Neskazar bat tentatzen
Txirrita
Gure bertsolaririk erromantiko eta sensualena.
Andrea Lopetegiren laguntza ederrarekin kantatua.
1
Dozena bat bertso
nai nituzke jarri
jaietan kantatzeko
entretenigarri;
nere publikatzia
izango da sarri,
alabantzak emanaz
zenbait neskazarri.
2
Neskazar bat tentatzen
asi naiz lenguan,
izan ere alako
polita zeguan;
umill eta seriyo
itz egin genduan,
baño gusto guziyak
ez dira munduan.
3
Izketan asi giñan
biyak gozo-gozo,
ezkontzeko mandatu
egin diyot atzo;
leiotikan ujuka
ama ta bi atso:
«Ez dek arrapatuko
uste bezin mantso!».
4
Ama preparatu zait
asarrez betia,
lenbiziko ujuba:
«Zenbat dek dotia?
Ainbeste kostatako
alaba maitia,
lastima izango dek
iri ematia!».
5
«Zere familiyari
errespetoz eldu,
inozente daudenak
ez ditezen galdu;
diru-truka alaba
nai zenduke saldu,
lenago erostunik
ez al zaio azaldu?»
6
Nere jakinduriya
ari da atzentzen
errez dala uste du
zenbaitek ezkontzen;
promesa on bat eginda
ezpazera ontzen,
lanak izango dira
zurekin konpontzen!.
7
«Ez dezu sinistu nai
egiya esanda’re:
zintzua nai genduke
pobria izanda’re;
gure baztarrak baño
obiak nun dare,
alabari sasoia
pixka bat juanda’re?».
8
«Bere alabarentzat
orrenbeste fama!
Nik ez det sinistatzen,
aiziak darama;
zuen baztarrian nik
egitia lana
izan liteke, baña
ez det uste, ama!».
9
«Ez al dala uste dek
orren errespuestik?
Atarramentu onik
mutill zarrak eztik!
Nere alabak ez dauka
ezkontzeko kezkik,
ez bezelakuak
nai-ez-ta zekazkik!».
10
«Itz bat esan biar det
nere borondatez,
ez banau iñork lotzen
grilluz edo katez:
ezkontzeko ideak
banituan ustez,
ardua maitatzen det
andriaren partez».
11
«Mutil malizioso
deabruz betia,
ez dizut zabalduko
geiago atia;
beñe etzaitut izandu
biotzez maitia,
nigandik libre zera,
or konpon zaitia!».
12
Orra amabi bertso
oraingo berriyak
bere andregaiari
Txirritak jarriyak;
eman dizkit desgusto
ikaragarriyak,
negar egin lezake
nigatik arriyak!
Ederra, Imanol. Eskerrik asko!