Zaldibar: datu irekiak eta aktibismoa
Kafepintxo batekin edozertaz txiokatzeko prest egoten den Koldotxuk idatzitako azkena irakurri nuen atzo. Furanoak eta dioxinak ez dira koronabirusa.
Koldotxuren testu hau hain zintzoa izanik, ez naiz ni izango handikerietan hasiko dena. Aitortzen dizuet: ez dakit furanoa edo dioxina mailak nola neurtzen diren, duela hamabost bat egun zer ziren ere justu-justu nekien eta sarean dagoen desinformazioa kontuan hartzen badut, ez dakit -eta saiatu, saiatu naiz-, nola kalte egiten dioten -zehazki-, gure osasunari. Dakidan bakarra da Ligako partidu bat bertan behera utzi badute, gaitza behar duela kontua.
Hau horrela, bururatzen zait zer egin genezakeen neurketa horiekin. Publikoak balira.
Irekia, Euskadiko gobernu irekiaren ernamuina ei da. Open Data Euskadi, Eusko Jaurlaritzaren, menpeko erakundeen eta beste foru eta udal administrazioen datuak aurkitzeko balio ei du. Baina ez galdetu euren bilatzaile ustez irekiei zein den dioxina edo furano maila Zaldibar inguruan. Datu hauek, antza, ez dituzte betetzen irekiak izatekoa ezinbestekoa den zera hori.
Koldotxuren artikulura bueltatuz, oso galdera interesgarria plazaratzen du: Eskuragarri al daude neurketen datuak? Datu gordinak, estazioetatik zuzenean ateratzen direnak. Gai gara datu horiek azaltzeko edo airearen kalitatea nolakoa den abisuak ematen dituen app bat garatzeko? Lehen galderaren erantzuna -behintzat nik dakidala-, ezezkoa da. Bigarrenarena, ordea, baiezkoa.
Gizarte garden eta demokratiko -hitz honen perbertsioaren jakitun naiz- baterantz egin nahi badugu, ezinbestekoak dira datu irekiak. Datu irekiak modu gordinean eman behar diren datu-katalogoek osatzen dute eta -irekiak direnez-, edozeinek hartu, kontsultatu, prozesatu eta erakusteko aukera dauka. Aktibista talde batek kasu. Zaldibarko zabortegiaren arduradun politikoek eta teknikoek ezer gutxi kontatzen digutela kontuan hartzen badugu, ezinbestekoa zaizkigu “Datu gordinak, estazioetatik zuzenean ateratzen direnak“. Datu horiek izango bagenitu, Zaldibar inguruko herriek bihotzez eskertuko luketen aplikazio desberdinak garatzeko aukera izango genuke. Koldotxuk dioenaren harira, adibidez, dioxina eta furano maila onargarria gainditzen denean, jakinarazpenak jasotzeko.
Eta hori interesgarria litzateke.
Baina are interesgarriagoa izango litzateke larrialdi egoera honen inguruan egin behar ditugun hausnarketak egiteko moduko datuak herriak berak, guk geuk, jasoko bagenitu. Ahal dela, modu zuzenean, librean, neurgarrian eta momentuan bertan. Neurketa hauek, eta datu hauen gardentasuna, gobernu talde desberdinen harropuzkerian mende usten baditugu -zoritxarrez azken asteotan argi bezain garbi ikusi dugunez-, jai daukagu. Eta begiztatzen zait agian hardware librean oinarritzen diren gailuak sortu genitzakeela. Zaldibar inguruko etxe desberdinetan kale-neurketak jasoko dituztenak, eta neurketa guzti horien berri emango luketenak web-zerbitzu baten kontra, eta gure jakinarazpenak kontrolatuko lituzkeela azken honek. Agian ez da erabat egingarria, baina aztertzeak merezi duela uste dut. Zoritxarrez hau ez da egingo Aldundi zein enpresa desberdinek -beraien ergelkeriak zuritzeko asmoz-, sortzen dituzten hackatoi moderno eta moloi horietan.
Gaztetxean bildu beharko gara. Eta bai: burua apurtu. Inork egingo badu, herriak egin beharko duelako.
Agian, gure politikariek ez dituzte inoiz horrelako “egizu zuk zeuk” punk filosofian oinarritzen diren zera hauek homologatuko. Baina kontuan hartu behar dugu zeukaten sinesgarritasun apurra erabat galdu dutela eta -ondorioz-, guk ere, ezin ditugula beraien datuak homologatzen jarraitu.
(Doakiela hemendik besarkada bat Joaquinen eta Albertoren senideei eta lagunei. Ezin dut bizi duzuen guztia ulertu. Baina, gehiegikeria honek eragiten digun amorru horrek, behintzat, zerbait hobea sortzeko balio dezala nahiko nuke. Musu bat.)