Bil ezazue nahi duzuen koloreko paperean, baina Durangon gaurtik hilaren 8ra bitartean azoka bat antolatu dute, (batez ere) liburuak eta diskoak salerosteko helburuarekin. Inork ez du esan xede txarra denik, baina “topaleku”, “bilgune”, “oasi” eta tankerako espresioek estaltzen dute askotan azokaren funtsa eta, komeni da gogoraraztea supermerkatuan gaudenean, supermerkatuan gaudela. Komeni den bezala oroitzea munduko gosea ez dela guretzako janaria erosita soluzionatuko; ezta euskal kultura salbatuko ere, liburuak eta diskoak salerosiz (bakarrik). Hala ere, hurbilduko zara eta zer edo zer erosi nahiko duzu normala den bezala. Gaurtik ostegunera bitartean egunero disko bat eta liburu bat gomendatuko ditugu hemen, kriterio erabat arbitrarioak erabiliz, ohi dugunez.
Diskoa: Lehertarazi edifizioak, Napoka Iria.
Zuzeneko diskoa ala estudiokoa? Biak batera, bitxia bada ere: Miren Narbaizak eta Ander Mujikak osatzen duten taldeak Bergarako Zabalotegi aretoan grabaketa estudioa muntatu zuten urtarrilean eta publikoari ateak zabaldu zizkioten bi egunez. Gero, grabatutakotik hamar pieza aukeratu eta Bonberenea Ekintzak zigiluarekin publikatu zuten irailean. Gitarra elektrikoz eta akustikoz osatua da kanten oinarria; horien gainean nahi bezala moldatzen da Narbaizaren ahotsa, Negua kanta entzutea besterik ez dago jabetzeko. Sorpresen artean, Su Ta Garren Zure atzetik kantaren bertsioa, euskal heavyaren klasiko bat oso bestelako erregistrora molda daitekeela erakusten duena. Eta ez dugu gehiago kontatuko, honezkero diskoa entzuten egon beharko zenukete-eta.
Liburua: Heldu den matxinada, Batzorde Ikusezina (Itzultzaileak: Zigor Garro eta Oier Gonzalez).
Ugaritzen ari dira azkenaldian saiakera politiko labur eta freskoak; Hesselen Haserretu zaitezte! izango da beharbada fenomeno editorial horren erakusgarri nagusia, baina nire irudiko, puskaz interesgarriagoa da Txalapartak aurten argitaratu duen Heldu den matxinada. Sistema kapitalistaren antolamendua aztertzen du zazpi zirkulutan, ondoren horren kontrako matxinada nola egin proposatuz, antolakuntza eredu komunalen bidez, borrokatzen den eredua mimetizatzea kosta ahala kosta saihestuz. Situazionistak gogora ekartzen dituen estilo bizian idatzia, ezkerreko militanteentzat borroka moldeen inguruko eztabaida baterako abiapuntu interesgarria izan liteke.
1 Iruzkin
Oso gomendio ona da Napoka Iriarena. Diskoa erosi, entzun eta gero euren zuzeneko batera joatea aholkatuko nioke nik edonori, zuzenekoetako taldea baita.Musika dotorea eta Mirenen ahotsa harrigarria!