Zaintza digital ariketa gisa
Argiaren Telegram kanalera harpidetuta bazaude, jakingo duzu hilaren 13an Instagramek, bere burua biluztasunaren aurkako terminoetan babestuz, Joxe Arregiren torturen irudia zentsuratu zuela. Torturak gertatu eta berrogei urtetara. Otsailaren hasiera zaila izan zen, digitalki aztertuz, Hala Bedirentzat ere. Maiteminduen eguna baino bi egun lehenago, Youtubek Hala Bediren kanala itxi zuelako. Zorionez, berreskuratu egin dute.
Ez da herri mugimenduak nagusiaren hedabideetan zentsura jasaten duen lehen aldia. Azkena ere ez da izango.
Gauzak honela, bi albiste hauek aukera paregabea eskaintzen didate bi gai jorratzeko: lehenengoa, sarean sartzen ditugun materialei buruzkoa. Bigarrena, partidak beste batzuen etxean jokatzeari buruzkoa.
Materialei dagokienez, askotan pentsatzen dugu Internetera igotzen duguna betiko geratuko dela hodeian-edo. Aktibista asko ezagutzen ditut, adibidez, Youtubera bideo bat igo ondoren disko gogorrean gordetzen ez dutenak. “Fitxategia Youtuben dagoelako”. Akats larria iruditzen zait. Ezin dugu beste batzuen esku utzi (Youtube, Dropbox, Google Drive…) geuretzako garrantzitsua den material hori. Zer gertatuko litzateke zerbitzua eskaintzen duen enpresak berau ixtea erabakitzen badu eta horren kopiarik ez badugu? Imajinatzen duzue Hala Bedik bere material grafikoa lokalean gordeko ez balu, zelako putada izango litzatekeen Gasteizeko herri mugimenduarentzat Youtubek kanal hori ixtea? Hondamendia.
Bestalde, beste pertsona batzuen etxean jokatzeak, de facto joko-arau batzuk betetzera garamatza. Normalean arau horiekin ados ez bagaude ere. Instagramera igotzen diren argazkien biluztasuna neurtzen duen algoritmoaren kasua jende askok kritikatzen duen arau horietako bat da. Eta argi dago kritikagarria dela, baina oso gutxitan lortu dugu Silicon Valley-ko erraldoi teknologikoek (ez ahaztu Instagram Facebookena dela eta Youtube Googlena) herri mugimenduaren eskaerei kasu egitea.
Bide oso interesgarria daukagu esploratzeke. Kolektiboa. Autogestionatua. Guk geuk eskaini behar ditugu guk geuk behar ditugun zerbitzuak. Baina ez dut esan nahi Argiak bere Pixelfed edo Hala Bedik bere Peertube muntatu behar dutenik. Esan nahi dut, arlo digitalean ere, elkar-laguntza sareak ehundu behar ditugula, eta sare horiek, komunitatearen mesedetan jartzen baditugu, burujabetza kolektiboa bermatuko lukeen ariketa bat egiten egongo ginatekeela. Eta ertz horretatik eutsi behar diogu burujabetza teknologikoari ere. Burujabetza teknologikoaren helburua ez delako software librea erailtzea, baizik eta herri mugimendua ahalduntzea. Guk geuk adosteko bete nahi ditugun joko-arauak. Malguak izateko. Geure etxe propioa sortzeko.
Argi dago doako zerbitzu bat erabiltzea baino deserosoagoa izango dela. Asanbladak, arauak sortu, taldeak dinamizatu, softwarea martxan jarri, ekonomikoki bideragarriak izateko moduak bilatu, autogestiora heldu… baina gaztetxea okupatzen dugunean ere, erosoagoa izan liteke lan hori hartu ordez parkean pipak jatea. Baina autu politiko kontzientea egiten dugu. Gauza bera egin behar dugu maila digitalean.
Uler dezagun burujabetza teknologikoa zaintza digital ariketa gisa. Teknologia gaur egun, bere horretan, borroka esparrua delako.
Utzi erantzuna