Bihotzeko hegoak erortzen zaizkit –Bizenta Mogel parafraseatuz–, etorkizunaz pentsatzen hasten naizen bakoitzean. Baina ez da ezagunak zaizkizun eta, ziur aski, zuri ere animoa hondoratzen dizuten makrokausengatik bakarrik. Horien azpian badira mikroetsipenak eragiten dizkizuten fenomenoak ere, egunero-egunero sumatzen dituzunak, azkazalen azpian sartutako orratzak legez.
Uste dut autobus-geltoki batean izan zela nire lehen kontaktua haietako batekin. Gero etorriko zen supermerkatu hartako pasilloan entzun nituenekoa. Eta azkenaldian nonahi daude: parkean, noski; baina baita tabernako komuna libratu bitartean sortu den ilaran; edo liburutegi publikoan. Haiekin topo egiten dudan aldiro, sabaira begiratzen dut, kamera ezkuturen bat ote dagoen edo zer. Gero jabetzen naiz kamera ezkutua erabiltzen duten telebistako programak oso gauza zaharrunoa direla eta beraz, egoera onartzea besterik ez zaidala geratzen: bai, guraso horrek, hemengoa izan arren, bere haurrari ingelesez hitz egiten dio.
Niretzat espezie nahiko ezezaguna direnez, pixka bat sarean trasteatu ondoren bakarrik konturatu naiz gauzaren dimentsioaz. Webgune espezializatuak eta guzti dauzkate, haurrei ingelesez hitz egiten hasteko momentua “zenbat eta lehenago hobe” dela azaltzen dietenak, haurdunalditik bertatik egosten ari den oinordekoari ingelesezko kantak jartzera animatuz.
Pentsatzen dut denetik egongo dela horrelako zerbait egitea erabakitzen duten gurasoen artean. Egongo da asko kostata ingelesez ikasi ostean hurrengo belaunaldiari lana pixka bat erraztu nahiko dionik –autobus geltokikoari horren tankera hartu nion–. Eta egongo da ingelesean, hizkuntza bera baino, bere haurren igogailu soziala ikusiko duenik –parkekoa, dudarik gabe, talde horretakoa zen–. Baina, dena dela, niri weird samarra iruditzen zait, awkward ez esateagatik.
Zeren aber, erabakiak bere ondorio positiboak izan ditzake kreatura txikiarentzat, noski: hamar urte betetzen dituenerako bikoizketarik gabe ikusi ahalko du bazkaritan molesta ez dezan entxufatzen dioten pantailako edozein pelikula. Are gehiago, ingelesa ikasi dezan, gurasoek hitz egin beharko diote haurrari eta hori aurrerapen handia da, dudarik gabe, umeei batere hitz egiten ez dieten gurasoen aldean.
Baina balantzaren beste aldeari ere erreparatu behar zaionez, ez dakit ez ote dagoen joera horren atzean gurasotasuna ulertzeko modu jakin bat, gurasokeria gisa ere definitu daitekeena: umeengan produktu gisa pentsatzea, zeinak ondo tuneatuta utzi behar diren heldu izatera iritsi aurretik, konpetizio sozialean citius, altius, fortius izan daitezen, eta ez auzoko beste edozein mindundiren seme-alabak bezalakoak bakarrik.
Asuntuaren belozidadea ere kontuan hartzekoa da. Ez da horrenbeste denbora pasa –zer dira ba hamaika urte– Constantin Costa-Gavrasek Le Capital filmean banku handi bateko buruzagiaren anbizioak erretratatu zituenetik. Besteak beste, protagonistak “in English!” oihukatzen zion frantsesez erantzuten zion semeari. Orduan goi-goiko klaseen estrabagantzia gisa irudikatzen zena, orain oso jende arruntak egiten du. Aspaldi esplikatua da zergatik, baina errepikatzea ere ez dago soberan: “Garai guztietan klase nagusien ideiak izaten dira ideia nagusiak”. Aipua ingelesez bilatu beharko dut, martxa honetan irakurle batzuek errazago ulertuko dute-eta horrela.
1 Iruzkin
Erabat ados zurekin! Badaude horrelako “gurasoak”!