Krakovian eskuin muturreko ideiak eta AR-15 fusil bat zeuzkan gazte batek bum-bum-bum sei lagun akabatu ditu kalearen erdian pasa den asteburuan; hegaldi pila batek bonba-abisu antifeministak jaso dituzte Europa osoko aire-espazioa dantzan jarriz; supermerkatuetako hozkailuen aurkako ziber-eraso arraro-arraroak jasan dituzte kontinente zaharreko hainbat herrialdetan, etor daitezkeen operazio hibrido gogorragoen aurrerakin. Horrek denak pentsarazi dit garai nahasiak pasa zirela. Garai turbo-irabiatuetan bizi gara orain. Eta konplexutasunez beteriko testuinguru horren erdian, poliziak erabaki du atxilotuko dituela… jertse beltz kaputxadunez jantzitako gazteak. Ehunka izan dira Italian urri amaieratik, asuntu guztiz desproportzionatua inondik ere, Matteo Renzi bera –Florentziako Macron, alegia– espantuka jartzerainokoa.
Hemen ez dugu iradoki nahi, noski, arrisku publikoen ebaluazioari dagokionez herrialde guztietako flicpolicop funtzionarioek joera oso-oso, baina oso-oso-oso antzekoa dutenik. Ezta beraien [uiba, ideologia jarri behar nuen], zera, beraien kosmobisioa partekatu dezakeen edozein hiltzaile potentzial radarretik kanpo geratzen zaienik ere, ezer txarrik egin ez duen jendea bakean uzten ez duten bitartean. Argi geratu behar da hau: ez dugu esaten eskuin muturreko terrorismoaren aurrean beste aldera begiratzen dutenik, ez dutenik ikusten, ezta sudur parean agertzen bazaie ere, kamuflajez jantzita eta kaskamotzaren gainean V16 baliza bat jarrita. Inondik inora ez dugu aditzera eman nahi horrelako tesitura batean ere, sarraski bat eragiteko zorian dagoen Anders Breivik berriak copflicpoli funtzionarioentzat jarraituko lukeenik izaten gimnasioan beti agurtzen dituen tipo hori, “pixka bat putoloko, baina jatorra”; eta aldiz zuk, txandal horrekin, pertsona arriskutsua dirudizula beraien begietan.
Kontua zera da: Blocus markapean han-hemenka deitutako istilu programatuetan –Bismillah, ilunpea da–, esplizituki eskatu zitzaiola jendeari jertse kaputxadun beltzarekin joateko. Eta, klaro, aber orain nola desberdintzen dituzten poliflicop funtzionarioek manifestazioko pertsona normalak eta komertzioak arpilatzeko asmoz dabiltzanak. Eskerrak ordena serio hartzen duen gobernu bat gutxienez badagoen Europan, uniformedun matrakistei arazo hori gainetik kentzeko: Giorgia Melonik aukera eman die atxiloketa prebentiboak egiteko, baita adin txikikoen kasuan ere; eta 24 orduz giltzapean eduki dezakete edozein, baldin eta manifestazioen ondoren istiluak eragiteko intentzioak dauzkala ematen badu. Beste era batera esateko, Italiako gobernu neofaxistak legez baimendu du leku guztietako polizia demokratikoak baimen hori gabe ere ofizioz egiten duen zerbait: jendea itxurarengatik jazarri; profil zehatz batzuetan kokatzen dituztenak susmagarri bihurtu a priori.
Baina berez, ez da ipurdiz gora jarri ezin den zerbait, nik uste. Nahikoa da manifestaziora joatea folloirik eragiteko asmorik ez daukazula argi uzten duen dress code batekin. Guztion segurtasuna bermatzen duten agenteek gainbegiratuko zaituzte –literalki Fashion Police bilakatuta– eta malinkuente piurarik ez baduzu, hau da, kufiya etxean utzi eta jertse beltz kaputxadunaren ordez blazer kaki bat hartu baduzu, salbu zaude. Presta itzazu, beraz, zure galtza beix plantxatu berriak, ondo puztu fatxalekoa –ze, traste horiek puztu egiten dira, ezta?–, lotu behar bezala zapata nautikoak eta zoaz lasai ederrean Voxeko Frigodedo bezala jantzita zure lagunekin batera egoera sozial tamalgarri honen kontra protesta egitera. Agian, agian, joera orokortzen bada, orain manifestarien estetika hori dela konturatu, eta pijoz jantzitako jendea identifikatzen eta prebentiboki atxilotzen hasiko da polizia. Oso injustua litzateke ezer txarrik egin ez duten Borjamari guztientzat, noski. Hemendik ez genuke inondik inora babestuko.