Batzuetan aski da ergelkeria bati begira-begira geratzea, konturatzeko: hemen bada zerbait ezkutuan; ulertu behar nukeen zer edo zer. Iruñeko entzierroetan aurten agertu den Joker hori, adibidez. Kaskoa galbahe zahar bat eginda daukan bat, dudarik gabe. Lelantoni txatxu ganorabako pikabuztan txotxoloa. Nik neuk behintzat, duda gutxi. Hasieran. Baina segi dut tipoari buruzko albisteen hariari tiraka eta, aizue, zenbat burujangintza eta kontrapentsaketa azken egunetan. Asuntuak bai baitauka, nik uste, azalkia ireki gabe utziz gero ikusten ez den mezuren bat. Esku biei tu egin eta ondo igurtzi ondoren, beraz, hel diezaiogun zezen honi adarretatik.
Goazen 2019. urtera: Joker estreinatu zen, Todd Phillipsek zuzendutako filma, Joaquin Phoenix ikaragarria –hitzaren zentzu guztietan– protagonista duena. Hasieratik eman zuen zeresana: gizarteak baztertutakoen iraultza aldarrikatzen du? Ala fabula erdi-nihilista erdi-faxista da? Erantzun argirik gabe jarraitzen dut zazpi urte pasa eta pelikula lauzpabost aldiz ikusi ondoren, Santi Leonék idatzi zuen moduan, film konplexua eta tranpatia baita, ikuslearen enpatia Arthur Fleck protagonista gaixoaren alderantz lerratzen duena, crescendo kriminal baten bidez hasierako emozio onbera guztiak sentsazio arraro eta kezkagarriagoetara eramaten dituen arte.
Duda gutxi daukat, dena den, pelikularen gai zentraletako bati dagokionez –osasun mentalaz, ongizate estatuaren gainbeheraz, prekarietatearen aldaera guztiez, haurtzaroko traumez eta abarrez gain–: Joker arretaren ekonomiari buruzko filma da, hitz egiten diguna besteentzat ikusezin bilakatzeko terroreaz, begirada guztiak norberarengana erakarri beharraz, jendeak kasu egitea lortzeko egoera umiliagarrien protagonista bilakatu beharraz. Izan ere, Arthur saiatzen da stand up komediagile gisa bidea egiten; bere ikuskizunean inork ez du barrerik egiten, ordea. Baina egoera triste hori biral bilakatzen denean –arreta negatiboaren txanpon toxikoak–, beraren lepotik barre egiteko gonbidatuko dute audientzia handiko late night saio batera.
Filmeko Jokerren antzera, Sanferminetan agertu dena ere ez ote da ari, nola edo hala, bere jarrera deitoragarri guztien bidez, existitzen dela adierazi nahian? Pentsatzen aritu naiz zergatik atera zuen telefono mugikorra joan den larunbatean, José Escolar ganadutegiko zezenkoteen adarren aurrean korrika ari zen bitartean. Ea momentu hura bideoan grabatzea zen benetako xedea, hamar zentimetroko adarkada jasateko arriskua eduki arren; edo lerdokeria hori egin zuen, hain zuzen, bere gorputzean bostehun kiloko adardun baten oldarra jasateko prest zegoelako, azio horrekin benetako zerbait sentitzera iristeko –eta ondorengo lesioen bideoek plataformetan ekarriko zioten inpaktuagatik, noski–.
Gauzari alde horretatik begiratuta, bidea pixka bat malkarragoa bilakatzen da, Sanferminetako Joker teteilu kirten kaiku astapito marmitaburua ez baita, beharbada, estraktibismo turistikoari saldutako Sanferminen emaitza grotesko bat besterik. Deformazio bat, filmeko Arthur/Jokerren barre-algara eroak bezalako zerbait. Baina beharbada deformazio larriagoei buruzko abisu bat ere bai: Hiri Buruzagiko jendearena zen jaia merkatu globaletan salgai jarri, azken zentimoraino ustiatu eta espektakulu huts bihurtu nahi duten pailazo guztiek gehiago kezkatzen naute, egia esan.