Boligrafo Gorria
Ezetz astea ondo bukatu
by Gorka Bereziartua
  • Ezetz astea ondo bukatu

Neandertalak

Gorka Bereziartua
2026-03-02
1

Ez dakit zuei ere pasatzen zaizuen: nazioartetik eta gure inguruetatik jai eta aste erortzen zaizkigun notizi-misilak ikusita, beste mota bateko albisteak irakurtzeko gogoa sartzen zait geroz eta gehiagotan. Batetik, bonbardaketa mediatikoak zer kontatzen duen dago. Baina bestetik, abiadura ere bada problema: atzo gauerdikoa irensten du gaur goizekoak, azken hori gaur eguerdikoak ahoa zabal-zabal eginda irensten duen arte. Bi ordu baino gutxiagoan txandakatzen diren gai super-inportanteen erritmo frenetiko honekin, errazena ezertaz ez enteratzea da.

Beste denbora-eskala bat eskainiko zidan zerbaiten bila sartu nintzen, beraz, Elhuyarren Zientzia.eus atarian. Delorean batean 50.000 urte atzera bidaiatzea bezala izan da, aizue: Egoitz Etxebeste Adurizek idatzitako albiste bati esker jakin dut gizakien eta neandertalen arteko harremanaren inguruko kontu bat, irudimena disparatu didana. Izan ere, albisteak dio bi espezieek elkarrekin topo egin zutenean, haien arteko hibridazioa nagusiki neandertal arren eta sapiens emeen artean gertatu zela.

Orain imajinatu eszena: larunbat gaua da Dimako Axlor kobazuloan, ontziak goraino beteta daude hartzitutako sagarren zukuz eta iritsi berri da gaueko izarra, azken aldian denen ahotan dabilen xaman hori, bere hezurrezko txirula eta guzti, Zigoitiako Arrillorretik zuzen-zuzenean. Parranda basatia izaten ari da, suaren inguruan ero moduan dabiltza denak, baina trantze kolektibo horren erdian, ai, sentimenduak: sapiens ar bat liluratuta dago, txoria baino arinago dantzan ikusten duen beste sapiens eme bati begira.

Lotsa ematen ordea. Ez asmatzen harengana nola hurbildu. Buruari buelta asko eman ondoren, historiaurrean ligatzen hasteko gehien erabiltzen zen esaldia bururatu zaiolarik –“ei, aupa; ehiztaria ala fruitu-biltzailea?”–, gertatuko da hurrengo milaka urteetan etenik gabe errepikatuko den gauza bat: haitzuloan neandertal kuadrilla bat sartuko dela. “Bisonte-kaka!”, esango du sapiens arrak, ikusiko duenean, oreinak ihes egiten tardatzen duena baino denbora gutxiagoan, han doala bere bihotzeko sapiens neska neandertal crossfitero batekin basoko txoko ezkuturen batera zingulu-zangulu egitera, bera bi zehabete sudur utzita.

Kontua da ez gaudela XIX. mendean, maitasun erromantikoa baino gauza are agresiboago bat dago modan garai hartan; eta tipoa, bere arranguran, zera kantatzen hasten da: “Triste bizi naiz eta, hilko banu hobe”. Abestiak arrakasta dauka, ez nolanahikoa gainera: sua berehala zabaltzen da sapiensen kobazulo guztietara, ez bat eta ez bi, beste gizaki ar askori ere gauza bera pasa baitzaie azkenaldian kobazuloetako rave-etan. Eta, badakigu, gutxiagotasun konplexua daukaten sapiens heterosexualak baino gauza peligrosoagorik, mundu honetan, gutxi. Make Sapiens Great Again lemapean, teknologia militarrean inbertituko dute –nik zer dakit, harri zorrotzagoak edo horrelako zerbait–; asuntua, noski, oso gaizki bukatuko da. Konkretuki, neandertal guztiak banaka-banaka hilko dituzte.

Gero, paraje hauetan geratuko diren guztiak sapienstegi eta sapiensetxea abizenekoak izango direnean, egin duten astakeriaz jabetzen hasiko dira pixkanaka. Errudun sentituko dira, nola ez. Baina ezin kontatuko diete beren sapienskumeei espezie oso bat garbitu zutela, zergatik eta ez zirelako gai izan beren small dick energy-a kontrolatzeko, ezta? Hortaz, ipuinak asmatuko dituzte: lehen bazirela izaki erraldoi iletsu batzuk eta harri handiak botatzen zituztela eta gertakari fantastiko baten ondoren desagertu zirela mapatik… eta, ezin dut, aizue: jentilei buruzko mitoak neandertalen genozidioa ezkutatzeko asmatu zirela baieztatzen bukatu aurretik, edozein motatako albiste irakurtzeari utziko diot martxa honetan.

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

1 Iruzkin
    Patxi (e)k dio: Erantzun
    2026-03-02, 23:11

    Asko eragin didate erritmo frenetiko hau. Gaur 75 neska hil dituzte. Bihar gehiago. Baina garrantzitsuena gure interesak defendatzea da. Gureak?
    Beste gauzak irakurtzeko edo entzuteko bilatzen ditut. Eguneroko basakeria jasanezina egiten zait.
    Eta neskato horien gurasoek nola jasaten dute?

    Eta zuen etxeetan zaudetenak erabakiak hartzen ondo egiten du lo?
    Non dago maitasuna, non musika, non dago edertasuna?
    Noiz erabaki dugu bide hau?
    Hauteskundeetan?
    Edo neanderthalen garaitik gara horrelakoak eta ezin gara aldatu?
    Agian geratzen zaigun neandertal zati horrek egiten gaitu eramanezin batzuk albistegiak entzutera. Agian egunen batean nagusituko da eta edertasuna bilatuko dugu, maitasuna bakea. Oraintxe bertan eldarnioa dirudi. Gure interesak? Zein dira?

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Harridura eta kezka2026-02-23
Aukera berriak2026-03-09
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA