ITU Banda: “Ez da erabat galdua gure belaunaldia”

Gorka Bereziartua
0

Kafka, Woolf eta Txekhov (edo haren bibotea) jarri dituzte hizketan ITUkoek lehen zenbakian.
Kafka, Woolf eta Txekhov (edo haren bibotea) jarri dituzte hizketan ITUkoek lehen zenbakian.

Badaramatza hilabete batzuk gure artean zeresana ematen ITU Banda izeneko idazle taldeak. Lehen fanzinea publikatu zuten ekainean, #diotenez bigarrena ere aurki, eta ekintza ikusgarri, tira, entzungarriren bat ere egin dute tartean –ez baita egunero irratsaio bat asaltoz hartzen Jatorlandian–. Euren bizimoduetako zurrunbiloan eten bat eginda, zenbait galderari erantzuteko tartea hartu dute.
Hiztegi Batutik: “Itu iz.: tirorik zuzenenak heltzen dira itura”. Nor edo zer tirokatu nahi duzue zuek?
Hizkiz eta hitzez armaturik, armairutik ateratzen saiatuko gara. Literaturari diogun beldurra galtzen. Gure lekua sortzen eta zabaltzen gure inguruan. Ezer isildu baino, ezer hil baino, kontrakoa da gure nahia: zerbait dinamikoa sortzea, zerbait bizia. Hizketarako emango duena, edo soil-soilik eskuz esku pasako dena, inork txintik atera gabe, arrasto ia ikusezina utziaz subkontzientzia itzalietan eta kontzientzia hordituetan.
Beñat Sarasola aipatu duzue sorrera manifestuan. Bere probokazioan erori zaretela aitortzen duzue beraz?
Probokazioan erori baino, probokazioak bultza gaitu, nora ikusiko dugu.
Manifestua bezain asmo-deklarazio argia dirudi Kafka, Woolf eta Txekhoven bibotearen arteko elkarrizketak. Hor antzematen diren literaturarekiko pesimismoa, eszeptizismoa eta ekintza grinaren artean, zeinen alde lerratzen zarete?
Pesimismoa: gainbehera sentimendua, ezer asmatzeko ez dagoelako ustea, hipokrisia eta zerebro atrofiatuen gaitza gorputz are hipokritago eta operatuetan, kulturaren kontzientzia erabat galdua… Pesimismoak dakar eszeptizismoa (edo ez). Ezezagunari beldurra, normalaren estandar markatuen mugatik kanpo dagoenarekiko indiferentzia edo gorrotoa. Baina baita zerbait oker erakutsi digutelako irudipena, jada existitzen ez den edo inoiz horrelakoa izan ez den errealitatea erakutsi eta irakatsi digutela konturatzea… Zeinen alde lerratzen garen? Bizitza borroka bada, hiltzea ez da beti galtzea, hil arte borrokatzen bada. Ekintza grinak esan nahiko luke oraindik ez dela erabat galdua gure belaunaldia, ur guztia kendu arren arrainak buztanaz lur lehortua kolpatzen duela, hegan egiteko grinaz. Lerratzeak ordea ez luke ezer esan nahiko, lerratzea fikzioa baita, existitzen ez dena, atzetik joan eta beti ihes egiten duena, zerumuga bezala.
Charles Bukowskiren Begi ederdun gizona poema itzuli duzue. Euskaraz ez zegoen baina, horrez gain, zein arrazoirengatik hautatu duzue poema hori zehazki?
Zer pentsatua eman digu autore estatubatuarraren obrak ITUtarroi, eta horien artean honako ipuin poetikoa. Lilurari buruz egiten du berba Bukowskik hain berea duen estilo sinplista erabiliz; nola zikin, hordi, zakar izanagatik, gizonaren begiradak haurrak liluratzen dituen eta nola hauek beren gurasoen aurka jartzen diren. Indartsu amaitzen du poema, ‘eta jende askok behar lukeela hil’ esaldiarekin.
Istorioak geure burmuinetan marrazten duen irudiak bultzatu gaitu (agian) poema hori hautatzera. Banbua, arrain potoloak, gurasoak, etxea sutan. Badakigu geuri ere erakargarri egiten zaigula etxetik ortozik ateratzen den begi ederdun gizon hori. Badakigu. Agian bere begiradak liluratu gaitu gu ere. Lilurak edonor harrapa baitezake.
ITU Bandak argitaratu duen lehen aldizkariaren azala.
ITU Bandak argitaratu duen lehen aldizkariaren azala.

Galtzaileei eskainitako poema da Van verliezers mei; Vincent Van Goghen ahotsetik kontatua dirudi baina, erdeinatzen den maiatz horrek beste zerbait iradokitzen duela ematen du…
Bixente Van Gogh ez da kontatu nahi den istorioaren funtsa, txotxongilo soila baino ez da. Hala izanik, pertsonaia egokia dela deritzogu derrotatuaren kondenaz hitz egiterako garaian: atormentatua, tristea, galtzailea, azken finean. Kondena bat zeraman hark, derrotatu orok daramaten/daramagun berdina. Beti egongo da arima errari bat beragan, bere pausua besteena baino artegagoa izanen da beti, isilik jango da beti bere mahaian.
Esan zuen baten batek, eta arrazoi zuen. Ezin daitezke bereizi onak eta txarrak, irabazleak eta galtzaileak baino. Beraz, eskua ematen digun lagunari, geure herri honi, geuri eskainia da poema.
Aipatutako horiez gain beste hainbat testu bildu dituzue aldizkarian. Aurrenekoa sareratu duzue baina, zein maiztasun izango du Itu-k? Zenbaki berriarekin lanean ari al zarete?
Lehen alea sareratu dugu, eta euskarri fisikoan ere badago eskuragai (edo bazegoen, behintzat) La Hormiga Atomica, Kaxilda, Garoa (liburu-dendak) eta banatu ahal izan dugun lekuetan. Maiztasunari dagokionean, bi hilabetean aldizkari bat ateratzeko asmoa dugu, baina maiztasunak baino gehiago maitasunak bultzatzen gaitu eta horren arabera egingo dugu aldizkaria. Bigarren alea jadanik bukatuta dago, okerrik ez bada aste honen bukaeran izango da sarean eta apur bat berantago kalean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA