Egia aitortzeko, Jon Manteca baino hankamotzago ibiltzearen sentsazioa geratu zitzaidan joan den asteko Venezuelaren degringolatzeari buruzko artikulua bukatzean, izan ere, Maria Corina Machado aipatu nuen, bai, baina bigarren mailako aktore baten antzera, kontu ustez inportanteagoen artean nahasita. A ze desplantea. Dudarik gabe hori baino gehiago merezi zuen gure aldetik 2025eko Bakearen Nobel saridunak.
Zorionez, asko itxaron gabe daukat berriz hari buruz hitz egiteko beta, joan den astean Washingtongo Etxe Zurian izan baita, norbaiten ezkongaia zarela publikoki iragartzeko oso aproposa litzatekeen outfit batekin eta besapean opari bat zeramala, Donaldoren tranpaldoan esku hutsik ez agertzeagatik edo, batek daki, enperadorearen zaldirik onena bera dela oso fuerte aldarrikatu nahi duelako: duela hiruzpalau hilabete Norvegiako akademiak solemnitate osoz eman zion saria erregalatu dio. Noiz bukatzen dira Eguberriak?
Ez pentsa, lehenago gertatu izan dira horrelakoak –ez galdu hurrengo paragrafoa–, baina horretan sartu aurretik, mesedez, begiratu argazkiari. Eta begiratu, irudiaren atzean gertatzen ari den guztiaz ahaztuta, huts-hutsean, Donaldcorina Out of Context. Begiratu jarrerei, irribarreei; ondorioztatu, irudiko informazio gestualetik abiatuta, bakoitzaren adin mentalak: izan zitekeen DBHko ikasleentzat antolatutako ipuin-lehiaketaren sariak banatzeko ekitaldia, zeinera joateko batere gogorik ez zeukan andereño Maria Corinak, irribarre fortzatu samarrari jaramon eginez gero. Baina badaki tokatzen zaiola, nahiz eta buruhauste handiak eman dizkion kurtso honetan ikasle ilehori larrularanja psikobasiko xamar horrek, zeinak batzuetan bere onetik ere atera izan duen espero ez zituen gauzak esanez. Ñabardura gutxiago Donald John saridunaren aurpegian: poz-pozik dirudi, ikasle problematiko zentzakaitz ahobero bat bakarrik egon litekeen bezala, lortu duelako, azkenean, hainbeste desiratzen zuen aitortza-mota. “Onena haiz, Donald”, esan diote eta bereganatu du guzti-guztien arreta zeina, dudarik gabe, txikitatik falta izan zaion etxean; eta haren gurasoek pentsatu zuten hutsune emozionala bete zitekeela diruz, baina ez dago zulo hori bete dezakeen billete-fardorik, aseezina da, beti jan eta beti gose. Hortik Donald John 79 urteko nerabearen portaera ez-adaptatibo guztiak. Den-dena argazkian dago, pixka bat fijatuz gero.
A, bai, aurrekariak. Tira, ba Machado saiatu da AEBetako presidentearen aurrean egindako azken genuflexio hau erretorikarekin eta historiarekin ponposten: “Duela 200 urte, La Fayette jeneralak George Washingtonen aurpegia zuen domina eman zion Simon Bolivarri. Geroztik, Bolivarrek bizi osoan gorde zuen domina hura… Justu 200 urteren ondoren, Bolivarren jendeak domina itzuli dio Washingtonen oinordekoari, kasu honetan Bakearen Nobel sariaren domina, gure askatasunaren aldeko konpromiso paregabea aitortzeko” –ai, ez naiz emozioz negarrez ari, benetan; zerbait sartu zait begian, besterik ez–. Kontua da, Washington-Bolivar guztiak gorabehera, Eskandinavia alde horretan moskeatu samar daudela Nobel saria ematen dutenak eta prentsa-ohar batean esplikatu dute 1) domina edozeini oparituta ere, sariduna beraiek esandakoa dela eta ez beste inor; eta 2) aurretik ere oparitu izan duela jendeak Nobela, adibidez Knut Hamsun idazleak, zeinak berea bidali baitzion 1943an, Alemanian primeran pasa ondoren eskerrak emateko, Joseph Goebbels propaganda ministro naziari.
Horrek pentsarazi dit Machadok aukera ona galdu duela, erregaloa ematean Trump are hitz garestiagoekin ferekatzeko: “Nazio guztientzako justiziaren ebanjelioaren profeta” dei ziezaiokeen, adibidez, Hamsunek Hitlerri buruz idatzi zuenean bezala. Aukera hor geratzen da Josu Jon Im… zera, beste edozeinentzat.