria.

Batzuek etorkizuna kafearen kondarrei begiratuz igartzen dute eta besteek zabor-janaren prezioari begiratzen diote nazioarteko politikaren eta ekonomiaren galdera handiei erantzuteko. Diferentzia da lehenbizikoei ez diegula kasu putzik egin behar; eta bigarrengoei berriz zeozer gehiago, tontolo-montolo egunkarietan ere lekutxo bat lortzen hasiak baitira. Horri esker jakin dut nik behintzat AEBetan arduratuta dabiltzala bizitzaren garestitzearekin, zergatik eta “New Yorkeko pizzaren printzipioa” puskatu egin delako.

Idatzi gabeko lege baten arabera, Errezil Handian pizza zati batek kosta behar du metroko txartel batek adina: 1980tik kalkulatzen dute bien arteko erlazioa eta nahiko parekatuta egon izan da, azken hilabeteetan pizza puskaren batezbesteko salneurria 3,14 dolarreraino (2,98 euro) igo den arte, metro-txartelak hiru dolarren koska pasa gabe jarraitu arren. Zabor-jana gustu hutsez irensten du jende askok, baina badira, eta ez gutxi, pizza zati geroz eta garestiago horren kalorietara jotzea beste erremediorik ez dutenak egunaren amaierara iritsi ahal izateko.

Pizzaren printzipio ekonomiko horrek badu lehengusu bat: The Economist aldizkari ultra-mega-neoliberalak argitaratzen duen The Big Mac Index, zeinak McDonald’s-en hanburgesa ezagunenaren mundu osoko prezioak konparatuz dibisen truke-balioaz eta herrialde bakoitzeko eros-ahalmenaz modu informalean hitz egiteko balio duen. Errusia ez da agertzen jada indize horretan, McDonald’s-ek maiatzean herrialdea utzi baitzuen, Ukrainakoa ez zitzaielako happy meal bat iruditu preseski.

Ekainaren 12an ireki dituzte haren ordez funtzionatuko duten hanburgesategiak eta algara batzuk sumatu ditut esfera atlantistako hedabideetan, urre koloreko arkuen ordez Moskun ireki duten Vkusno i totxka izeneko hanburgesa-katea imitazio eskas bat dela adierazi nahi balute bezala. Inaugurazioak izan du kapitalismo berantiarraren sintomatikoa den protesta bat ere: “Itzuli Big Mac-ak” zioen kartel batekin agertu da gazte bat eta eszena geratu da espazio-denboran eten bat gertatu izan balitz bezala.

Izan ere, Putinburger berriak salduko dituen lokal horietako batean sartzea unibertso paralelo baterako atea zabaltzea bezala izan daiteke, non historia beste modu batera gertatu zen, Berlingo Harresia erori ondoren hegemonia yankia ez zen erabat nagusitu, ekialdeko blokeko herrialdeetan gai izan ziren berezko kapitalismo-eredu bat garatzeko, beren marka, logotipo eta antzeko txorakeria guztiekin, unibertso honetan jo dugun erreka bera jotzeko: obesitate-arazoak izango dituzten bezero berdinak, berdin jantzita, berdin-berdin eskas geratzen zaizkien soldaten parte bat gastatzen argazkietan beti zaporetsuagoak diruditen hanburgesa koipetsu eta merkeetan.

Baina serio xamar idazten dugun sail honetan, New Yorkeko pizzekin bezala, Moskuko hanburgesekin ere asuntuaren inplikazio sakonek inporta dute. Zabor-jana nahi duzuna izango da, baina McDonald’s-en suzedaneo errusiarra ireki duen enpresak lana emango die bestela zintzilik geratuko ziren hanburgesa-kateko 60.000 enplegatuei. “Izena aldatu da, maitasunak bere horretan dirau”, dio enpresa berriaren esloganak. Hilabetero patrikan billete zimur batzuk sartzeko aukera maitasuna balitz, ez litzateke guztiz gezurretan ariko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA