Burujabetza teknologikoa

Azken urteotan Euskal Herrian eman diren dinamika askok burujabetzaren inguruko hausnarketa sakona egiteko parada eman digute.

Elikadura burujabetza, burujabetza energetikoa, informazio burujabetza, burujabetza feminista… hamaikatxo izan dira burutu diren proiektu, ekimen eta mobilizazioak. Taldeka edo nor bere buruarekin. Burujabetza teknologikoaren alde ere, proiektu oso interesgarriak gauzatu direla jakin badakit, baina oraindik ondo barneratu ez dugun kontzeptua dela esango nuke.

Informatika askearen inguruan berba egitea ez da gauza erraza. Hartzaileak – orokorrean, eta salbuespenak salbuespen – arraro begiratzen gaitu. Kontzeptuak txertatzea lan sakona da eta askatasunaren inguruan egin beharreko hausnarketak bigarren maila baten usten du burujabetza teknologikoa. Teknokapitalismoak gu baino erreminta dezente gehiago izan ditu eskura.

Ulergarria deritzot gai interesgarri bezain mamitsua den burujabetza teknologikoaren inguruan berba egiten digutenean kontzeptuetan galtzea. Burujabetza teknologikoa kontzeptu oso zabala da. Zerbitzari autonomoen inguruan berba egin genezake, sare egitura fisiko libreen inguruan, autokudeatutako sare sozial digitalen inguruan, fedibertsoaren inguruan, hardware librearen inguruan… jorratuta dauden bezainbeste proiektu daude egiteke. Eta horrek motibatu beharko liguke. Lan guzti hori harribitxi bezala sentitu beharko genuke aktibismo teknologikoan lanean gabiltzan ekintzaileok.

Gauzak horrela, R/hack 2019 hackmeting-a baliatuz, burujabetza teknologikoaren inguruan aritzen garen erakunde eta norbanakoak bilera batera deitzen ditugu. Bilera honen helburua Euskal Herrian burujabetza teknologikoaren alde lan egiten hari garen eragile desberdinek, taldeak zein norbanakoak, elkarrekin biltzea eta ditugun indarren, asmoen eta beharren berri izatea da. Elkar hobeto ezagutzeaz gain, etorkizunean antolatu daitezkeen ekimen komunen ardatzen inguruan eztabaidatu eta agendak partekatuko ditugu.

Horretarako, irailaren 21an (goizez), Gasteizeko Errekaleor auzoan bi orduz elkartuko gara.

Hezkuntzan indar berezia egiteko asmoz egin dugu deialdia, baina deialdi zabala da. Bilera horretan eraiki dezakeguna jakin ez badakigu ere, denon artean eraikitzeko moduko etorkizunak amesteko aukera emango digu.

Animatuko zara?

Behar zaitugu hacktibista… (osatzeko komunitate librea).

Erantzun bat “Burujabetza teknologikoa” bidalketan

  1. Izaro(e)k dio:

    Kaixo!
    Ados nago zurekin, behar-beharrezkoa da burujabetza teknologikoari buruz gehiago hitz egin eta hausnartzea! Gustora joango nintzateke zuokin batera Errekaleorrera, baina beste batean izan beharko du!
    Han hitzegindakoaren zatitxo bat hemendik irakurtzea espero dut 😉
    Ondo izan,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude