Itxaropena eta euskal liburuen itzalaldi progresiboa

Gorka Bereziartua
0
Pello Unzurrunzaga (argazkia: Aritz Mutiozabal / Zarautz Guka)

Joan den asteleheneko itzalaldia? Laburregia. Astirik ez konturatzeko elektrizitaterik gabeko mundu batek zeren tankera izan dezakeen benetan. Sistemaren ohiko denborak eten ziren gure alderdi sinpatikoa ateratzeko adina –covidarengatik konfinatuta pasa genuen lehenbiziko asteburu hartako “honen ondoren hobeak izango gara” famatu hartan bezala–, eta ez dugu jakingo zer pasako litzatekeen asuntua luzatuz gero –aurrekariak ezagututa, kanibalismoa ere gertagarria iruditzen zaidan arren–. Eta, hala ere, ni behintzat gauza batekin super satisfos geratu nintzen: horrelako egoeretarako prest daukadan larrialdi-kit partikularrak %100 operatibo jarraitu zuen. Beharbada datozen 40 urteak pasatzeko adina material daukat pilatuta, erositakoen eta, batez ere, debalde edo ia debalde lortutakoen artean. Eta orain badakit ez didatela hutsik egingo.

Aspaldi asmatutako gailu batzuk dira, etxean daukadan zaharrenak izango ditu pare bat mende. Oinarri-oinarrizko premia bati erantzuten diote, berehala jartzen dira martxan, argindarrik ez dagoenean ere funtzionatzen dute, ez dituzu piztu behar. Denbora –dezente– eta eguzki-argia –pixka bat– aski dituzu haiek erabiltzeko. Hurrengo apokalipsi simulakroa eklipse luze samar bat ez den bitartean, dena ondo, beraz. “Non daude orain liburu hauek guztiak pilatzen ari nintzelako erotzat hartu nindutenak? E? Non daude?”, oihu egin nuen, besoak zabalik, etxe hutseko sabaiari begira –ados, beharbada badaukate arrazoiren bat ni erotzat hartzeko; baina ez da bibliofiliaren kontrako arrazoi hori–.

Liburu-prepper gisa armairutik ateratzea erabaki badut, ez da jendea animatu nahi dudalako gauza bera egitera: bakoitza bere martzianoak bizi du eta horren arabera akumulatzen ditu gauzak etxean kopuru absurduki handietan “badaezpada”. Hau dena idazten ari naiz, nagusiki, ikusten dudalako oso zentratuta gabiltzala krisi energetiko eta konklabe vatikandarrekin, eta agian oharkabean pasa zaigu azken mende honetan euskal liburugintzak jasan duen itzalaldirik handienari bizirauteko gai izan zen inprimategi-argitaldariak agur esan berri duela: Zarauzko Itxaropenak ateak itxi ditu 93 urteren ondoren. “Beste garai ilunago batzuek lortu ez zutena, baina, gaur egungo testuinguruak lortu du azkenean”, esan zion enpresako buru Pello Unzurrunzagak pasa den larunbatean Berria-ri.

Artikuluari geratzen zaizkion beste 1.000 karaktereak pasa ahalko nituzke aipatzen urteotan Itxaropenak publikatu –edo Itxaropenan inprimatu– diren lanak. Oso zerrenda injustua izango litzateke, ziur gauza inportanteegiak geratuko liratekeela kanpoan. Kontua, gainera, ez da lantua jotzea desagertu den proiektu historiko batengatik, panorama orokorrari begiratzea baizik: aspaldidanik entzuten da euskarazko liburuak geroz eta gutxiago saltzen direla. Zerbait sakonki aldatzen hasteko modukoa izan behar luke, bere horretan. Eta aldatu beharreko lehenbiziko gauza liburuari gure kulturan leku zentrala emango liokeen politika publiko berriren bat den arren, iruditzen zait administrazioari eta sektore editorialari itxoiten egon gabe, gure buruari ere galdetu diezaiokegula zer balio ematen diogun euskal literaturari. Inpresioa baitaukat azken urteetan halako pasotismo bat orokortu dela; Pierre Bourdieuren hitzetan esateko, euskarazko liburuaren kapital sinbolikoa izugarri debaluatuta agertzen zaigula une honetan –eta hori guk ere egin dugula, egiten dugula–.

Itzalaldi puntualek baino, beldur handiagoa ematen didate horrelako itzalaldi progresiboek. Ba ote dauzka norbaitek linterna pizteko pilak?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA