Kultura luxu bihurtu da Suediako egunkarietan… eta hemengoetan

Gorka Bereziartua
0

Lars Lönnroth lanik gabe geratu da kolaboratzen zuen egunkariak literatur kritikak kentzea erabaki ostean.

Literaturari eskainitako orrialdeak gutxitzea erabaki du Suediako Svenska Dagbladet egunkariak eta kultura saila “bizi estiloei” eskainitako atal bihurtzea –hau da, orrialde horiek modaz, etxea dekoratzeko aholkuz eta bidaiatzeko gomendioz betetzea–.
Erabakiak Lars Lönnroth literatur kritikari eta orain langabetuaren haserrea eragin du, “Kultura luxu bihurtu da” salatu du, bere ustez esparru intelektualean urte osoko merkealdiak zabaldu baitituzte egunkarietako zuzendariek (frantsesez eta gaztelaniaz irakur daiteke artikulua Presseurop.eu webgunean).
Kontuak gutxi du berritik: “2000. urtearen inguruan hasi zen orrialde kulturalen benetako gainbehera eta nagusitzen joan zen gero, gutxi gorabehera modus operandi berdina erabiliz, egunkari handi guztietan, irakurleak papereko egunkarien harpidetzak eteten hasi zirenean, Interneten doan irakurtzeko”.
Suedian bezain hotz daude kontuak tropikal izateari aspaldi utzi zion Euskal Herrian; hartu egunkaria, edozein, eta esan non dagoen kultura saila, hasieran, erdian, amaieran; zenbat orrialde dituen; eta nolako edukiak. Zenbat analisi, eztabaida, kritika, hitz batean, sakontasun. Zenbat propaganda, arteen aitziko kontu, hutsalkeria.
Fribolitatearen aldeko hautu horrek arriskuak ere badituela ohartarazi du Lönnrothek artikuluaren bukaeran: “Burgesia eskolatua publiko fidela izan da orain arte eta harpidetzak eteten hasi da. (…) Unibertsitate giroko irakurle zorrotzek ere, aldizkari intelektualagoetara joko dute”.
Ez dakit hala izango ote den. Dakidana da, geroz eta gutxiago interesatzen zaizkidala egunkarietako kultura orrialdeak eta aldiz, geroz eta gehiago jotzen dudala kritika, iritzia eta analisia eskaintzen didaten argitalpen eta webguneetara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA