Ez zara zu, ni naiz
Trump jauna zenbait egunetan kabreatuta iristen omen da ohera. Tximino-plantetan imajinatzen dut. Hiperkabreatuta. Eta hiperazeleratuta.
Gaurkoa laburbilduz: Twitter plataformak Trump jaunaren txio bat ezkutatzea erabaki ei du eta albisteak ez du presidentearen poztasuna piztu. Twitter-ek dio txioaren testuak -irakurtzeko batere interesik ez dut-, gorrotoa eragin dezakeela. Amerikako Estatu Batuetako presidentearen mezuen mailari so eginez, zerbait berria balitz bezala.
Esan gabe doa ez natorrela bat ideologikoki Trump jaunak sustatzen duen estatu eta ekonomia ereduarekin, baina, badaezpada, hobeto aipatu. Gehien harritzen nauena da hilabete baino gehiagoan ez zuela atzamarrik mugitu estatubatuarrak Covid-19tik babesteko, baina 48 ordu baino ez dituela behar izan Twitter “zigortzeko” neurriak hartzeko.
“Egun handia izango da sare sozialetarako eta inpartzialtasunerako!” txiokatu zuen. Prestatzen ari zen dekretuari buruzko xehetasun gehiago eman gabe.
Handik ordu batzuetara jakin genuen sinatutako dekretuak Estatu Batuetako epaileei (edo) lege bat berrinterpreta zezatela eskatzen ziela. Antza denez, erabiltzaileek argitaratutako edukiengatik Silicon Valley erantzukizunetik salbuesten duena. Sare sozialen aurkako auziak errazagoak izatea da, funtsean, helburua. Edo hori esan digu behintzat. Sare sozialen indarra kontuan hartuta, oso zaila egiten zait horrelakorik imajinatzea. Ipar Amerikako presidentearen hitzetan, historikoki adierazpen-askatasuna errespetatu duen herrialdea da berea, eta praktika antiamerikarra eta antidemokratikoa ei da bere hitzak ezkutatzea. Hipokritagoa izatea ez dirudi gauza erraza.
Hala ere, nire ustez, Trump-ek eskerrak eman behar dizkie gizarte-sare horiei; adibidez, Cambridge Analyticak egin zizkion mesedeak edo Youtubeko algoritmoek, xenofobia eta faxismoa sustatzea ordaintzeko. Besteak beste. Izan ere, niretzako berdin du Twitter izan, Youtube izan, edo Facebook izan. Ideologikoki gauza bera baitira. Ez didazu sinesten? Egin dezagun proba erraz bat. Sartu Youtuben, bilatu espainiar politikari buruzko bideo polemiko bat, adibidez, Pablo Iglesiasena, “markesa” hitza behin eta berriz errepikatuz. Ziur nago, gomendatutakoei erreparatzen badiezu, gutxienez VOXen en Libertad Digitalen hiru edo lau bideo aurkituko dituzula, bide horri jarraitzen badiozu… akabo. Zergatik? Ez zehazki faxismoa goraipatzeagatik, baizik eta sare sozial korporatiboetan polemikak saritzen direlako. Ez al dizue Youtubek inoiz gomendatuko terraplanismoari buruzko bideo bat?
Konspirazio teorietan sartu beharrik gabe, batzuk uste dugu hori ez dela kasualitatez gertatzen eta algoritmo horiek ez direla neutralak.
Trumpen gaira bueltatuz, dekretu berri hau lege-borroka luze baten abiapuntua izango dela aurreikus daiteke. Hala ere, nik Trumpi esango nioke ez dadila hainbeste haserretu, goza dezala bere bizi oparoa eta ez diezaiola haginka egin jaten ematen dion eskuari.
Adierazpen-askatasun handiagoa dugun Fedibertsora pasatzeko gomendatuko nioke? Hobeto ez aipatzea ere; Trumpek bere buruarekin pizten dituen haserre-mailak lasaitzeko arazoak izango lituzke, eta, ondorioz, ezingo luke onartu sare libreetan hainbeste balioesten dugun netiketa. Eta gainera, ez dut nahi, nire erruz, Fedibertsoa zaborrez betetzerik.
Bukatu dut interbentzioa, epaile jauna.
Utzi erantzuna