“Helburua gure kalitatea saltzea da, konpetentziari aurre egin, merkatuaren erritmoa guk markatu. Funtsean, marka bat inposatu”. Publizista dela esango zenuke Koldo Izagirre dela jakingo ez bazenu. 17:30 inguru Donostiako Parte Zaharreko elkarte batean. 20-30 lagun Gipuzkoa Zutikek antolatutako “eslogan politikoak eta poetikoak” tailerrean elkartu dira, mugimenduaren hizkera berritzeko asmoz.
Pasaiako idazleak egoeraren deskribapenarekin hasi du saioa. “Gure konpetentziaren produktua zehatza da, irudi bat dauka, eraikina ere bai: erraustegia. Gure produktua berriz, difuso xamarra da. Aurka gaude, baina arriskua da ezer proposatzen ez dugula egoztea. Horrek publizitarioki ez du ondo funtzionatuko”, dio. Irtenbide bakarra dago: “Aurka daudenak beraiek dira, gu gara alde gaudenak”. Alegia, proiektuaren aurka elkartutakoak ari dira zerbait positiboa proposatzen; errauts zaleak berriz, kontra ari diren ideia azpimarratu behar da.
Zein euskarri dauzka Gipuzkoa Zutikek horretarako? Hedabide handiek gaia isilarazteko apustua egin dutenez, ahotsa, pankarta, pintaketak eta irratia aipatu ditu idazleak mezua zabaltzeko euskarri gisa.
Ondoren, erraustegiaren inguruko kontzeptuak idazten hasi da arbelean: “Erraustegia, errautsa, zaborra, kea…”. Horiek Zubietako proiektuarekin lotzen diren hitz negatiboak. Beste lerro bat, gaiarekin lotutako hitz positiboentzat: tailerrera etorri direnak hasi dira, “osasuna”, “ekologia”, “ekonomia”… aipatzen. Puntualizazio bat Izagirreren aldetik: “Hitz horiek abstraktuak dira, bila ditzagun hurbilagoko kontzeptuak”. Berriz ere hasi da taldea: “arnasa”, “bizia”, “ongarria”… Eta beste hitz negatibo sorta bat atzetik: “pozoia”, “kutsadura”, “gaixotasunak”, “minbizia”… “heriotza”, azken finean.
Kontzeptuen talkatik eslogan berritzaileak
Behin arbela hitzez beterik, elkarrekin kontrajartzeko proposatu du Izagirrek. Sinpleenetik hasteko dio, lehen graduko baieztapenetatik. “Errautsik ez, ongarria bai”, dio norbaitek. “Ez erraustu, ongarritu etorkizuna”, gehitu du beste batek. “Ondo, baina ez dezagun dena hasieratik deskubritu, hau izan liteke kanpaina bat”, dio Izagirrek, “etorkizuna” hitza geroago gehitzea proposatuz, elipsiek ere asko esaten dute-eta.
Hurrengo urratsa: saia gaitezen eslogan akusatiboagoekin. “’Zuek’ erabiliko dugu?”, galdetzen du norbaitek. Gehiegi beharbada: “haien” edo “beraien” erraustegia dela esan dezakegu ordea; edo “negozio hori”. “Osasuna ez da negozioa”, atera da taldetik, proposamen horri tiraka.
Nazien tximiniak eta Zubietakoak, konparazio baliagarria?
Suntsipenaren ideiaren inguruan bueltaka hasi da taldea halako batean eta, ideia horrekin lotuta, nazien esterminio-zelaiez. Erabili daiteke Zubietako erraustegiaren kontra? Tira, haietan ere tximiniak elementu oso deigarria ziren. Elkartutakoen errotak bueltaka, atera da esloganik: “Auschwitzeko trena Zubietatik pasatzen da”, da lehenbizikoa. Pixka bat findu da emaitza Izagirreren laguntzaz: “Zubietako kea, Auschwitzeko gasa”.
Nolanahi, idazleak garrantzia daukan kontu bat gogora ekarri du: faxismoaren kontra armekin borrokatu zuen alderdia izan zen EAJ, eta historia erabiltzekotan, iraganaren alderdi guztiak kontuan izan behar dira. “Gainera badago ‘faxista’ hitzaren banalizazio bat”, azaldu du. Akaso mota horretako esloganak ez dira eraginkorrenak beraz.
Kalean kantatzekoak: erritmoa eta eufoniaren garrantzia
Frankismoko manifestazioetan asko kantatzen zen lema ekarri du Gipuzkoa Zutikera Izagirrek: “AS-KA-TASU-NA”, erritmoa markatuz ahoskatu du, “pan-pan-panpan-pan”. “Eufonia sortzen zuen, kanpai-hotsaren antzeko zerbait, kale estuetan sartzean eragiten zuen halako sentsazio bat”, gogoratu du.
Manifestazioetan kantatzeko moduko esloganak hasi dira ateratzen, arbeleko hitz sorta baino askoz gehiago baliatu gabe beti: “Errautsaren aurka, ar-na-sa”, “E-rrau-tsa, e-torki-zun bel-tza”, “E-tor-kizu-na, ez da errau-tsa”… Azken horri isatsa jartzea ere proposatu du idazleak: “E-tor-kizu-na, ez da errau-tsa! Ez da errau-tsa, bai-zik arna-sa!”.
Bigarren graduko esaldiak pankartetarako
Idatzizko euskarrietan erritmoak ez du hainbesteko garrantzirik. Pankartetan, adibidez, beste mota bateko jokoak egiteko aukera dauka Zubietako planak geldiarazteko asmoz ari den herritar animatuak.
Eta “plan” hitza aipatu dugunez, zergatik ez lotu “planeta” hitzarekin? “Hitz potentea da”, dio albo batetik dibertitzen hasia den partaide batek. “Planeta ez dago zuen planetan”, bota du bertsolari-senez enpo dagoen norbaitek.
Are gehiago, “plan” hitzak badu beste adiera bat, “zein da gaurko plana?” galdetzen dugunean, adibidez. Hortaz: “Planetak ez du planik nahi zuekin”? Atzetik datoz beste zenbait proposamen: “Planetak beste plan bat nahi du”, izan da gehien gustatu denetako bat. “Umorea dauka esaldi horrek”, dio Izagirrek. “’Planetak beste plan bat behar du’ esango bagenu serioegia litzateke. Inportantea da umorea. Gure aurkakoak oso tristeak dira, beti legea eta horrelako kontuak erabiltzen dituzte egiten dutena justifikatzeko”.
Erein, erre eta orain
Zubietako tximiniatik errautsa ateratzen denean zabaldu egingo da, nekazariak hazia zabaltzen duen gisa berean. “Erein” aditzarekin jolasteko aukera ematen du horrek. Berriz ere taldea lanean: “Gaixotasunak ereiten”? “Bai”, dio Izagirrek, “baina ez dezagun hainbeste akusatu”. “Errautsa erein, heriotza jan”, apuntatzeko denbora eman digu horren ondoren sortu diren esaldi guztien artetik.
“Errautsa” eta “erre” hitzek ere askorako eman dute, esaera zaharberritu baterako, adibidez: “Errautsa ez da errenta”.
Gipuzkoako Foru Aldundiak bere irudi korporatiborako erabiltzen duen “Orain Gipuzkoa” ere komentatu da. Diputazioaren sail bakoitzak erabiltzen du “Orain” hori, bere lana izendatzeko, besteak beste Ingurumen departamenduak –“Orain Ingurumena” izena duen Twitter kontu bat dauka–. “Oso erraz jarri digute”, dio Izagirrek: “Atzean zerbait eranstea besterik ez da falta, adibidez, ‘Orain Ingurumena hondatu’”.
Paretak pintatzeko, esaldi konplexuagoak
Pankartak pasatzen ikusten ditugu, manifestazioen oihuak entzuteko gertu samar egon beharra dago; baina pintaketak kalean geratzen dira. Oinezkoak har dezake segundo bat irakurtzeko eta buelta batzuk emateko. Horrek esaldi konplexuagoak idazteko aukera asko ematen dizkio bizitzaren aldeko ekintzaileari.
Iraingarria izan daitekeen esparruan sartu da taldea aurrena. “Zaborrak arazoa dira gizarte zibilizatu honetan”, esplikatu du Izagirrek. Baina gizartearen benetako arazoa zaborra da? “Arazoa zaborra da: zuek”, esaldi punki samarra atera da taldetik. “Finagoa egin liteke”, idazlearen arabera: “Zaborra zaborraren esku”. “Zaborrak Goia jo du”, dio umoretsu atze samarrean dagoen norbaitek. Algarak. “Oso jende gaiztoa elkartu zarete”, barrez Izagirrek.
Formulazio zintzoxeagoen bila, Garoñako zentral nuklearraren eta Zubietako erraustegiaren arteko konparazioa proposatu du Sua nahi, Mr Churchill? liburuaren egileak: “Garoña ez, Zubieta bai?”.
Inork ukatuko ez duen zerbaiti heldu behar zaio. Adibidez, nork jarriko du auzitan planeta arriskuan dagoenik? “Planeta arriskuan dago, Gipuzkoa ez?” idaztea da aukera bat. Edo, erraz-erraz, esaldia bigarren graduko bihurtu, galdera ikurra kentze hutsarekin eslogana ironikoa bihurtzen baita.
Bizikletek eragindako minbizia eta Italiara bidaia
Umoretik jo du eslogan politiko eta poetikoen tailerraren bukaerako zatiak. Odon Elorzaren agintaldian Donostiaren ikur bihurtu ziren bidegorriak jarri ditu mahai gainean Izagirrek, pintaketaren irakurlea jokoz kanpo utziko duen esaldia proposatzeko: “Bizikletek minbizia sortzen dute”. Inor ezin da ados egon, noski; baina esaldian ez dagoen zerbait geratzen da buruan: zerk sortzen du minbizia? Erraustegiak.
Italiara bidaiatzeko proposamena ere egin zuen Izagirrek saioaren amaiera aldera. Mafiaren inguruko iruditeriak askorako eman dezake, kontuan izanda han ere hondakinen kudeaketaren parte bat famiglia batzuen esku dagoela. “Mafia zaborrarekin aberasten da… Italian”, izan zen proposatutako esaldia.
Izagirrek irratirako prestatutako testu bat ere ekarri zuen, bi lagunen arteko elkarrizketa xelebre batekin: zaborren inguruan ze negozio ilun dagoen (Italian) aipatzen; eta batzuk nola aberasten diren zaborrekin, Italian; eta sinesgaitza dela horrelako kontu batekin negozioa egin nahi izatea, Italian. Hemen ez, Italian.
1 Iruzkin
Aupa, Gorka:
Aurreko astelehenean zure kronika-erreportaje hau irakurri nuenean harrituta gelditu nintzen, txora-txora eginda, nolako argitasunez adierazi zenuen tailer hartan bizi izandakoa… Ni bertan izan nintzen, eta esperientzia ezin aberatsagoa gertatu zitzaidan Koldo Izagirre bezalako artista batekin lanean aritzea, baina zure kronika horrek beste balio bat erantsi zion guztiari, hariak zuloak nola, hala josi baitzuen nire gogoan, baita paperean ere, hitz eta esaldi soltez gorde nuena.
Eta, hala, inpresionatuta, hasi nintzen idazten zuri hori adierazteko, eta bertan behera utzi nuen laudorio-lana, lotsa eman zidan…
Baina, gaur, zure kronika irakurri duen beste lagun baten hitzak ailegatu zaizkit “… oso interesgarria. Gaia bera, noski, baina baita erreportajea ere: zein erraz, ondo, egoki kontatua dagoen han gertatu zena.”…
Bada horixe bera: zu ere artista handia zarela!