Bukatu da hauteskunde zikloa, osatu dira gehiengo berriak eta Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, datorren astean legealdiko lan ildoak Legebiltzarrean esplikatu aurretik, Euskadi Irratiko Faktoria saioan hitz egin du ostegun goizean. Ez du zehaztasun handirik eman egingo dituen politiken mamiaz. Edo agian bai?
Sailean izan den aulki-jokoari buruz galdezka hasi du elkarrizketa Maite Artola kazetariak: Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikako sailburuordetzatik kendu eta Miren Dobaran jarri du gobernu berriak; Miren Arzalluzek zuzenduko du Etxepare Institutua aurrerantzean Aizpea Goenagaren partez; eta HABE berriz Jokin Azkuek, Joseba Erkiziaren ordez. Zergatik hainbeste mugimendu? “Orekak” bilatu dituztela, “orain arte hizkuntza politika batez ere gipuzkoarrok egin dugu”, dio Zupiriak. Ohar mentala: Dobaran Berangokoa da eta Arzalluz Bilbon jaioa. Sorterriaren arabera banatu dira postuak? Kriterio bitxia litzateke.
Baztarrikak azken zortzi urteetan egindako lana goraipatu ondoren atera du elkarrizketako lehen tresna astuna: 1982ko euskararen erabilera normalizatzeko legeak izan zuen kontsentsua. “Adostasun politiko handi bat” behar dela dio Zupiriak, duela 35 urteko Jaurlaritzak lortu zuenaren parekoa –Carlos Garaikoetxea, Pedro Miguel Etxenike, magnitude handiko erreferenteak–. Horretarako “bidelagun berriak” erakarri beharraz mintzatu da, lehengoei eutsiz. Bigarren ohar mentala: EAJ, PSE, EPK, EE eta UCD zeuden 82ko argazkian; HB eta AP ez.
Kultura baketze proiektuaren zerbitzura
Nahiko gaingiroki hasi da kulturaz, sortzaileei babesa eman behar zaiela, gizarte honetan puntako sortzaileak ditugula, esaten dutena entzun behar dela. Aldiz, kontu lurtarragoez galdetu diotenean, adibidez Chillida Leku berriz irekitzeko aukerez, ez du iritzirik eman; Guggenheimi buruz jarduteko txanda iritsi den arte.
Orduan bai, bigarren erreminta astuna. Jaurlaritzak fokua ekonomiatik harago jarri nahi duela dirudi Zupiriari entzunda: “Guggenheimek lagundu digu munduan irudi bat edukitzen. Irudi hori lotuta dago normaltasunari, elkarbizitzari eta kulturan interesa duen herri bati. Eta uste dut hori ez dugula behar bezala azpimarratzen”. Normaltasuna, elkarbizitza, kultura. Apuntatu marko kontzeptuala hurrengo kurban sartu baino lehen.
Prest? Goazen A-8aren beste puntara: Donostia 2016k utziko duen ondareaz beste hiru kontzeptu jarri ditu mahai gainean (bakea, elkarbizitza eta parte hartzea) eta aurretik Guggenheimi buruz entzundako piezaren bariazio bat hasten da hari musikalean. Bakea-normaltasuna-elkarbizitza, sinonimo gisa ia, kulturaren geruzapean, kontsentsu zorrotada on batekin eta parte hartzea ginda gisa –nota bene: ginda ez du ia inork jaten–.
Ez da ezer konkreturik ikusten oraindik, baina adi zirrimarra hauei ze, datozen lau urteetan kultur politika autonomikoek orain artekoen aldean funtzio berriak izan ditzakete: kultura jada ez da ekonomia berpizteko motor gisa bakarrik salduko –pack hori 1997an atera zen poltsatik, Bilbon Guggenheim inauguratzearekin batera, eta geroztik ondo funtzionatu die ondorengo Jaurlaritzei–. Orain, unea dirudi probatzeko kulturaren gauza honek normalizazio sozial eta politikoa lortu izana poltsikoratzeko ere balio ote duen.
Enfin, legealdi honetako asmoen irrati-entseguan Zupiriak agian uste baino gauza gehiago esan dituela. Funtzio nagusia urtarrilaren 27an hasiko da Gasteizen.
Guggenheim bariazioak: zer itxura duten kultur politika autonomikoek sailburu berriari entzunda
Gorka Bereziartua
1 Iruzkin
Oso analisi ona. Mila esker¡