“Herrialde guztietako proletarioak, elkar zaitezte! Ezagutzen dugun normaltasuna eta haren inertziaren alde, noski”. Entzun dute, hilkutxatik atera dira eta badoaz Karl Marx eta Friedrich Engels EasyJet batean, Gaspar Llamazaresi gauza pare bat esplikatzera; ez dagoelako deretxorik igitai mailu soviet Potemkinak deformatzeko Los Serrano-ren azken kapitulua baino patetikoagoa den esaldi honetan.
Iritsi dira Espainiako Kongresura. Jarri dira elkarri begira Marx, Engels eta Llamazares eta ez dago oso argi hiruretatik nor dagoen hilda. Konprobatzeko modu bakarra da, glups, haginka hastea.
Iraultza gorriaren aitajaunek diputatuaren sekretu iberikoak murtxikatzen dituzten bitartean, aprobetxatuko dugu esateko ez garela sobera harritu adierazpenarekin. The Simpsons telesailak aurreikusi zituen Llamazaresen estiloko pertsonaiak: Espainiako politikaren Seymour Skinner da, iniziatibarik ezagutzen ez zaion tipo gris, aspergarri eta e-ra-bat aurreikusgarria, zeinaren meritu politikoen artean dagoen IUk lortu izana historiako emaitzarik eskasenak. Hauteskundeak beti galtzea, ordea, ez da “lurralde ezezaguna”, baizik eta “ezagutzen dugun normaltasuna”. Eta haren inertZZZzzzZZZzzz
Ups, lo hartu dugula, bukatu al dute hauek Gasparrekin? Itxoin, itxoin, gehiago ere badaude eta: Kataluniako egoeraren aurrean deskoloke inportante bat daukaten progre, ezkertiar eta ultra-ezkertiar espainiar guztiak triparatzen hasten badira, Manifestu komunista baino, hau izango da Platonen Oturuntza.
Zonbi bat dabil Europan barrena, komunismoaren zonbia. Eta bere izenean hitz egiten duten gorpu politikoak ikusten dituenean, hortzak izerditan hasten zaizkio.
1 Iruzkin
Egiari zor, Llamazares, nahiz IUko aparatura Alderdi Komunistaren bidez iritsi, asturiarra PCEtik aldendu egin zen eta bere burua ikuspegi ekosozialista, plural, ez-dogmatikoaren ordezkaritzat du, Izquierda Abierta izeneko erakundetik. Geroago, Euskal Herrian Ezker Batua banandu zelarik, “madrazistei” babesa ematen ikusi genuen IUren erabakiaren kontra.
Llamazares komunista ez da aspalditik. Ez dakit nola ez duten oraindik IUtik kanporatu.