Algoritmo Lehendakaria

Nire teilatura harriak botako baditut ere, gaurko irakurketa erraztuko dizuet. Hau da, funtsean, artikulu honetan – eta datorren hilabetetan etorriko diren hausnarketetan -, defendatu nahi dudan ondorio nagusia: Aitortuko dizuet. Nazkatuta nago. Oso nazkatuta, data zientzia, hausnarketa etikorik, filosofikorik edo politikorik egin gabe, edozein esparrura moldatu daitezkeen matematika hutsak direla uste duten horietaz. Etorkizun teknologiko bat, halabeharrez, perfektua izango dela uste duten horietaz hain zuzen ere.

Spoilerra eginda. Hemendik aurrera irakurri nahi ote duzuen, zuok erabaki.

Aurrekoan TED hitzaldi bat entzun nuen. Normalean ez dut ezer interesgarria aurkitzen gehienetan kapitalismoa teknologikoa zuritzeko ezinbestekoak diren hitzaldi horietan, ezta ere, teknologiaren inguruan hausnartzen dutenean. Baina noizean behin sorpresatxoren bat edo beste eman izan didanez, noizbehinka podcast zerrenda errepasatu eta interesgarri iruditzen zaidana entzuten dut. Autobusean edo. Baina, gehienetan hautaketan, kale egiten dut. Oraingo honetan nire jakin-mina piztu zuenak César Hidalgo-ren “Politikariak ordezkatzeko ideia ausarta” izan zen. Entzun ostean, titulu aldaketa proposamen bat egingo nioke: “Algoritmo matematiko lehendakari”.

Galdera batekin hasten du bere hitzaldia: “Ni bakarrik naiz, ala beste pertsona batzuk daude hemen apur bat etsita demokraziarekin?“. Mundu mailan azken 30 urteetan egindako azken hauteskundeen datuak aztertuz, parte-hartze datu hotz batzuk bota ditu. M15 bezalako mugimenduak aztertzeko parada hartu izan balu agian, galdera onartuko nioke. Baina ezta hori ere. Berriz diot: datu hotzak. Bere hurrengo esaldia beste hau da: “Eta ezin zaie errua egotzi, jendea nekatuta dagoelako politikariekin…“. Momentu honetan bertan, hitzaldiko lehen akatsa egiten duela uste dut: demokrazia eta politikari hitzak sinonimo perfektutzat erabiltzea. Tranpa egitea nire aburuz. Eta esango nuke berak ere badakiela. Bideoaren 01:09 minututik aurrera bere hausnarketa helarazten digu.

Erabat ondorio okerrekin, politologoa ez den aktibista honen uste apalean.

Paragrafo hau oso esanguratsua iruditu zait: “Baina praktikan, botere hori gure izenean erabil dezakeen ordezkari baten esku utzi behar dugu. Ordezkari hori botila lepo bat da, edo puntu ahul bat. Demokraziari eraso egin nahi bazaio, leku horretara jo behar da, demokrazia harrapa baitaiteke, dela ordezkaria harrapatuz, dela jendeak ordezkaria aukeratzeko erabiltzen duen modua harrapatuz.“. Eta agian ni izango naiz, eztakit, baina esango nuke zutabe horretan oinarritzen dituela bere argumentu guztiak. Kontuan hartuta – lehen paragrafoan aipatu dudan bezala -, bere ekarpena algoritmo lehendakaria dela, oso arrazoitze pobrea eta eskasa deritzot (ez dut uste nire azken baieztapen honek azalpen handirik behar duenik, baina behar duenak, utzi dezala iruzkin bat eta azalduko diot).

Eta sarrera luze honen ondoren, gaurko artikulu honen ardatzera heldu gara. Hidalgo-k planteatzen digun galdera nagusia erantzuteko ariketa kolektibo proposamenera: “Eta politikariak saihestu beharrean, horiek automatizatzen saiatzen bagara?“. Nik badut galdera horrentzat iritzi bat. Eta ezin dudanez dena aztertu, hiru zutabe nagusitara mugatuko dut erantzuna. Baina ez gaur. Hilabete barru.

Bitarte horretan, zuon buruari galdera bat egitea eta erantzun bat hausnartzea proposatzen dizuet. Zientzia fikzio jokoetan arituko gara:

Eta EAEko lehendakaria algoritmo bilakatuko bagenu? Hau da, eta hurrengo lehendakaria Algoritmo Lehendakari izango balitz?

Nahi baduzue utzi zuon hausnarketak iruzkinetan. Hilabete barru neureak. Punkamine-ren arkakuso lehendakari nahiago dudala aurreratuko dizuet.

Hodeia ez da existitzen

…beste norbaiten ordenagailua da.

Aurtengo Euskarabilduaren webgunean sartzen bazarete, hori izango da jasoko duzuen lehen mezua. Hodeiak horrenbeste indar hartu duen garaiotan, primerako ideia deritzot burujabetza teknologikoaren inguruan hausnartzeko parada hartzea. Ez hodeia burujabetza teknologikoaren kontra doalako, baizik eta zer nolako hodei mota nahi dugun hausnartu beharrean aurkitzen garela uste dudalako.

Aipatu bezala, burujabetza teknologikoa ardatz hartuko duen 2019ko Euskarabilduaren zortzigarren edizio honek, egitarau oso interesgarria jartzen du gaiaz hausnartu nahi duenaren eskura. Atal desberdinetan banaturik, burujabetza teknologikoaren inguruko esperientziak konpartitu nahi dituzte, foko argi bat ezarriz: burujabetza teknologikoaren alde estrategikoa. Bejondeiela!

Hitzaldi guztiek oso itxura interesgarria badute ere, bik bereziki motibatzen naute: alde batetik, TEKS sareak aurkeztuko duen “Euskal Herriko erronkak, burujabetza teknologikoaren ikuspegitik” eta, bestetik, Donestech eragilearen “Soberanía tecnológica: Trayectorias, valores y comunidades”. TEKS sarearena Euskal Herrian ditugun behar izan propioetara begiratzeko aukera emango digula aurreikusten dudalako – izenburu horrekin, zer bestela? – eta bigarrena, Donestech-ena, emakumeek teknologia berriekin duten harremana aztertzen duen eragilea izanik, oso proiektu interesgarriak egiten dituztela kuxkuxeatzeko aukera izan dudalako. Argi dago Euskarabilduak genero ikuspegia zaindu duela berriz ere. Arlo teknologikoan bereziki eskertzekoa iruditzen zait.

Baina ezin dut artikulu hau bukatu Xabier Barandiaranen “Maritxu nora zoaz? Nola egin (eta zergatik ez atzeratu) erakundeen trantsizio teknologikoa” aipatu gabe. Izan ere, Xabierrek esaten eta idazten dituen guztiak gure erabateko arreta merezi dutela uste duten horietakoa naiz. Baina, Argiako Creative Commons lizentzien inguruko hausnarketa ere aipatu nahiko nuke, izan ere, irakurketa oso interesgarria plazaratu zuten.

Badakizue zer? Hementxe bukatu behar dudala. Ezabatu zuen garunetatik irakurri berri duzuen guztia eta ideia bakarra artxibatu: aurtengo Euskarabilduaren egitarau osoa da interesgarria.

Zoritxarrez ezinezkoa zait Donostiako San Telmo museora, Urriaren 24an joatea. Eta benetan diot zoritxarrez dela, errepikatzen bainaiz ere, aurtengo Euskarabildua zinez interesgarria iruditzen zaidalako eta bertan egingo den hausnarketa hezkuntzarentzat oso baliagarria izan daitekeela uste dudalako. Streaming-a egotekotan, entzuteaz konformatu beharko naiz oraingo honetan. Eta tarteka-marteka sare sozialetan komentatzen dena irakurtzeaz.

Aukera izatekotan, gerturatu zaitezte aurtengo Euskarabilduara, ez dut uste, inondik inora, damutuko zaretenik.