Myanmar: odol gaiztoko elefante bat herritarren kontra oldartu da eta poliziari –polizia ingelesa, hots, kolonoa– deitu diote riflea hartu eta tira eta tunba, animalia garbitu dezan. Iritsi da lekura pony baten gainean, Winchester bat eskuetan, baina kontatzen dizkioten gauzak nahasiak dira eta han elefanterik ez dabilela pentsatzen hasita, ospa egitea pasako zaio burutik.
Gero gizon baten gorpua ikusiko du, animaliak zanpa-zanpa egina, eta lan zikina ezingo duela saihestu buruan harturik, elefanteentzako rifle bat eskatuko du; hor doa, ehunka herritar atzetik dituela, piztiarenak egitera. Berak ez du elefantea hil nahi, baina bertako biztanleen hatsa sentitzen du lepoan, tiro egin behar duela esanez bezala. Berunez beteko du azkenik tronpadun zomorroaren gorputza, nahiz eta hil, ez duen hilko, baizik eta agonia mingarrian utziko.
George Orwellek inperialismo britainiarraren metafora egin nahi izan zuen Shooting an elephant saio laburrean; erakutsi nahi zuen, inperialismoak biak suntsitzen dituela, konkistatzailea eta konkistatua. Kolonizatzaileak, Orwellen aburuz, “bere bizitza eman behar du ‘natiboak’ harritu nahian, eta beraz, krisi bakoitzean, ‘natiboek’ berarengandik espero dutena egin behar du”.
Poliziak saioaren amaieran elefantea hil izanaren zergatiak azaltzen ditu: “Askotan galdetu diot nire buruari ea beste inork ulertu ote zuen, egin nuena egin nuela, ergelaren pare ez geratzeko”. Bistan da, garaiak asko aldatu dira, eta orain elefanteak tirokatzeagatik geratzen dira kolonoak ergelen antzera. Edo elefante ehizan aldaka puskatzeagatik zen?
[ARGIAren 2.320. zenbakian argitaratzekoa]