Orduan eseri nintzen ordenagailu aurrean, egun osoan nabarmentzeko moduko ezer gertatu ez zen sentsazioarekin. Are gehiago, nire artean pentsatuz pasa berria zen astea albiste aldetik kamuts xamarra geratu zela. Zero inspiragarri.
Larri nengoen beraz, igandea izanik zerbait idatzi beharra baineukan; eta hasia izango nintzen, segur aski, Anton Txekhoven ipuin hartako Ivan Krasnukin bezala, gorputza baino gehiago arima nekatzen duen ofizioa edukitzeagatik kexaka: “Leher eginda zaude, moralki agortuta, malenkoniari guztiz emana eta, hala ere, giltzapetu zaitez zure bulegoan eta idatzi! Eta honi deitzen zaio bizitza?”.
Irakurlea horrelako kontuekin ez aspertzea erabaki nuen, hala eta guztiz ere. Azken finean, berak ere izango zituen bere problemak, dudarik gabe nire arazotxo hau baino inportanteagoak. Errespetu pixka bat zor nion. Eta gauza interesgarriren bat kontatzea ere bai, astelehendutako jende grisez beteriko autobus batean lanera joango zen momentuan bere pantailari txirbilen bat ateratzen saiatzeko. Baina zer?
Halako batean agertu zen, kasik fitxatuta neuzkan hedabide guztien zoko ilunenak ere miatu ondoren, baina agertu zen. Lehen EITB izenez ezagutzen genuen hedabidean –zeinak, estrategia digital berri eta txatxipiruli bati esker, orain ilegalizazio garaiko ezker abertzalea dakarren gogora: astero izen berriren bat asmatzen diote–, ikusi nuen albistea baino are mamitsuagoa zen zerbait: tendentzia bat.
Izan ere, momentu horretan Orain.eus-eko notizia nabarmenduen artean, bost aldiz aipatzen zen “historia” hitza edo haren aldaeraren bat. Laboral Kutxaren emaitza historikoak, Zinemaren Akademia sortuz euskal ikus-entzunezkoen sektoreak emandako urrats historikoa, Kopako final bat kontatu zuen lehen emakumea izateagatik historia egin duela Maitane Urbietak; Gernikako bonbardaketaren eta Txernobylgo eztanda nuklearraren urteurren, noski, historikoak.
Eta bitxia iruditu zitzaidan ze, adibidez, une berean, Trumpen aurkako atentatu-saiakeraz aritzean ez zuten historia aipatu –enfin, egia da ohikoa bihurtzen ari dela asuntua, baina…–, ezta Pako Letamendiaren heriotzaren titularrean ere; edo ETSk euskaraz kantatuta Madrilen 15.000 lagun bildu zituela kontatzean. Baina horietan ere H hitza jarriz gero, kasik bi albistetik batean erabili ahalko zuten. Eta ni, bitartean, ezer inportanterik gertatu ez zela pentsatzen.
Baina serio: urtetan gogoratzeko moduko hainbeste gauza gertatu al ziren asteburuan? Ez dakit ba. Albisteek hainbestetan deitzen diote historiari azken aldian, ezen zalantza eragiten baitit gertatzen ari denak: historiaren zentzua debaluatu samar ez ote daukagun iruditzen zait; edo beharbada albisteak dira oso baxu kotizatzen dutenak eta, balio erantsi bat eman nahian, historiaren motxilatxoa eransten zaie, ea pack horretan bilduta bezero gehiago erakartzeko gai diren.
Hirugarren aukera ere ez zitzaidan baztertzeko modukoa iruditu, nolanahi ere: hitzak falta zaizkigula, alegia. Zerbaiten garrantzia seinalatu nahian ari garenean historiaren topikoa zarakatzeko tentazioa handiegia dela, beste topiko batzuk ere baztertzerainokoa –prentsan ez da mugarririk jartzen aspaldian, adibidez–, zer esanik ez albisteari pisua emateko erabili izan diren bestelako formulak –erabaki transzendentalak, emaitza galantak, urrats determinanteak… ez bilatu lerroburuetan horrelakorik, desagertutako espezieak dira–.
Total, gogoeta horiek pixka bat ordenatuta, lortu nuen azkenean match ball hura salbatzea. Artikulua prest zegoen bidaltzeko. Baina dokumentua gordetzean konturatu: pieza horrekin 200 Ezetz astea ondo bukatu idaztera iritsi nintzen. Joder, ARGIAkoei abisatu beharko nien: inork ez zuen lehenago horrelako markarik lortu aldizkariaren sail horretan, seguru. Lorpenaren garrantziaz jabetu behar zuten. Egin berri nuena zen, nola esan… historikoa!