Hondarribia izenez ezagunagoa den Gipuzkoako korner hau ez da herri koxkor bat besterik, baina batzuetan nahikoa da eskailera mekanikoetan beheiti joatea –“metroa hartzea”, esaten dut umorez nagoen egunetan–, eta Kai Zaharrean antolatu duten saltsari erreparatzea, konturatzeko mundu bat dela bere txikian. Herriak itsasoarekin daukan loturan ainguratutako festibal bat izan baitugu joan den astean eta, bueno, betikoa –ez bilatu hitzari bigarren zentzurik–: marmitako, parrillada, elektrotxaranga, barku telegidatuen erakustaldi, dokumental, hitzaldi, trikitilari, erraldoi. Baina ez, ez, hemen bada zeozer diferentea: Benta ondoko hondartzan borrokan ari dira, epaile eta guzti. Publikoa adi-adi begira, jai giroa.
Programan zegoela abisatu dit kontu hauek nik baino arreta handiagoz jarraitzen dituen batek: “Borroka senegaldarraren emanaldia”. Klaro, itsasoan norbaitek egiten baitu lan orain ere eta azken hamarkadetan ez dira gutxi Senegaldik etorritako arrantzaleak. Herria zorretan zegoen haiekin. Herriak zor zion, era berean, bere buruari istorio osatuago bat kontatzea, gaur egungo auzokideak nor diren esango diona, nondik etorri diren, zer ekarri diguten. Eta batez ere: zer gauza berri ikasi dezakegun konposizio sozial honi esker.
Beraz, ikusten ari nintzen erakustaldian parte hartzen ari ziren gizaseme indartsuak, elkarri nondik helduko, beren indar guztiekin arerioari bizepsetik, trizepsetik, koadrizepsetik tiraka eta bultzaka, bata eta bestea kontrarioa lurrera botatzeko eginahaletan. Eta, halako batean, tentsioz eta gihar tenkatuz beteriko koreografia lotua hautsi egin zen, mbër-etako batek lortu zuelako, azkenean, bestea mendean hartu eta hondarretara botatzea. Rollo txarrik gabe, portzierto: garaileak eta hondarrezko kroketa eginda bukatu zuen borrokalariak irribarretsu eta lagunkoi eman zioten eskua elkarri.
Tradizio luze eta aberatsa du borroka senegaldarrak. Alde batetik da kirola, araudi zorrotz eta konplexua daukana eta jarduera profesional izatera aspaldi pasa zena, herrialdean fenomeno sozial garrantzitsu bilakatzeraino –horren keria guztiak barne–. Baina, bestetik, ñabarduraz beteriko ondare kultural baten erakusgarri ere bada, denetik daukana: kantua eta dantza integratzen ditu, gazteen iniziazio-erritua da eta, beste gauza askoren artean, komunitate barruko gatazkak ebazteko ere erabili izan da. Ahoz transmititutako borroka senegaldarraren historien arabera, antzinako erregeen arteko liskarrak konpontzeko funtzioa ere bazuen.
“Aiba”, esan diot nire buruari kontu horiek irakurtzen ari naizela, “ba hori oso interesgarria da”. Izan ere, gizonak beren tradizioarekin hain modu problematikoan erlazionatzen diren herri batean, beharbada borroka senegaldarrean oinarritutako tradizio berri bat sortzea da irtenbidea: Alardea baino egun batzuk lehenago antolatu lehiaketatxo bat, apuntatu daitezela bizilagunekin ezinikusiren bat daukaten hondarribiar guztiak eta garbitu ditzatela trapu zaharrak behar den lekuan, hondarretan. Eta bukatzean elkarri eskua eman, arerioa ez baita etsaia. Irabazleak urte osoan kontatzeko moduko azaña edukiko du eta galtzaileak ere sari bat jasoko du, gauzak horrela egiteagatik, ez betiko moduan –orain bai, hitzak bigarren zentzua dauka–.
Pentsa nolako aldaketa izango den: irailaren 8rako tentsio guztiak deseginda geratuko dira, denak lasai-lasai, elkarren ondoan desfilatzeko batere problemarik gabe, behingoz konturatuko direlako hobe dela tradizioz borrokatzea, tradizioarekin borrokatzea baino.