Fedibertsoaz bi hitz

Federazioa eta unibertsoa nahasten dituen hitza da fedibertsoa. Lagunartean erabiltzen dugun hitz geroz eta hedatuagoa, eta, beraien artean federatu daitezkeen softwareei egiten die nolabait erreferentzia. Hainbat gizarte sare digitalek osatzen duten ekosistema berriari.

Maila teknikoan baditu bere onurak, adibidez, hornitzaile bakarrarekiko dependentzia saihesten du. Adibide batekin errazago ulertuko delakoan nago. Erabat seguru nago Twitter zer den badakizuela. Maila teknikoan Twitter zerbitzari bat dago eta mikroblogintza sare horretan dagoen pertsona bat jarraitu nahi duen horrek, ezinbestean twitter.com-en izena eman beharko du. Hau da, ez dago twitter.eus, adibidez, sortzerik eta bertatik twitter.com jarraitzerik. Honen eraginez sare hori erabili nahi duen pertsona orok erabateko dependentzia dauka: twitter.com zerbitzaria. Ez dago software hori erabiltzeko beste aukerarik. Gauza bera gertatzen da Facebook-ekin, Youtube-rekin edo Instagram-ekin.

Edo azken asteotan hain bogan dagoen Twich-ekin.

Aspaldi Internet federatua izan beharko lukeela uste dugun horientzat, oso saila da hornitzailearekiko dependentzia hori zuritzea. Beste adibide bat jarriko dut, zuetako askoz eposta zer den jakin badakizue, eta erabat konbentzituta nago eposta zerbitzuren bat erabiltzen duzuela. Adibidez, ni.eus, gmail.com, riseup.net edo autistici.org. Milaka eposta zerbitzu daude. Imajinatzen duzue lagun bati eposta bat idazteko ezinbestekoa izatea biek gmail.com helbide bat izatea? Hau da, dabid@ni.eus-ek ezin bidaltzea eposta bat dabid@autistici.org-ra? Pentsaezina da. Zergatik? Pertsona bakoitzak nahi duen eposta zerbitzua aukeratu dezakeelako eta epostaren erabilera hornitzailearekiko independentea delako.

Gauza bera gertatzen da fedibertsoan. Pertsona orok dauka erabateko askatasuna zein zerbitzari erabili nahi duen erabakitzeko.

Hornitzailearekiko dependentziarekin apurtzeak, askatasun paradigma berri baten aurrean jartzen du erabiltzailea: norbera egiten du bere profil sozialen jabe. Beste adibide batekin aterrizatuko dut, mastodon.eus-en erabiltzaile bat daukat, @desertorea. Fedibertsoko beste edozein zerbitzaritik, adibidez mastodon.cat-etik, nire mezuak jarraitzeko aukera izango du hala nahi duenak mastodon.eus-en kontu bat ireki behar izanik gabe. Nor bere etxetik, beste batzuen etxeak bisitatzeko aukera emanez.

Euskaldunok mundura identitate propioarekin ateratzeko aukera emanez.

Hamaikatxo softwarek osatzen dute fedibertsoa eta euskaldunok ere zenbait txoko garatu ditugu dagoeneko. Adibidez, mastodon.eus mikroblogintzarako, baleafunk.eus, podcasta-ak saretzeko, pixelfed.eus argazkiak partekatzeko edo peertube.euskarabildua.eus bideoak igotzeko (azken honetan ezin da publikoki izena eman).

Euskararen nazioarteko egunean bertan hasi ginen azkena aurkezten: lemmy.eus.

Lemmy.eus euskarazko web-foro irekiak dira. Albisteak, bitxikeriak, nori galdetu ez dakizun hori, umorea, eztabaidak, hausnarketa sakonak, meme alprojakā€¦ eta auskalo zer gehiago aurkituko duzue. Dagoeneko zenbait komunitate osatu eta martxan jarri dira, hala nola, musika, literatura, sukaldaritza, euskara… euskaldunok erabakiko dugu noraino hedatu nahi ditugun foro hauek. Baliagarriak diren ala ez denborak bakarrik esango digu, baina denbora lerro publikoak osatzen duten algoritmoez nekatuta gaudenontzat, alternatiba eraikitzailea izango direlakoan gaude.

Bide batez, aipagarria deritzot gobernantza horizontaleko foroak direla esatea, hortaz, edonor da ongi etorria! Eta ez da jakintza teknikorik behar lan-taldean aritzeko.

Gehiago jakin nahi duenarentzat kaixo.lemmy.eus eskuragarri dago, azalpen guztiekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude