XXI. mendeko euskaldunaren bila

Gorka Bereziartua
0

Nork behar nauela?

Nahi dutena esango dute kaskezurra Sabino Aranaren Albiako lorategietako estatua bezain harrizkoa dutenek: zerbait mugitzen ari da eta esparru guztietan hasi da nabaritzen, baita pentsamenduaren alorrean ere. Herenegun EHUn euskal nazionalismoari buruzko masterra, atzo Lapiko Kritikoko eztabaidak eta konturatzerako, bihar bertan (esateko modu bat da) UEUn ikastaro bat, Euzkadi euzkotarron aberria ote den galdezka datorrena, ondoren euskal identitatea “zer den” izendatzea baino, “zelan garatzen den” aztertzen saiatzeko (diferentzia inportantea, esentzialismoak oro uxatzeko). Baionan da zita uztailaren 4an eta 5ean; matrikula-epea maiatzaren 9an zabalduko da.
Uxoa Anduaga Berrotaran eta Koldo Diaz Bizkarguenaga soziologoek gidatuko dute ikastaroa, eta lau helburu jarri dizkiote: euskal identitatea ulertzeko eta aztertzeko bestelako perspektiben beharraz hausnartzea; identitatea garatzen duten praktikak eta sinboloak identifikatzea eta kolokan jartzea; euskal identitatearen irudikapen sozialez eta imaginario kolektiboaren osaketaz jardutea; eta “euskalduntasunaren” eragileen (instituzioak, subjektuak, irudikapen sozialak…) influentziaz gogoeta egitea. Goizetan ikertzaile gazteek gaiaz egindako lanak plazaratuko dituzte; arratsaldeetan berriz, eztabaidaren txanda zabalduko da.
Beharko dira bai halako ekimenak, identitate kolektiboak etengabeko eraikuntza-prozesua direla behingoz uler dezagun eta ez, demagun, Albiako lorategietan dagoen harrizko eskultura baten antzeko zerbait.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA