Zinismo hitzaren definizioaren ondoan Felipe Gonzalezen esaldi hau agertuko da, noizbait, hiztegiren batean. Denbora kontua da. Edo agian ez. Agian denborak garbitu egingo ditu Espainiako presidente izan zen garaiko estatu-krimenak. Lixibak eta zenbait hedabidek mirariak egiten dituzte horrelako delituekin: jada ez da geratzen 1985eko odol-arrastorik Baionako Monbar hotelaren aurreko espaloian; Hendaian, Peru eta Steinen autoa aparkatuta zegoen lekuan ez duzu bala-zorrorik aurkituko; Juan Carlos Garcia Goenaren autoaren burdin lehertuak ere ez. Desagertu dira: hildakoak, krimenen arrastoak. Errudunak zigortzeko aukerak ere bai, segur aski.
Ia atzo goizean diru publikoz atentatu bat ez baimendu izanagatik damututa agertu zen presidente ohia: “Denak saltarazi eta burua mozteko aukera dago. Erabakia bai ala ez da. Sinplifikatuko dut, esan nuen: ez. Oraindik ez dakit zuzen jokatu nuen”. Leporatu zioten zerbait hori esan zuenean? Zabaldu zen artxibatuta zegoen kasuren bat? Hori publikoki adieraztea ez da delitu-zantzua?
Nire buruari galdetzen diot zer pentsatzen ote duten GALek hildako pertsona bakoitzaren senideek Gonzalez besteen ustezko kulpei buruz hizketan entzuten dutenean, ongiaren eta gaizkiaren gainetik balego bezala, zigorgabetasuna bezalako terminoak arintasun jasanezin honekin erabiliz. Erreferendum bat deitu zuen presidentea justiziaren aurrera eramateaz ari da, estatua “estoldetan ere” defendatu zuen presidentea. Eta Gonzalez bezalako figuretan laburbiltzen da Kataluniako independentismoaren aurka indarberritu den Espainiako estatu-proiektua. Ezagutzen genuen, baina inoiz ez dago soberan gogora ekartzea zein iraingarria izan daitekeen.