Potentzia handien pare

Gorka Bereziartua
0

Nik, benetan, harrituta nagoela esan nahi nuke. Ez nuela espero. Salbuespena izan dela. Egun batzuetan, auskalo zergatik, dena kakazten dela. Pentsatu nahi nuke ikusi ditugun irudiak ez direla batere ohikoak. Pertsona hori izan nahi nuke: joan den larunbatean Loiuko aireportura iritsi ziren Palestinaren aldeko ekintzaileei emandako jipoiaren bideoak ikusi eta Ertzaintzari buruz neukan iritzia txarrerako aldatu zaion norbait, egoera berbera ertzainik gabe imajinatzen; eta konturatzen, harridura deseroso batekin, ertzainik agertu izan ez balitz, batere istilurik ez zela izango.

“Ertzainak etorri izan ez balira”, horixe.

“Ertzainak etorri izan ez balira eta anbulantzian sartu izan balute, Astigarragako udaltzainek nahi zuten bezala, Eneko orain bizirik legoke”. 2024ko otsailaren 2a zen: Eneko Valdések krisi bat izan zuen, beldurtuta zegoen, eldarnioak zeuzkan, tiro egin nahi zion jendea ikusten ari zen. Bere onetik aterata zegoela ikusita, bizilagunek poliziari hots egin zioten. Udaltzainak iritsi ziren, ulertu zuten egoera zein zen, jarri ziren Valdésen eta erasotzaile imajinarioen artean, esan zioten babestuko zutela. Gauzak bere onera etortzen ari zirenean agertu ziren ertzainak. Handik 40 minutura Valdés hilda zegoen. Gorpua alde guztietan zegoen ubeldua, besoan eta buruan bereziki.

Hamar egun geroago, Xuhar Pazos gazte billabonatarra Tolosan zegoen. Inauteriak, kaleak jendez gainezka. Halako batean inguruko guztiak korrika hasi ziren, karga polizialetatik ihesean. Ez zen konturatu zer gertatzen ari zen ere, baina beste denek bezala korri egin zuen, eale estu batean sartu. Ertzaintzak tirokatutako foam bala batek jo zion. Eskuineko begiko ikusmena galdu zuen.

Hurrengo hilean, Amaya Zabarte sarrera batzuk deskargatu nahian ari zen Anoeta estadioaren inguruan, Realak PSGren kontra jokatu behar zuen Championseko partidua ikusteko. Telefonoko estaldurarik gabe zegoen baina, gainontzean, lasai. Besterik gabe ari zen jende guztia Errondo pasealekua gurutzatzen futbol zelairantz, ertzain pila bat agertu zen arte. Haiek ikusita, Zabarte Euskotrenen geltokirantz baztertzen saiatu zen, baina foam bala baten tiroa jaso zuen buruan; altxa eta berriz ere babesera joaten hasi zenean, agente batek ostikatu zuen.

Aldizkari osoa bete ahalko litzateke tankerako kasuekin –eta azken urteetan hedabideetan agertu direnez bakarrik ari naiz–. Orduan, harritu? Negu Gorriak parafraseatuz, “jada ez nau ezerk harritzen” EAEko polizia agertzen denean, gidoia behin eta berriz errepikatzen baita. Zer esanik ez parean tokatzen zaiena, kasu honetan bezala, “zerbait” egindakoa bada. Politika eraldatzailearen usaina daukan kasuetan, Arkautiko larreetan hazitako aziendek badakite borra librea dutela: inpunitatea eta opakotasuna %100 ziurtatu diete urtetan eta larunbateko irudi lotsagarrien ondoren, hurrengo pantailara pasatzen saiatzeko unea izango da, “ikerketa abian da” edo “potrokoloak errebisatuko ditugu” esanda.

Bitartean, ertzainak BMW berrietan paseatzen ikusiko ditugu, ardailaka ibili ondoren lorturiko lan-hitzarmenaren abantailez gozatzen. Inoiz baino gehiago izango dira datorren urtean: 8.000 agente.

Egia esan, Jaurlaritzak sektore estrategiko horretan hain inbertsio handiak egin ondoren, emaitzak agertzen hastea denbora kontua zen. Loiuko aireportuko eszenari esker, azkenik, mundu osoari argi geratu zaio ez garela atzean geratzen ari: herri txikia izan arren, potentzia handienen ligan jokatzen du Euskadik justizia eskatzen duen edozein jipoitzeari dagokionez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA