Ia leku guztietan sumatzen da kezka: abertzaleen artean, euskalgintzan, kulturgintzan, gune autogestionatuetan, sindikatuetan, asanbladetan, herri komunikabideetan, denetan dabil baten bat planoak mahai gainera ekarrita, kezkatuta, 1960ko urteetan-edo eraikitzen hasi zen etxe hau puskaka erortzen ez ote den ari, ea nondik hasi zaharberritzen.
Bide barrijak bilatze horretan mitoaren kontua ateratzen da noizbehinka, alegia, duela hamarkada batzuk euskal iraultzaren inguruan inguruan –horrelako zerbait, formulatu nahi duzuen bezala– eraikitako istorioa dela funtsean zaharkopoitu dena, eta ondotik narratiba berririk ez denez nagusitu, gaur gosaltzeko impasse sozial hau baino ez zaigula geratu.
Kontu hauetan Roland Barthesek badauka zeresanik. Ezaguna da 1957ko bere Mythologies saiakera bilduma, gaur egungo hainbat elementuk –argazki bat, film bat, erakusketa bat…– mito garaikideak sortzeko daukaten joera aztertzen duena. Liburu horretan publikatu zen saio bat itzuli du Koldo Izagirrek eta Armiarmak publikatu: Frantziako turra epopeia gisa.
Ez da testu bereziki politikoa eta galdetuko duzue ea nola katramilatu zaidan gorago aipatzen nituen kontuekin. Funtsean karrera ziklista handienaren inguruan eraiki den kontakizun homerikoa aztertzen du Barthesek, zein mekanismoren bidez bihurtzen den bizikletan sufritzen duten kirolari izerditsuen tropela beste eskala bateko fenomeno.
Baina hartu testu horretako esaldi hau: “Hizkeraren rola, hemen, baitezpadakoa da, berak ematen dio gertakariari, ezin atxikia jarraitasun batean urtzen denez, solido bihurtzea lortzen duen bikaintasun epikoa”.
Ez ote da, hain zuzen, sarreran aipatutako eremu guztietan erabiltzen den (dugun) hizkera problema askoren iturburua? Pertsonalki, alor horri arreta gutxiegi eskaintzen zaiola uste dut.
Problemetako bat besterik ez, noski.
Atzo bete ziren 100 urte Barthes jaio zenetik eta, ez genioke fabore txarra egingo gure buruei aitzakia baliatuz bere obraren bat irakurriko bagenu.
Roland Barthes, ziklistak eta gure mito garaikideen zaharberritzea
Gorka Bereziartua
1 Iruzkin
Nik, neurri batean, kontrakoa pentsatzen dut, hitzek sarri errealitatea ezkutatzen dutela eta sarreran aipatzen dituzun abertzale, euskalgintza, asanblada, eta abarrek, …ez dutela errealitatea ikusi nahi eta hitzekin estaltzen dutela. Hitz berriak behar ditugu, bai, baina errealitate berri batean jokatzeko. ETAren amaierak, krisiki ekonomikoak, etorkinen eta bertakoen mugimenduek, belaunaldie berrien uste eta bizimoduek, nazioarteko politikaren aldaketek, horrek guztiak, atzerago ez joatearren, gure ingurua eraldatu dute eta ez dakigu ondo nola jokatu eremu latz horretan