Ihes eder baten ondotik, ihes berriak etorriko dira

Gorka Bereziartua
2

'Ihes Ederra'-tik hartutako irudi bat
'Ihes Ederra'-tik hartutako irudi bat

Iñigo Astizek xehe-xehe azaldu zituen gurean Ihes ederra liburuaren bertuteak duela hilabete batzuk, eta beraz, ez da nire asmoa Etxartek eta Urrutiak egindako lanaren aupamen berririk egitea. Denbora darama dendetan, irakurleek eskutik eskura darabilte, eman du zeresana franko, baita emango ere, eta jurnalistak ez dauka daborduko ezer interesgarririk eransteko. Ez liburuaz behintzat. Bai, beharbada, sortu duen efektuaz.
Esplika nadin: aspaldian ez zuen irakurleak ikusiko argitaletxe inportante baten aldetik halako posturarik testu hutsez osatuta ez dagoen nobela baten alde. Komiki gutxi euskaraz, argitaletxe espezializaturik ez Saureren salbuespenarekin —oasia, baina txikiegia— ezta, orain arte behintzat, editorial estandarretan sailik, halako lanik publikatzeko.
Baina orain arte diot, ematen baitu hori aldatzera doala: Alberdaniak erruletako jokalari ausartarena egingo du eta irabazi dituen fitxak berriz jarriko ditu mahai gainean. Zurrumurruek diote sail bat sortzea dutela buruan, urtean pare bat irudi-eleberri publikatzeko asmoarekin. Eta gidoilari-marrazkilari batzuk ari dira lanean dagoeneko.
'Urbieta kaleko borroka' komikitik hartutako irudia
'Urbieta kaleko borroka' komikitik hartutako irudia

Ez da Alberdaniaren apustua bakarrik: kurioski, hiruzpalau asteko tartean beste bi komikiren berri ere izan dugu. Bata, berrargitalpen bat: Urbieta kaleko borroka liburuxkaren hirugarren edizioa aurkeztu berri baitute Potxo Edizioaken eskutik. Felix Likiniano militante anarkistak 36ko Gerran Donostiaren defentsan egindako lana du ardatz. 1979an argitaratu zen lehenengoz, eta egilea, J.J. Pi, nor den argitzeke dago oraindik.
Beste komikiaz are informazio gutxiago eskainiko dugu, misterio giroan gaudenez: antzerkilari ezagun batek egin du gidoia, Euskal Herri kontinentaleko mendietan dago girotua eta… horraino irakurriko dugu, oraingoz.
Duda gutxi: berri onak dira. Euskarazko komikien irakurlegoa sortzeko aukerak ugaritu egingo dira obra kopurua apurka emendatzen bada. Eta pentsatzen jarrita, arraroa ere izan da orain artekoa: idazle eta marrazkilariak ez dira falta Euskal Herrian, baina elkarlan iraunkorrik ez da sortu. “Ihes ederra efektua”-k —barkatuko didate Etxartek eta Urrutiak sintagma puztuegia iruditzen bazaie— ekar ditzala, beraz, ihes berriak.
[ARGIAren 2.239. zenbakian argitaratzekoa]

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA