Fukushima, Fukuyama eta Spiderman nuklearra

Gorka Bereziartua
2

Spiderman, pertsonaia pro-nuklearra?

Fukushimako zentral nuklearrean gertatzen ari denak paradoxa polita planteatuko dio beste Fuku bati, erabat baztertuta geratua zen bere obra batek zentzu berria har baitezake katastrofeari esker. Francis Fukuyamaz ari naiz. Historiaren amaiera eta azken gizakia liburuan —zeina, bide batez, ez dudan irakurri; beraz jarraian emango ditudan azalpen guztiak irakur bitez omenka— zera iragarri zuen politologo estatubatuarrak: ideologien arteko borroka fini zela, politika eta ekonomia neoliberalek menperatu zituztela bestelako utopiak eta, azken beltzean, Mendebaldeko demokrazia eredua zela pertsonak gobernatzeko modu bakarra. Historia bera, existitzen jarraitzeko mania horrekin, Fukuyamaren ideia hori baztertzen joan da pixkanaka, eta ez dira gutxi bestelako alternatibak faltan botatzen dituztenak, kapitalismoaren forma basati honek ez baitu problema nuklearren beharrik desmasia handi xamarrak egiteko.

Baina, hala ere, Historiaren amaiera eta azken gizakia tituludun liburu bat erabilgarria zaigu oso; izan ere, momentu honetan bertan historia dagoeneko amaitu da edo amaitzen ari da japoniar askorentzat, beraien bizitzak itzaltzearekin batera; beste hainbatenak ere itzaliko dira denbora tarte luzeago edo laburragoan, erradiazioaren eraginez; eta desolazio horren erdian ez dira gutxi izango azken gizaki sentituko direnak: familia, bikotea, lagunak, ezagunak, lankideak galduta, zer da ba pertsona, amaitzera doan istorio bateko azken aktorea besterik?
Beharbada hemendik zenbait mendera, gurea baino aurreratuagoa izango den zibilizazio batek jakin nahiko du nola otu zitzaigun XX. eta XXI. mendeetan indar nuklearra erabiltzen hastea. Edo, nola jarraitu genuen erabiltzen, eragin zezakeen hondamendia ezagutu ondoren ere. Nola ez ziren herritarrak horren kontra altxa; zerk mantendu zituen etxean goxo, egoera hil ala bizikoa bihurtu zenean ere; zergatik hil ziren milaka lagun, hain kontu larria ez zela pentsatu zutelako. Eta galderok erantzun posible asko izan ditzaketen arren, inork gutxik erreparatuko dio kultur produktu batzuek sortu duten ideologia pro-nuklearrari.
Ezaguna da, adibidez (eta nik bereziki gogoko nuen gai honetaz pentsatzen hasi nintzen arte) Stan Leek eta Steve Ditkok sortutako Peter Parkerren istorioa. Parker tipo arrunta da. Beharbada lotsati samarra. Eta bakartia. Baztertu bat, besteekiko harremanetan ez oso trebea. Laburrago esateko Estatu Batuetan “loser” deitzen zaion horietakoa, galtzailea, alegia. Bere izeba zaharrak zita prestatu izan ez balio, neska batekin geratzea ere lortuko ez zuen gizagaixoa; eta behin horretara iritsita ere, Mary-Jane Watson ilegorriarekin ateratzen hasten denean ere, daukan izaera arraroarengatik dena pikutara bidaltzeko zorian egongo den Don Inorrez bat.
Peter Parkerrek eskuan armiarma erradiaktiboaren koska sumatzen duen momentua

Noiz aldatuko zaion bizimodua Parkerri? Armiarma erradiaktibo batek eskuan kosk egingo dionean. Superbotereak emango dizkio horrek: indar izugarria, hormetara itsasteko gaitasuna, New York teilatuz teilatu zeharkatzeko adinako arintasuna… Peter Parker Spiderman bihurtuko da, supergaiztaginak geldiarazteko gizateriak (uler bedi, Amerikako Estatu Batuek) daukan esperantza bakarra. Azpian dagoen mezua argia da: erradioaktibitatea ona da, boteretsu egingo zaitu beste edozein bitaminak edo jarduera fisikok egingo ez lukeen moduan. Ez hori bakarrik: indarraz gain, gailentasun morala ere emango dizu, zeu izango zara justizia, beharra sentituko duzu pertsona arruntak baino zintzoago izateko.
Spidermanen azpian operatzen duen ideologiaz jabetzean, gauzak argi esplikatzea komeni dela esaten diozu zure buruari. Kontuan izan, beraz: erradioaktibitateak hil egiten du. Spidermanen zale hori, ez zaitez Fukushimara hurbildu hango erradiazio neurrigabeak superheroi bihurtuko zaituelakoan. Ez. Ez ezazu egin. Egurrezko kaxa batean itzuliko baitzara etxera. Zure familiak negar egingo du eta bere burua gorrotatuko du komikiak erosteko eman zizun euro bakoitzaz gogoratzean. Spidermanen zale hori, benetako Peter Parker hilda dago, superheroiak komikietan hasten eta bukatzen dira.
Baina kultura pro-nuklearraren arriskuez informatzearekin batera, badago beste zeregin bat, are garrantzitsuagoa dena. Eta da, kultura anti-nuklear bat sortzen hastea. Nuklearren kontrako kantak. Nuklearren kontrako filmak. Nuklearren kontrako komikiak. Nuklearren kontrako poemak. Bukatzeko, horixe egingo dut beraz, Artzeren testu ezagun batetik abiatuta. Ondo gogoratu: “Herri bat ez da galtzen nuklearrak erabiltzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen dituztelako baizik”.

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA