Maite nauzu laztana? Bai, baina Software Librea gehiago

Berdin du, nondik edo zein momentuan irakurtzen duzun artikulu hau. Hau irakurtzen duzun bitartean, nonbait norbait lanean ari da erabiltzen duzun Software Librearen kodea hobetzeko. Nahiz eta milioika erabiltzailerentzat Software Librea ezinbestekoa izan, gehienetan, proiektu horien atzean dauden pertsonak ikusezin egoten dira. Elkarrekin hori aldatu dezakegu. Otsailaren 14an “Software Librea maite dut” eguna ospatuko dugu, eta aukera bikaina da pertsona horiei zure laguntza eta maitasuna helarazteko.

Software Libreko proiektu bakoitzaren atzean garatzaile, itzultzaile eta diseinatzaile-talde bat dago. Pertsona horiek konpontzen dituzte akatsak, hobekuntzak egiten dituzte eta segurtasun eguneraketez hornitzen dute gizartea. Zerbitzu handia ematen diote gure gizarteari, jende guztiarentzat eskuragarri jartzen duten softwarearen iturburu-kodea eginez. Baina lan hori ezin da ziurtzat jo. Pertsona horietako askok lan hori bolondreski egiten dute, beraien denbora librean.

Zer maiztasunez ematen dizkiegu eskerrak?

Euskararentzat ezinbestekoa da Software Librea. E-zin-bes-te-ko-a. Gure hizkuntza eboluzionatzea benetan nahi badugu, gaur inoiz baino gehiago teknologia berrietara egokitu behar dugu. Eta, egia esan, ez dut ezagutzen bide horretan Librezale baino hobeto lan egiten duen inor. Gure akats ortografikoak zuzentzeaz gain, gure pribatutasuna babesten duten Androiderako teklatuak eskaintzen dizkigute. Datu-base publikoak oparitzen dizkigute, etorkizunean gure telefonoarekin ahots-komandoen bidez, euskaraz, jardun ahal izateko. Euskarazko ofimatikako suite osoak oparitzen dizkigute. Gure sistema eragile libreek gure hizkuntzan hitz egitea eragiten duteā€¦ eta jarrai nezake.

Otsailaren 14an “Software Librea maite dut” eguna ospatzen da. Erraz egin dezakezu gurekin bat: zure aukerako sare sozialean eskerrak emateko mezu labur bat idatzi besterik ez duzu egin behar, #IloveFS traolarekin. Edo, posta elektronikoz, eskerrak eman garapen-talde bati. Mezuak ez du luzea izan behar -eskertze hutsa nahikoa izaten da maiz-.

Zure ustez, garrantzitsua da euskara ingurune digitalera duintasun osoz ateratzea? Firefox, LibreOffice edo GNU/Linux erabiltzen duzu? Bada pertsonalki axola zaizun proiektu txikiago eta ezezagun bat? Bada, emaiezu eskerrak denentzat egiten duten borondatezko lanagatik, eta, aukera izanez gero, lagundu lan hori burutzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude