Zein itsusia nork bere burua aipatzea, baina zein beharrezkoa batzuetan, konparazioak egin ahal izateko: joan den astean txoko honetara Claudio Magrisen nobela bat ekarri genuen, puskatan aurkeztua eta, irakurle honen ustetan, aurreneko irakurketaren ondoren zati-zati eginda bukatzen zuena. Hori gertatzearen erruetako bat zen, irakurle honen ustetan, nobelaren hasierako asmo handia, XX. mendearen kontakizuna egin nahia. Horrek bihurtzen zuen gehiegizko, alor askotan. Gaur ekarri duguna, askoz pretentsio txikiagoko obra da, testu fragmentarioa hau ere, baina, betiere irakurle honen ustetan, hobeto funtzionatzen duena: Kari Hotakainen finlandiarraren Buster Keaton: Elämä ja teot nobelaz ari gara (Buster Keaton: bizitza eta lanak, iaz Donostiako Meettok argitaletxeak gaztelaniaz argitaratua, Buster Keaton: vida y obra izenburuarekin).
Eta nobela esan diogu, zer edo zer esateagatik, liburuak ez baitu inolako tramarik garatzen: Keatonen gurasoek hitz egiten dute semeari buruz, baita Charles Chaplinek, Clint Eastwoodek… eta Mike Tysonek ere (“Zortzi asaltotan itsu-makilka ibili ondoren leher eginda dago, eta soken laguntzaz, arrankatu eta azpitik aparkatzen du bere ukabil hezurtsua zure kokotsean”). Biografia haluzinatu baten aurrean gaude, barre murritzerako gonbidapen sorta baten aurrean; proiektu arraro baten aurrean: mutuari hitzak jartzea; aktore amerikarra galbahe finlandiarretik pasata kontatzea. Konparazioa handiegia ez bada, Woody Allenen edo Groucho Marxen umoretik gertu dabil nobela pasarte askotan, sententzia absurduak, kontraesan distiratsuak, ironia fin eta gardena.
Jatorriz 1991n argitaratua, hau izan zen Hotakainenen aurreneko nobela. Lehenagotik lau poema liburu zituen argitaratuak, eta horren arrastoak antzematen dira idazkeran: nola kontatu eta zer kontaturen artean, aurrenekoaren alde egin zuen idazleak. Asmatu zuen arrunkeriatik ihes egiten, eta irakurle honek, astebete beranduago, fedea berreskuratu zuen nobela fragmentarioetan.