Eusnob zikloaren amaiera eta anti-guaismoaren genesia

Gorka Bereziartua
0
Usopop festibalaren amaierak markatu du akaso eusnob zikloaren amaiera definitiboa (argazkia: Elodie Grègoire eta Caroline Derselle).

Denborarekin problema bat daukagu kulturaren asunto honetaz aritzen garen letra-juntatzaileok. Niri behintzat, inbidia ematen didate kirol kazetariek edo politikaz aritzen direnek, zeren eskribitzen dituzten gaietan badirudi pitxitxi guztiak –irakurleek, kazetariek eta informazioetan agertzen diren pertsonek– eztabaidatu ere ez dutela egin behar adosteko noiz iritsi den euren gaia inflexio-puntu batera: izan denboraldi amaiera, txapelketa batetik kanporatua izatea, kopa bat irabaztea, hauteskundeen ondorengo astea edo gobernu berri bat osatzeko paktua. Argi, garbi, klarki eta suharki ikusten du amaren alaba orok horiek direla gauzaren norabide orokorraz eztabaidatzeko momentuak, irekitzen diren aukerak aztertzeko eta zikloak itxitzat jotzeko.

Baina kulturako sekzioan ari den kazetari dohakabeak seinaleak ikusten saiatu behar du –“arrastoak elurretan, arrastoak elurretan”, kantatzen du Ruperrek– eta horiek ere ez direnez bereziki nabarmenak, momentu batean barrua jaten hasten zaion spleen egoera deszifratu beharrean aurkitzen da, zerbait definitiboki eta erremediorik gabe bukatu dela ondorioztatzeko.

Beraz, harira: agian nire gauza da edo agian, baliteke, posibleena da, seguru nago, badagoela ni baino listoagoa den jendea honetaz aspaldi konturatu zena, baina ni behintzat azken asteotan iritsi naiz guztiz konbentzituta egotera: euskal kulturaren “eusnob zikloa” amaitu da.

Noiz amaitu den zehazki, zaila da konkretatzen. Batzuek esango dute azkeneko Kafea eta Galletaken, Morauk eta Beñardok Bada sekula itzaltzen ez den argi bat kantatu zutenean izan zela, Leire eta Ibon taula gainean beraiekin dantzan aritu zirenean, izan ere, Mursegok bere abestian aipatzen zuen lehenbiziko gauza Gernikako ekimen musikala zen eta behin hura bukatuta, biharko eusnob hipotetikoek elkar ezagutzea gertagarri bihurtzen zuen eszenatokia desagertu da.
Baina nik ez nuen jakin seinale hura behar bezala interpretatzen.

Ezta hamar urteren ondoren Beasaingo Jazpana festibala amaitu zenean ere. Oraindik nire tinpanoak ez dira guztiz errekuperatu jaialdi hartako kontzertu batzuetatik, baina onartu beharko da: galdutako gerra baten markak besterik ez dira dagoeneko.

Usopopen hamargarren edizioa ere pasa berri da, despedida usainarekin. Eta hori ikusita bai, hasi nintzen deskodetzen zergatik sentitzen nuen azken urteotan nostalgiaren eta doluaren arteko sentimendu zehazgabe –baina berdin-berdin mingarri– hori.

Eta errebelazio baten gisa hasi zitzaizkidan ziklo-amaieraren zantzuak agertzen nonahi: Angel Errok txioak idazten jarraitzen duela, adibidez, baina batez ere zutabegintzan diharduela; eta uste dut denon izenean hitz egiten dudala esaten badut Lerro etena aurkeztu zuenean taktelezko txandalarekin eta gorbatarekin agertu ordez existentzialista frantses baten plantak egiten azaldu zenean, zerbaitek kra! egin zigula barruan.
Sintomak, sintomak, sintomak edonon: euskal blogosfera, gure berpizkunde digitala prometatu zuen espazioa, ia profesionalen esku geratu da –alegia, lerrook idazten dituena bezala jende asperramorranteak okupatu du blogari askoz injeniotsuagoek utzitako terrenoa–. Separatak, adibidez, 2016an argitaratu zuen azken posta eta Beñat Sarasola iritzi-artikulu kiskalgarriak eta poema abangoardistak publikatzen aritu beharrean, hor ari da nobelagintzan, idolo berrien bila ari den populuak Saizarbitoriarekin konparatzen duela.
Bada ia urte bat Anti-gona bloga ere geldirik dagoela eta Leire Narbaizaren moda-aholkuen sikateak esplikatzen du, adibidez, zergatik abonatu diren bertsolariak berriz ere Decathlon-era, Igor Elortzak oholtza gaineko janzkerari egindako ekarpen errimeak alboraturik. Galdutako beste bataila bat.
Love of 74 ere ez zaigu geratzen jada: kritika gastronomikora pasa da. Galera handia iruditzen zait. Pop Pilulak fanzinearena bezala, bestalde –gogoan zaitugu–.

Euskal txiolandia, behinola arroz guztien currya zena, gaur egun laburbildu daiteke ezker abertzale ofizialaren eta disidenteen arteko eztabaidetan, euskalkizale eta batuzaleen arteko gauerdiko dueluetan eta euskaldungo aspertua noizean behin lozorrotik ateratzeko antolatzen diren ekimen bateratzaileen ñabardurarik gabeko propagandan –arnasgunes, arigunes y esas cosas–. Eta Iker Laurobarena, hobe komentatzen ez badugu.

Ez dago zalantzarik, erretirada jotzen ari den ejerzitoa da eusnobena, korrika, iheska, itsuan atzerantz tiroka.
Ez zaigu zinema eta telesailak komentatuz nabarmentzeko aukerarik ere geratzen: jende guztia ari da gauza berdinez hitz egiten eta distintzio-itxura emateko Game of Thrones ez duzula ikusten esaten baduzu, soziopata arriskutsu baten itxura hartzen duzu, ez kapital kulturaltxo bat daukan tipo guai batena. Hasi zaitez giro horretan Fritz Lang, Truffaut, Tati, Varda, Visconti, Houston, Kaurismaki, Kiarostami, Kusturika, Kawase, Kurosawa, Kim Ki Duk, Jarmusch edo Rosales aipatzen eta LOSER bat bihurtuko zara, horrela, handiskuletan idatzita.
Umezurtz geratzen joan gara: Angel Aldarondok duela lau urtetik ez du bideorik igo Kosmikarrera. Hobe duzu ez begiratzea zenbat urte diren Orain: programa ETBtik kendu zutela. Lapiko Kritikoa jada ez da existitzen. The Balde ere ez. Ataun of the Dead trilogia bukatu da. Oso goian. Baina bukatu da. Celosamente gordea ere bukatu zen: inork ezingo du ordezkatu, inoiz ez, inola ere ez. Pecozza Unitedi buruz beste hainbeste esan daiteke. Ez zaizkigu geratzen 3gabe2-ren post-erromeriak ere.
Ez zaigu geratzen ia ezer.
Onar dezagun: eusnobarenak egin du. Definitiboki.

Uste dut M15ari gertatu zaion gauza bera pasa zaiola: zerua asaltoz hartu nahi izan zuela eta esnatzean dinosauroak Maltzagako errotondan bueltaka segitzen duela, Ez Dok Amairu berri baten premiarekin matraka ematen.

Baina tira, Iruñeko Udala galdu eta Gasteizkoa ez irabazi ondoren Arnaldo Otegik hogei zentimetroko irribarrea erakutsi baldin bazuen, zergatik ez dugu antzeko zerbait egingo. Azken finean, hemen alegratzen ez dena horretarako motiboak bilatzen tematzen ez dena da, eta ezin uka eusnobak badauzkala arrazoiak pozik egoteko ere. Eta ez, ez dut esaten bukatu berri den ziklo honek eman dizkion popularitate momentuengatik –ke si ni Gure bazka-n atera nintzen, ke si ni Tokiz kanpo-n–, baizik eta post-eusnobismoan murgiltzen ari garen honetan, seinaleak ikusten dakienarentzat, Mursegoren beste hamabost kanta egiteko adina gauza oparoki ari direlako hazten inguruetan: Tupust! bezalako argitalpenak nahi izango genituen pastazko lehen betaurrekoak jantzi genituenean; eta Farmazia Beltza; eta azkenaldiko komiki-uzta; eta Katakrak argitaletxea ere bai; eta Kaskezur eta Lurperkariak eta Paxkal Irigoyenen milaka esperimentuak; eta Ibon RG, azkenik, bakarkako disko bat argitaratzen; eta ZuZeuren podcastak; eta Maddi Barber, Irati Gorostidi eta Arantza Santestebanen pelikulak; eta Ansible festibala; eta Itziar Ugarteren, Andoni Imazen, Jaione Dagdromerren artikuluak; eta Azpeitiko Dinamoa; eta Tobacco Days eta Brönte liburu dendak; eta lehen aldiz antolatu den Ziburuko liburu-azoka; eta Trapnaldoren Instagram kontua; eta zerrenda hau jada luzeegia da, beraz ez dut segiko.

Eusnobismoa ez baita amaituko gauza guaien produkzio faltagatik. Gauza guaiak karroka daude, begiratu ingurura, nonahi aurkituko dituzu, inoiz ez dira hainbeste egon. Horrenbeste gauza guai dago, ezen guai izateak goranzko joera daukan aktiboa izateari utzi diola kapital kulturalaren burtsan.

Orain tokatzen dena, antza denez, anti-guaismoa da. Mundu guztia gauza guaiak egiten ari denean, guai ez izatea baita benetan guai izateko modu bakarra.

Badakit oso korapilatsua dirudiela, baina egidazue kasu, munduko logika guztia dauka eta hori da datorren zikloaren ezaugarri printzipala.

Ea orain nor animatzen den asuntoaz kanta bat-edo egitera, garai berria behar bezala inauguratuta gera dadin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA