Sortzaileak zerbait poetikoa idatzi nahi du, bizi dugun ilusioz beteriko garai hau ilustratzeko. Hasi da ordenagailuko teklak jotzen eta inspiratuta sentitzen da, leherketa txikiak sentitzen ditu hesteetan. Lerroak, bata bestearen atzetik, krispetak bezala ari zaizkio ateratzen. Gaur egun handia da, idazten ari denak jende asko hunkituko du, ziur. Hunkitu bakarrik? Mozkortu egingo da herria zuri gainean beltz paratzen ari den letra horiekin. Lortu du oreka, intimitatetik abiatuta sentimendu kolektiboak islatzea; oraina eta iragana geroarekin batzea; eta azkenean ulertu du zer esan nahi zuen Sarrionandiak, “mendea eta segundua gurutzatzen diren lekua” horrekin. Ez da beharrezkoa Laboaren, Benitoren, Maurizia Aldeiturriagaren diskorik jartzea, denak batera ditu kantari tip-top-tip-top artikulua errematatu duenerako.
Bukatu du beraz, azken errepasoa eman, amaieran punch pixka bat falta zaiola nabaritu eta William Wallace etorri zaio akordura. Argi dago: “la libertad” hitzekin bukatu behar da artikulua. Ez dago zaldi gainean, ez dauka ezpatarik, baina Ingelesen zalditeria izutzeko moduko indarrez sakatu ditu L-A-(espazioa)-L-I-B-E-R-T-A-D teklak. Titulua ere polit askoa du testuak: “Bildu y la teoría del mar”. Eta periodikora bidali duenean, argitaratu denean, jendeak irakurri duenean, arrakasta totala izan da. Bai: jende asko hunkitu da. Bai: eskuz esku ibili da. Bai: edizio digitaleko artikulua ehunka, milaka lagunek partekatu dute sare-sozialetan.
Horrela iritsi naiz ni ere Jon Maiak joan den ostiralean Garan idatzitako artikulura, nire Facebookeko 20 bat kontaktuk (saihestu egingo dugu “lagun” hitza erabiltzea, “Facebookeko lagun bat baino faltsuagoa izan” lokuzio aski zabaldua baita honezkero) gomendatu baitute. Baina artikulua leitu, eta esaten dituen gauza askorekin bat egin arren, formak huts egiten dit; are gehiago, nik ere teoria bat daukat, ez itsasoarena, esplikatzeko Maiak erabili dituen figura literarioak zergatik aukeratu dituen. Eta teoria da, “prosa purpura” dei geniezaiokeen estiloa nagusitzen hasi dela azkenaldian, 80ko hamarkadako ezkortasun punkaren kontrapuntu modura.
Zeri deitzen diodan prosa purpura: idatzitako hitz bakoitza 24 kilatekoa izatea bilatzen duen estiloari; denari zentzu sakona, transzendentala, are, milenarioa, ematen dion idazkerari; sentsazio guztiak muturrekoak, dramatikoak, hunkigarriak bihurtzen dituen hautu estetikoari. Eta prosa purpura idatzi ahal izateko, egoerak idealizatzea ezinbestekoa da, metaforak osatzeko erabiltzen dituzun materialetik hasita. Kasu honetan, itsasoa aukeratu du Maiak (Ken Zazpik ere bai, bidenabar, Itsasoa gara kantan, zeina lasai asko sar daitekeen genero berean). Eta itsasoa guztiak gara, baina itsasoa da zerbait, guztion batuketa baino handiagoa (oso aristotelikoa esaldia); eta itsasoa da “patu amankomun posible bakarra” (gogorarazi nahi dut artikulua ez dela Osama Bin Ladeni buruz ari); eta itsasoa da espazio infinitu bat, eta itsasoa da beti berdina eta beti berria, eta itsasoa da geldiezina, eta itsasoa da… Barka, baina itsasoa da, itsasoa bera baino handiago den topiko puska bat.
Askotan galdetu izan diot nire buruari zein izango ote zen pertsonak, metafora bat sortu nahian hasi zen lehenengo aldian, duela ehunka, milaka urte, aukeratu zuen motiboa. Apusturik ezin egin, frogatu ezin den gauza delako, baina lepoa jokatuko nuke itsasoa ez zebilela urruti.
Zein da kontua orduan, itsasoarekin ezin dela metaforarik egin mende honetan? Ez, ez da hori ere, baina nik behintzat, irakurle naizen aldetik, eskertuko nuke itsasoaren “bestelako” aspektu batzuei erreparatzea. Itsasoa gaur egungo imajinariotik begiratzea, alegia. Eta hor sartzen dira: petrolio-ontzi hondoratuak, hiri handietako milaka biztanleren hondakin organikoak; eta ezkutuko gerra bat ere bai, geratzen diren azken arrainak nork eskuratuko; eta gaur egun itsasoan itotzen dira etorkinak; eta gaur egun itsasoa da turista alemaniar ezin gizenago bat flotatzen, bizkarra debekua baino gorriagoa eguzkiaren erredurengatik; eta konpresak, eta Marina D’Or Ciudad de Vacaciones, eta medusa erraldoiak udatiarrak izutzen, eta hondakin nuklearrak, eta baleak odolusten, eta nik dakita zer gehiago.
Hori guztia kontuan izanda ere itsasoarekin metafora bat egin daiteke, noski, baina nekez baieztatuko du inork itsaso “horrek” hartzen duen esanahiarekin bere burua identifikatzen duenik.
Espero dut hau guztia esan ondoren hobeto ulertuko dela Itsasoa gara ala “somos un mar” entzuten dudan bakoitzean sentitzen dudan desafekzioa. Ados, baietz, garai berriak datozela, esperantzaz beterik gaudela denok eta tar, tar, tar, tar. Baina nekez sortuko da zeitgeist horri ondo doakion erreferente kulturalik, prosa purpurarekin tematuta jarraitzen badugu.
6 Iruzkin
Ez du gaurko gaia jarraitzen erabat, baina idazle berdinari buruz ari garenez…
Ze galdera klase egiten ditu???
http://www.eitb.com/bideoak/telebista/anitzele/osoa/630341/fermin-muguruza-elkarrizketatu-dute-anitzele-saioan/
Gorroto ditut erantzunak baina luzeagoak diren galderak!!!
Maia ona da, baina nire iritziz hobea da gaiei umoretik heltzen dienean prosa purpurara jotzen duenean baino.
Artikulua ederra, Gorka, baina testuaren ezaugarri literarioez gain, mezuaz pentsatzen duzuna adieraztea bota dut faltan.
Irratian entzun nuen, barre txiki batzuk egin nituen. Oso ongi harrapatua; dena hitz handiz, haizez puzturik esan behar hori…
Dena dela, uste dut akats tipografiko batek huts egin dizula, p bat sobera duzula: “rosa purpura” da, ez?
Autonomiarik gabeko “sorkuntza”rekin halakoak hamaika. Zuk aipatu beste adibidea:
Ta ez galdetu inoiz zer galdu genuen
negar egin genuenean
malko haiei esker
orain itsasoa gara!
Kristautasunaren alienazio handiena batetik: jarraitu patitzen bizitza amaitzean dator ona dena, sufrimendua gero plazerean are poztasunean itzuliko da. Ondo egin zenuen zeure burua ez errebelatzen. Eta bigarrenik, eta bereziki “dena eman dutenek” zergatik eman duten eta eman duten horren balio basatia ez ulertzea dakar “itsasoa”ren planteamendu higatu honek. Ze eman dutenek ezerren truke eman dute, horregatik merezi dute errespetua, miresmen osoa edo gurtzea. Berriro diot, zuten bakarra eman dute haien gainean jarri duten ideia batengatik eta trukean ez dute ezer eskatu, horrek egiten ditu handi are erraldoi. Zerbait trukean eskatzen dutenak “dena eman ez duten” bizkarroi txantajistak izaten dira normalki, “begira horrek eman du beraz ez hitz egin horrela” edo “hori hemendik oso errez esaten da”, baina badaezpada esaten dizuna “hemen” dago eta ez “han”. Hori dena ideologia onbera errebisionista batekin jantzia, borroka batean parte hartu duten milaka pertsonen arrazoi ezberdin eta helburu ezberdinak anikilatzeko tenorean egina.
Gogora datorkit Proletkultura-n zebiltzanei buruz Maiakoskik pentsatzen omen zuena:
“(…) Maiakovski despreciaba esta clase de versos. Él, que había sacrificado su talento al bullicio y a la idea de la Revolución, no toleraba los autores melodramáticos que fabricaban “los versos como: ¡Adelante!, adelante, oh pueblo trabajador constante!, ¡oh, camarada combatiente, arma ahora tu mente!”, como escribía él mismo en Sochinemia v odnom tome. Él soñaba con una poesía socialista que fuera algo nuevo en fondo y en forma. Por ello luchó duramente toda su vida contra críticos literarios como Yermilov, que le amargó la existencia (…), contra políticos que, como Lenin, no comprendían sus versos en los que únicamente “se gritaba, inventando unas palabras monstruosas” y “los que se leen con dificultad”, (…).”
Luka Brajnovitx-i lapurtua.
Zenbat kostatzen den halakoak esatea poprock musikari buruz dagoen euskal-omertà honetan. Eskertzekoa Gorka.
Nik pertsonalki gozatzen dut tarteka “prosa purpurarekin” eta ez dakit, Gorka, zehazki komunikabideetako artikulu eta antzekoetan izaten diren berbaldi puztuegiei buruz ari zinen, baina burura etorri zait azkenaldian gero eta entzunagoa den kazetaritza eta literaturaren arteko erlazio posible hori…,¿!
Ba, ez zehazki. Gehiago ari nintzen testu bakarrean metafora gehiegi kondentsatzeaz; metafora horiek, gainera, oso topikoak izateaz; manikeismoaz; doinu melodramatikoaz… Eta horrelako kontu guztiek batuta sortzen duten prosa motaz, prosa purpuraz.
Maiak hitz lauagoekin idatzi izan balu ere, testuak ez zion ‘literarioa’ izateari utziko nire ustez. Konparazio kutre bat egiteko, artikulu hori izozki bat bezalakoa da: gozoa izango zen azukrea bota gabe ere. Baina azukreaz gain karamelua, txokolatea, gominolak eta eztia dauzka. Gozotik gehiegi, nire gusturako behintzat.
(Betiere argi utzita nire gustuez ari naizela; bakoitzak erabakitzen du zer sartu nahi duen bere dietan eta zer ez).