Cerezaren zeremonia eta cerezanik eman ez duen zera

Gorka Bereziartua
3

Herritar asko dezepzionatu ditu 2016aren inaugurazio ekitaldiak.
Herritar asko dezepzionatu ditu 2016aren inaugurazio ekitaldiak.

Asko hitz egin da, eta orokorrean oso gaizki, Hansel Cereza artista eta “zeremonia-sortzaileak” Donostia 2016 inauguratzeko antolatu zuen ikuskizunaz. “Mikel Laboaren bertsio modernizatu” gisa saldu zuten ikuskizuna #FAIL totala izan zen Twitterreko hizkeran esateko eta astelehenak jeneralean buru-mozteko egun onak izaten badira, imajina nola dagoen giroa Gipuzkoako hiriburuan 660.000 euro horretan xahutu direla jakin ondoren.

Komeni da burua nori moztu nahi zaion hautatzea ordea, eta horretan mundu guztia ez dago espektakulua deitoratzeko puntuan bezain ados. Baten batek, adibidez Felipe Juaristik, Urumea Donostiatik pasatzen dela probestuz Juan Karlos Izagirreren kontra kargatzeko baliatu du, erakutsiz ez dakiela ikuskizuna urrian lotutako zerbait izan dela.
Eta ez da, gainera, 2016an lanean ari den taldeak hartutako erabakia izan. Fundazioak –Donostiako Udala, Gipuzkoako Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Espainiako kultura ministerioa– aukeratu zuen Cereza duela 100 egun inguru, lehiaketa publikorik gabe, metodo digital aurreratuenak erabiliz –alegia, atzamarrarekin–, korrika eta presaka inaugurazioan zerbait handia egin zezan.
Merezi du prozeduran arreta jartzeak, ikuskizuna mokordo samar ateratzea kontratazio-moduaren albo-kalte bat besterik ez baitzait iruditzen.
Diskurtsoaren eta praktikaren arteko aldea begi bistan geratu da Donostia 2016 hasi eta berehala: “parte hartzea” bezalako kontzeptuak aldarrikatzen dituen Kultur Hiriburuaren inaugurazio-ekitaldi nagusian goikoen politika egiteko modua ikusi dute herritarrek. Ordezkatzen ez dituen show garesti bat.

3 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA