Etsaia algoritmoa (izan) da(iteke)
Aurreko blog bidalketa, blog honen aurkezpen sinple bat baino ez zen.
Autodefentsa digitaleko tailerrak antolatzen ditugu informatika elkartean. Aktibistei zuzendutakoak. Helburu nagusia teknologiak gure egunerokotasunean duen eraginaren eta zelatatze sistemen inguruko hausnarketa kolektiboa egitea delarik. Bide batez, bideragarria den heinean, zelatatze sistema horiek ekiditen ikastea da bigarren helburua. Izan ere, Euskal Herrian badira gu zelatzeko zenbait proiektu; asko urrundu gabe SITEL, OSEMINTI edo Schengen Information System kasu. Baina baita PRISM ere.
Kontua da tailer horietan guztietan estatu zelatarien gaiak eklipsatzen duela hausnarketa guztia. Medioetan entzuten ditugun albiste gehienak gai hori jorratzen dutelako. Baina oso gutxitan irakurtzen ditugu algoritmoen inguruko artikuluak. Eta gaur egun, etsaia Big Data delakoa da. Behintzat, hala interpretatzen dut nik neuk. Edonola ere, honek ez du esan nahi estatuen zelatatze sistemak borrokatu behar ez ditugunik.
Bi aktore nagusi daude jokoan, etorkizunean aurkeztuko dizkizuet gehiago. Alde batetik, algoritmo okerrak (algoritmo onak ere badaudelako), zelatatze helburuekin, argibide zehatz batzuk definitzen dituen kode zatia. “Arazo” jakin bati irtenbidea emateko modu “logikoa”. Bestetik, Big Data (Datu Handiak edo Datu Masiboak euskaraz) delakoa, prozesatzeko datu ugari dituzten sistema erraldoiak, datu konplexuak gehienetan. Analisi desberdinak eginda, eta algoritmo andana erabilita, datu horiek prozesatzeko gaitasunari deritzogu Big Data. Arin esanda.
TEDx Talks-en, Maria Peiranok, burututako hitzaldi labur baten bideoa jartzen dugu hasieran aipatzen nituen tailerretan. Hitzaldian aipatzen duenaren arabera hiru akats nagusi burutzen ditugu Internetetik nabigatzean. Eta bat nator berarekin. Lehena eguneroko nabigazioan sortzen dugun informazio kopuru handia gutxiestea, bigarrena informazio horrek duen balioa mespretxatzea eta hirugarrena gure arazorik handiena estatu zelatariak direla pentsatzea.
Eta bai, estatuek badute gu zelatatzeko hamaikatxo erreminta. Baina ez dituzte behar. Teknokapitalismoak erakutsi digun moduan gu geu gara datu horiek guztiek, debalde eskaintzen ditugunak. Gure etxeko adreiluzko hormak leiho bihurtuz. WhatsApp, Facebook, Twitter edota Instagram bezalako zerbitzuak erabiltzen ditugun bakoitzean gure bizitzaren zati bat plazaratzen dugu. Gure gorputza (eta aktibisten kasuan ideiak) plaza handi horretan biluzten ditugu. Musu-truk. Informazio guzti horren existentzia hutsak, eta algoritmo okerren laguntzak, imajinatu ezin ditzakegun moduetan ahul bilakatzen gaitu.
Zelatatze maila hau estatu demokratiko batek izan dezakeen gaixotasun larriena da.
[…] Argiako blog honetan argitaratu nuen lehen artikuluan, zera esan nuen: Etsaia algoritmoa (izan) da(iteke). […]
[…] Argiako blog honetan argitaratu nuen lehen artikuluan, zera esan nuen: Etsaia algoritmoa (izan) da(iteke). […]