Argazki-oin bat Gaizka Garitanoren keinuari

Gorka Bereziartua
6

Gaizka Garitanok prentsaurrekoa utzi zuen euskaraz aritzeagatik kazetari bat kexatu ondoren.
Gaizka Garitanok prentsaurrekoa utzi zuen euskaraz aritzeagatik kazetari bat kexatu ondoren.

Zure eskubideen alde irmo agertzea baino gauza indartsuagorik ez dagoela: segundo gutxi batzuk eta keinu bat, prentsaurrekoa uztea, nahiko izan ditu Eibar taldeko entrenatzaileak euskara “erakargarriaren” inguruan azken urteotan eraiki den diskurtsoa hankaz gora jartzeko. Badakizue zertaz ari naizen. “Ez inposatu, seduzitu”, tankera horretako gauzak, euskaraz bizi nahi duten herritarrek botere-nahi oro alde batera utzi behar dutela dioen erretolika. Hala defendatu dute urte askoan: gure hizkuntzaren egoera petralari buelta emateko eskubideen gaiari heldu beharrean –zezenari adarretatik heltzen zaion bezala, arrisku eta guzti–, hobe dela garena makillatzea eta ez garen bezala agertzea, gure buruaz lotsa egin arte, diskotekako zokotik noizbait erdira dantzara aterako gaituzten esperoan. Garitanok ez du inor seduzitu nahi izan: bere buruaz seguru, pistaren erdira egin du salto inoren eskuari zain egon gabe. Atzetik joan behar genuke denok, kanta hau gurea da eta.

6 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA