Zabaldu xamar daude mito batzuk, adibidez, komikia dela literatur generoen artean “popularrena”, klase sozial guztietako jendeek irakurtzen dutela; eta adin guztientzako dela, 7 urtetik 77rainoko gazteentzat; Frantzian bereziki arrakastatsua dela generoa… tar, tar, tar. Ideia horiek desarmatzen dituen artikulua paratu zuen Xavier Guilbertek urtarrileko Le Monde Diplomatique-en. Berandu bagabiltza ere, merezi du irakurri bat ematea.
Datuen argitara, komiki-irakurle kopurua unibertsitarioen artean hazi egiten baita; 7 urtetik 37ra bitartean daude irakurle gosetienak; eta Frantziako arrakastari dagokionez… bai, urteko 34 milioi komiki inguru saltzen omen dira. Baina jarri biñeta kopuru hori CDen aldean. Ahoz aho dabil inork ez duela diskorik erosten, ezta? 90 milioi erosi zituzten galiarrek 2008an.
Ez maila sozial guztientzat, ez edozein edadekoen gustagarri; eta ez hain arrakastatsu, Frantzian bertan ere. Guilberten galderak luzatzen ditu: nola ulertzen da komikia oraindik arte “popular”-tzat edukitzea, datuek beste nonbait kokatzen badute? Zergatik baztertzen dute Alain Finkielkraut bezalako intelektual handiusteek?
Gauza bat argi dago: adjektiboak ez dio mesederik egiten, batere. Asko saltzen dena da popularra, edonork ulertzeko modukoa; arrakastatsua; konplexutasunak maite ez dituen “populu” horri zuzendutakoa… Kontsumo errazekoa, hitz bitan.
Ikuspuntu murritza, dena zaku berean sartu zalea.
Horregatik zabaldu da, agian, “nobela grafiko” kontzeptua azken urteotan. E-Gorrek iazko abenduan esaten zuen moduan, komikia prestigiatzeko, dotore, elegante, are ramegante itxura emateko argitaletxeen marketin-operazioa izan liteke. Bederatzigarren artearen zaletuek oso gustuko ez duten operazioa, bide batez. Baina oso adierazgarria, masa-kulturaz sarritan entzun duguna (jada ez dagoela goi- eta behe-mailako kultur produkturik) ezeztatzen duelako.
Ez dagoena, komikiari buruz ari baldin bagara, hedabide nagusien arreta da, eta behar bezalako kritika, obra bakoitza baloratu ahal izateko. A, eta euskaldunon kasuan, hori egin ahal izateko gutxieneko produkzioa, noski.
Baina tira, “jaioko dira berriak”… espero.
4 Iruzkin
[…] This post was mentioned on Twitter by Euskal blogosfera, Euskal blogosfera. Euskal blogosfera said: #euskalblogosfera Komikiak, nobela grafikoak eta batere mesedegarriak ez diren mitoak: Zabaldu xamar daude mito ba… http://bit.ly/bppq3F […]
Mmmmm… “ramegante”… Non irakurri dut nik hitz hori?
Azken ideiari dagokionez Gorka. Le Monden liburuen gehigarriak ostiralero dakar bere bigarren orrialdean komiki (BD) edo irudi-eleberri baten inguruko erreseina.
Bestalde, eta wikipediatuz oso azaletik, graphic novel adiera lehenengoz 1971an Archie Goodwin jaunak erabili zuen (Watchmen bera 87koa da eta izen horrekin argitaratua). Beraz, nire ustez, ezin esan, 39 urte erabiltzen den adiera marketing operazio berria denik 2009 inguru horretan. Hau da, 1971 osteko TMEO edo Napartheideko zinta eta komikiak, edo Habekomiken album bikainak, hori ziren, komikiak eta albumak eta zintak.
Ez dut zentzu handiegirik ikusten honen inguruko eusko-polemikan: orain dena omen da irudi-eleberria (beraien burua horren baitan sartu nahi izan ez dutenek erebai, 71 ostekoak ia denak) eta aldi berean irudi-eleberria literatur munduarentzako konspirazioa omen da frikitasunetik zenbait produktu merkatu-habi berrietan salgarri izateko.
Agian, honek guztiak izan dezake lotura autofikzioaren asuntu horrekin, 1977an asmatu zen neologismoa baina, antza, orain heldu da euskal letretara, eta orain denok diogu jada aurretik egina zegoela.
Ramegantziak jota dago euskal literatura, ezbairik gabe. Beste literaturekin ere aldea gurean, kanona ez izateak (kanonizatu behar dutenek antza ileapaindegietan irakurtzen dugunaren gustu/argudio bera dute) ez digu aukerarik ematen kanona ezbaian jartzeko, beste kanonak proposatzeko. Antza ez dago zentro eta periferiarik ez autore ez generoetan, idazleek ez dituzte jada bigarren mailako obrarik idazten, ez daude ere bigarren mailako idazlerik. Dena da irudi-entziklopedia, edo entziklopediarako irudi ramegantea (bis).
Adeitasunez,
Aupa Hedoi!
Frantziako prentsari dagokionez, aitortzen dut, inorante hutsa naiz. Zeozer ibiltzen naiz, zizka-mizka, baina gutxiegi balantza franko-espainola bigarrenaren alde desorekatu ez dadin. Hori bai, Le Mondekoa jakinda, noiz zer begiratu badakit hemendik aurrera. Gainontzean noizean behin Du9 weba begiratzen dut (hain zuzen ere Xavier Guilbertek gidatzen du).
“Nobela grafiko” izenaz: noiz sortua zen ez nekien, baina bai azken aldian geroz eta gehiago entzuten dudala. Eta ez nau konbentzitzen, “autofikzio” delakoak konbentzitzen ez nauen modu beretsuan. Etiketek, orokorrean. Nahiago izaten dut egile konkretuez hitz egin, uste dut errazago ulertzen dugula elkar etiketekin hasita baino.
Gainontzean, euskal literaturako ramegantziaz esaten duzunarekin, erabat ados nago. Azalpen, nola esan… ramegantea egin duzu.