Autopsiarako froga gehiago: tabako arrastoak euskal kulturaren biriketan

Gorka Bereziartua
3

Zenbat zigarro bil daitezke 70 milioirekin?

Koldo Izagirrek autopsia egin berri dio euskarari eta artseniko arrastoak aurkitu ditu. Ez naiz gorpuak gehiegi zitzikatu zalea, baina bigarrenez bisturia sar dezatela eskatuko nuke, biriketan gutxienez, ea tabakoaren keak eragindako minbizia ere ikusten den. 70 milioi euro hartu, bosteko billetetan banatu eta bai baitago nahiko paper zigarro batzuk biltzeko. Mordoxka bat. Horiek guztiak erreta, metastasia seguru.

Ez da klaroegi geratzen ari zertaz ari naizen. Tabakaleraz ari naiz. Tabako fabrika izandako Donostiako edifizioan egin nahi duten Kultura Garaikideko Nazioarteko Guneaz. Asteon jakin dugu aurrekontua murriztuta jarraituko duela aurrera proiektuak. Bost milioi gutxiago. Horrela esanda sakona dirudi ebakiak eta segun eta nori sartzen zaion halako puñala, hil ere egin dezake. Baina azal lodia du Tabakalerak eta ez dut uste esparatrapu pixka batekin sendatuko ez den kalterik eragingo zionik, ezta proiektua kolokan dagoenik ere, ekonomikoki behintzat. Lehen 75 milioiko aurrekontua zeukan, orain 70ekoa. Portzentajetan jarriz gero, %6,6ko jaitsiera da. Konparazio bat egiteko: lan egiten dudan aldizkariak, ARGIAk, aurten %63ko jaitsiera sufritu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren partetik.
Gutxi daukanari asko kendu eta asko daukanari berriz, gutxi. Printzipio horrek gidatzen ditu, antza, kulturako diru-laguntzen politikak gure erakundeetan.
Eta “gutxi daukana” diodanean ez naiz pobre generiko batzuei buruz ari. Euskaraz egiten denak irensten baititu, krisi honen aitzakian botatzen diren ke beltzenak. Errekonozimendu gutxirekin, dena esan behar bada. Tabakalera birdefinituko zutela esateko foku, kamera eta mikrofono agertu baitziren proiektuan parte hartzen duten hiru erakundeetako ordezkariak aurtengo maiatzean. Noiz izan dute halako begiramenik euskal kulturako edozein esparrutan diru-laguntzak murriztu behar dituztela esateko?
“Baina zuek defizitarioak zarete” esango du oraindik baten batek. Ez zuen irakurriko Tabakalerako murrizketa honen kontura El Diario Vascok ekarri zuen artikulua. Ez zituen leituko komatxo artean zekartzan Odon Elorzaren adierazpenak. Gure alkate Donostiakoaren hitzetan ez da onargarria zentro horrek urteko 15 milioi euroko defizita sortzea. Eta ez da, noski. Baina onartu egin zaio orain arte. Eta esan beharrik ez dago, ez dut ezagutzen tamaina horretako galerak dituen euskal kultur proiekturik.
Baina aspaldi eman zuten Orwellen zerriek horrelakoak zuritzeko arrazoia. “Denok gara igualak, baina batzuk besteak baino igualagoak”. Kultura batzuk besteak baino kulturago direla gurean, alegia; tabako paketeak biltzen dituen plastikoa bezain garden esateko, kultura bat, euskalduna, ez dela gainontzeko guztiak bezain kultura, gure agintarientzat.
Erabaki politikoak medikuak bezala baitira. Minbiziak sendatzen saia daitezke edo gomendatu diezaiokete gaixoei tabako gehiago erretzeko. “Bi pakete egunean, ez dizu kalterik egingo”. Hori bai, morge zikin bateko metalezko ohatzean gorpua erakusten dietenean, ez dezatela esan, mesedez, biriketako orban beltz horiek sutondoan gehiegi egotearen ondorio direnik. Ez dago forentserik, hori sinestuko duenik.

3 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA