Errebelde digitalak
WhatsApp, Facebook, Instagram, TikTok, Mastodon, eposta-helbide pertsonala eta laneko eposta-helbidea, Telegram, Egunean behin, HBO, Netflix, Riot.im, Signal, Spotify, Adopta un tío, Tiny Tiny RSS… libre zein pribatibo, luze jo nezake.
Ez, goiko paragrafoan zerrendatu ditudan aplikazioak ez dira modan dauden azken aplikazio berritzaileenak. Ez dira, ezta ere, denok probatu beharko zenuketen aplikazio zerrenda. Eta, batez ere, ez dira aro digitalean gure telefono mugikorrean instalatu behar ditugun ezinbesteko aplikazioak.
Gure telefono mugikorra egunez egun jakinarazpenez blaitzen dituzten aplikazio madarikatuetako batzuk besterik ez dira.
Atzo iritzi artikulu hau irakurri nuen. Bertan, azkenaldian, zenbait nerabeek hartzen ari diren kontzientzia digitalaren berri ematen zaigu. Zenbait adibidez hornituz. Ez da inondik inora gai hau jorratzen duen artikulu bakarra, ez eta azkena ere. Baina artikuluan irakurritako esaldi honek: “Aquesta sobirania dels sentits i les emocions la viuen com la conquesta més rebel.” aho bete hortz utzi ninduen autobusean irakurri nuenean. Tristea benetan errebeldia-maila parametro horietan neurtzeko beharra sentitzea.
Gerora -ordu gutxiren buruan-, esaldi horren funtsarekin bat egiten dudala ondorioztatu nuen.
Izan ere, egunerokotasun berez nahiko hiperazeleratuan, jakinarazpenak isiltzea (ez erakustea) sistemarekiko garaipen txiki bat da. Desadostasun bat erakustea. Neurtzea. Hortaz, bai, nerabe hauek errebelde digitalak dira. Are gehiago, erabaki hori zein bizi-fasetan hartu duten kontuan hartzen badugu. Izan ere, nahiz eta denok garen partaide-sentitzearen eta onespen-beharraren lagun -ezetz esaterik duenak bere gizarte loturak berrikusi beharko lituzke-, are gehiago gara gure nerabezaroan.
Pentsatu al duzu zenbat aldiz desblokeatu duzun mugikorra goizean, ordua begiratzeko asmoz, eta burua gauez altxatu, gosea jasanezina zelako? Bada, garrantzitsua da konektatutako pantailetatik ateratzen jakitea. Ez dut esan nahi alde batera utzi behar ditugunik, baina noizean behin telefonoa, ordenagailua, tableta -eta burmuina bera ere- itzaltzen jakitea ezinbestekoa deritzot. Are gehiago Mariaren esaldi hau irakurritakoan sentitu nuen enpatia-sentsazio bera baduzu: “Dues-centes. Cada hora”. Eta ez, ez da nire bizitza soziala aztoratua denik, baizik eta pitokerietarako balio duten jakinarazpen uholdea dugula egunero gure telefono mugikorrean. Mariaren esaldiari gehituko nioke, akaso, 200 jakinarazpen horietatik 199 atzorako erantzun behar ditugula.
Eta erantzuten ez baditugu, geureak egin duela.
En fin, agian denok berrikusi beharko genituzke gure gizarte loturak, batik bat, makina lotura bihurtu ez daitezen.
Gomendio bakarra gaurkoan: Makinatik ateratzea. Noizean behin bada ere.
Utzi erantzuna