Trump eta Netanyahu Ekialde Hurbilean antolatzen ari diren txandrioari buruzko informazio asko irakurri dugu azken asteetan, baina irudipena daukat, beste behin ere, hedabideetan eta sareetan ez direla ari kontatzen benetan inporta duenari buruzko ezer. Bigarren aldia da jada: covidaren ondoren lezioa ikasia eduki behar genuen, baina keba, krisi planetario berri bat mahai gainean daukagu eta, hor ari dira, bateko diplomazia, besteko hildakoen kopurua, gaur droneei buruzko albisteak eta bihar Ormuzko itsasartearen blokeoa. Eta bitartean, erantzun gabe dago galdera fundamentala, guztiok arduratzen gaituena, herri honen biziraupenerako funtsezkoa dena: nola eragingo dio III. Mundu Gerrak ostalaritzaren sektoreari?
Egia esan, harritu nau tabernarien patronal sufrituak hartutako jarrerak ere: isil-isilik daude kaia barrenian, oraingoz ez dut ikusi Diputazio aurrean ilaran jarri direnik gerrak sektoreari eragingo dizkion kalteengatik diru-laguntza estrak eskatzeko. Beharbada ez dute Excel taula nahikoa mailukatu zifra zehatz bat edukitzeko, ez baitu erraza izan behar jakitea zenbat pintxo gutxiago salduko diren persiar golkoaren aire-espazioa itxita dagoen bitartean, baina, edozein kasutan, drama muturren aurrean lehertzear eduki dezakegu, hau irakurtzen ari zaren bitartean Asia aldetik etortzekoak ziren turistak bata bestearen atzetik ariko direlako beren hegaldiak bertan behera uzten, Dohan, Abu Dabin edo Dubain eskala egin ezinik Basque Country foodie paradise honetan lur hartzeko.
Hotelak hutsik, kontatu gabe geratuko diren free-tourretako milonga historikoak, zerbitzatuko ez diren gastro-esperientziak. Desastrea hoberen ilustratuko duen irudia, dena den, txahal-azpizun eta foiezko platertxoek eskainiko dute, zeintzuek egun osoa barran aspertuta pasako duten eta, usteldu eta zaborretara bota baino lehen, tuper batean eramango dituen etxera zerbitzari hegoamerikarrak, batere plusbaliorik produzitu gabe.
Onartezina da, bide batez, testuinguru honetan gure erakundeek hartu duten jarrera. Makina-erremintaren sektoreari erabateko babesa adierazten ikusi ditugu, herri honek hain momentu historikoan munduari eskaintzeko daukana, bere espiritua, bere arima, fresagailu bat izango balitz bezala, denok jakin arren euskal herritar izatearen esperientzia konpartituena harridura mota oso partikular bat dela, gure-gurea, larunbat eguerdian eskatutako txibi platertxoa zazpi eurotik gora kobratu digutela konturatzen garenean. Nazio ez dakit, baina razio bat bagara, joder. Eta hala ere, “badirudi politikoentzat lehen mailako herritarrak daudela eta gainontzeko guztiak bigarren mailakoak garela” esanez kexatuko da kamareroak hamabi orduz lanean eta beltzean kobratzen dauzkan tabernaria.
Edo ez. Ez, definitiboki ez. Momentuz behintzat ez da kexatu. Zergatik ez da kexatzen? Ostalariak mutu daudela ikusita arduratuta nenbilen, gutxi gorabehera Clarice Starling arkumeen isiltasunarekin arduratu zen modu berean, Hannibal Lecterrek pastela esplikatu zion arte. Niri berriz, prentsan ikusitako gauza batzuek argitu didate asuntua: antza denez, Iranen aurkako erasoaren albo-efektuetako bat Egiptora eta Turkiara bidaiak gutxitzea izaten ari da, garrantzitsuak baitira piramideak eta buru soilak ilez birpopulatzeko terapiak, baina garrantzitsuagoa oraindik bidaiatik zerraldo ez bueltatzea. Eta norabait joan beharko dute turista koitadu horiek, noski; adibidez, “gerrari ez” esan dion herrialde batera.
Panorama ikusita, zintzurra larrutu arte ETSren Aukera berriak kantatzen imajinatu dut momentu batez euskal ostalarien politbureau osoa. Inoiz ez da jakiten nondik atera daitekeen etekina mundua pikutara doan bitartean.