Marianoren futbolsofia

Gorka Bereziartua
0
Mariano Rajoy futbol-kronista bihurtu da Qatarreko munduko txapelketan.

Badira pertsonaiak, fikziozkoak izan arren, benetakoak diruditenak. Eta bada Mariano Rajoy izeneko gizon bat, benetakoa izan arren, enpeinatzen dena fikziozko pertsonaia balitz bezala agertzen. Moncloa atzean utzi zuenetik fokuetatik aparte samar zebilen, jabetzaren erregistratzaile arrunt bihurtuta. Baina superheroi guztiek mozorrotzen dituzte beren ahalmenak eguneroko lan gris batekin eta, hala ere, denok dakigu hori ez dela euren benetako bokazioa, gizarte justuago baten alde borrokatzeko daude mundu honetan. Rajoyren kasuan berriz, iruditzen zait diferentea dela unibertsoak eman zion misioa: gu dibertitzeko jaio zen. Eta agian bizitzari buruzko lezio inportante batzuk erakusteko (edo agian ez).

Kirol-zutabegile lanetan berragertu da hedabide digital kristau kasik ezezagun batean. Qatarreko gizonezkoen munduko futbol txapelketan Espainiako selekzioak egiten dituenak eta ez dituenak aztertzen ari da eta, aitortzen dut, testu horiekin zeharo engantxatuta nabil –bakoitzak bere tarak ditu, aizue–. A ze bidaia lagunok: bat leitzen hasi, eta hirugarren lerrorako zure garuneko ohiko lokutorea errenditzea lortzen du. Beste ahots batek hartzen du mikroa: Mariano Rajoy hasten da zure buru barruan hizketan, gaztelaniaz inoiz ahoskatu diren ese umelenekin kaskezurreko paretak blaitzen.

47 milioi pertsonaren patua bere eskuetan izan zuen gizon honen psike-an murgiltzeko aukera paregabea ere badira. Tipo korapilatsua izateko fama dauka, baina hiru artikulu irakurrita, niri behintzat nahiko garbi geratu zait M. Rajoyk badakiela zertan ari den: futbolaren aitzakian, modernitatearen krisiari erantzunak bilatzen. Iraganeko ziurtasun ideologiko trinkoak azukre koskorrak bezala desegiten ari diren garaiotan, berak badu mezu bat: “Alemania Alemania da”. Alegia, etengabe aldatzen ari den mundu honetan, oraindik iraunkorrak diren gauzak geratzen zaizkigu; beraz, ez gaitezen nerbiosoegi jarri –garbi geratu ez bada, ideia berretsi du, gainera: “Esan nuen Alemania Alemania zela, eta nire ustez Alemaniak arrazoia eman dit”; eta handik egun batzuetara: “Alemania Alemania da, kanporatu badute ere”–.

Baina, era berean, kontingentziaz beteriko lurretan dabilela badaki Marianok: “Momentuz final-zortzirenetan gaude eta komeni da jakitea non gauden zehazki”. Axaleko irakurketa egiten duenak seinalatu dezake esaldiaren barne-kontraesana –konpetizioaren ze fasetan dauden esan ondoren, zertara dator non dauden zehaztu behar hori?–, baina berriz ere, Rajoyk badauka listomariak harri eta belarri uzteko moduko arrazoi bat patrikan, Espainiaren aurkari posibleak zerrendatu ondoren ebazpen hau egin baitu: “Zein da errazena edo zailena? Auskalo, baina gauzak diren bezala dira”.

Dudaz beteriko etorkizunaren aurrean, ziurtasun ez erabat ziurrak eskaintzen dizkigu pentsalari galiziarrak, Fraga bezala zingulu-zangulu dabiltzanak, baina zutik halere. Eta beti du lagun zeitgeist-aren kontrako jarrera: “Berdin da, baikor izan behar dugu, beste ezer izateak ez duelako ezertxotarako balio”. Gorde ideia hori. Eta baloia kontrarioen zelaian baldin badago, golen bat jasotzeko arriskua txikiagoa dela beti. Askoz gehiago ere ez da behar, antza, bizitza honetan zerbait izateko. Edo agian bai. Nik zer dakit, it’s very difficult todo esto.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA