Anfibioa

Gorka Bereziartua
0

Krak. Oinaren azpian. Kaka zaharra, oheratzean betaurrekoak nonahi uzteko ohitura puta hori. Eta orain hautsita. Jantzi zituen, hala ere. Kristalak txikimila puska eginda. Ez zeukan besterik. Eta horiek gabe, mundua koloretako lanbro deszifraezina bihurtu zen berarentzat. Eskuekin etxeko paretak haztatzen egin zuen aurrera, itsumandoka. Hirutan egin zuen estropezu. Pasilloko lurrean eserita, irtenbideren batean pentsatzen hasi zen. Lagunen bati edo lankideren bati dei ziezaiokeen, baina, klaro, pentsatzen hasita, ez zuen ezagutzen hainbeste dioptriadun antiojoak edukiko zituen inor. Eta gainera: nola ostia deituko zion inori, horretarako aurrena telefonoa aurkitu behar bazuen, piztu, PINa sartu eta kontaktuetan izena bilatu, hori guztia begirada hodeitsu harekin. Deskartatuta.

Orduan gogoratu zen. Bazeuzkan beste betaurreko graduatu batzuk etxean. Ez zen oso irtenbide ortodoxoa, baina gutxienez egoera salbatuko zuen. Gelara itzuli zen etxeko iskina guztien kontra txokatzen; kiroldegiko gauzen artean haztamuka ari zela sumatu zituen, hor zeuden, Speedo markako igerilari-betaurrekoak, bera bezalako übermiopeentzat prestatuak. Oparitu egin zizkioten, ez zituen inoiz erabili; piszinako uretan latexezko txanoarekin txipli-txapla, barregarri sentitzen zen. Orain aldiz, ah, hura lasaitua: etxeak, ertz mehatxagarriz eta tranpaz jositako lekua izateari utzi zion, itzuli ziren silueta definituak, denak zeukan berriz ere betiko itxura. Berak izan ezik.

Ispilu aurrean: a ze piura. Enfin, farmaziaraino bakarrik joan behar zuen horrela, han lortuko zituen urgentziazko betaurreko-betaurreko batzuk. Eta gero optikara, miope profesionalentzakoak enkargatzera. Graziosoa izango zen. Agian komikoa ere bai. Anekdota bat, norbaiti noizbait kontatzeko modukoa –nori, ordea? Noiz?–.

Atera zen, beraz, igerileku urbanora. Jendea begira geratzen zitzaion, noski. Irribarrez, bai. Baina irribarre urduriz; izerdi hotz batekin egiten den irribarre hori. Bost axola, ez zuen jende askorik ezagutzen; horretarako joan zen hirira, ezta? Anonimotasuna: askatasuna. Nahi duzun bezala jantzi, nahi duzun lekura joan, nahi duzun dendan erosi, nahi duzunarekin oheratu, herriko konbentzio sozial txatxuetatik libre. Gero, egia esan, “nahi” guztiak “ahal”-engatik kanbiatu behar izan zituen. Eta, horixe, bazihoan, ahalik eta ibilera duinena mantenduz, piszinako betaurreko graduatuek bidea argitzen ziotela, farmaziarantz.

“Ba zazpi dioptriakorik ez daukagu. Auskalo noiz ekarriko dituzten gainera, Ormuzko itsasartetik gauza asko garraiatzen dituzte eta badakizu, azkenaldian, Ekialde Hurbila nola dagoen ikusita…”. Joder, geopolitika-lezioak hemen ere, hori besterik ez zuen falta. Esku hutsik atera zen, bere burua madarikatuz betaurrekoak puskatu zituelako, ez zituelako bere gauzak zaintzen, desastre hutsa zelako, bakarrik eta miserableki hilko zelako, inork ez baitzuen berarekin egon nahi. Nola gerturatuko zitzaion ba inor, norengana eta mundu osoan igerilekuko betaurrekoak jantzita kalera atera zen pertsona bakarrarengana?

Klak. Burutik pasa zitzaion ideia hura, bat-bateko distira, dena aldatuko zuen galdera: eta bakarra ez balitz? Telefonoan bila hasi zen etxera bidean. Berehala iritsi zen Miope Anfibioen Mugimenduaren forora. Pilula gorria: hain identifikatuta sentitu zen planeta osoko jendeak web horretan kontatzen zituen bizipenekin –begirada arraroak, burlak, jazarpena, bakardadea…–, ezen pentsatu baitzuen bizi osoan barru-barruan sentitu zuen zerbaiti hitzak jar ziezazkiokeela azkenik.

Ondoren gertatu zena ezagunagoa da: podcastak, topaketak, manifestazioak… Ezkerraren eta eskuinaren arteko zatiketa tradizionala gaindituz betaurrekoak auzi sozial guztien erdigunean jarri dituen iraultzak panorama politikoa hankaz gora jarri du dagoeneko. Eta berak ez dio utzi igerilekuko betaurrekoak janzteari: gauzak desberdin ikusi daitezkeela ikasi du haiei esker.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA