Abstentzioa, ezezagun handia

Jenofa Berhokoirigoin
0

Ipar Euskal Herriko eta Frantziako Estatuko herrietako hauteskundeen biharamunean galderak nagusi dira: bigarren itzulia ezeztatzeko aukera handiak izanki, zer gertatuko da lehen itzuliko emaitzei dagokionez? Legeak dion gisara baliogabetuko dituzte? Zer gertatuko da lehen itzulitik hautatuak izan diren auzapezekin? Analisi hau irakurtzen duzunerako erantzun batzuk argituak izan behar lirateke. Eta horrela da: astelehen gauean jakinarazi zuen Macronek bigarren itzulirik ez dela egingo. Asteartean jakin genuen lehen itzuliko emaitzak kontutan hartuak izango direla. Baina ordura arte, hauteskunde gau eta biharamun arras bereziak izan zituzten herritarrek.

Koronabirusaren epidemiari begira Frantziako Estatuak daukan kudeaketa traketsaren isla ditugu 2020ko herrietako hauteskundeak. Hain zuzen, lehen itzulia mantendu izana geroz eta gehiagok arduragabekeriari eta amaturkeriari lotzen duten honetan, termino horiek bideratu daitezke koronabirusari aurre egiteko duen politikari. Haatik, garrantzi handiko beste galdera multzo bat dugu, erantzunik gabekoa gelditzen dena: zein bozkatzale gordetzen da abstentzio tasa altu horren gibelean? %55ekoa izan da Frantziako Estatuan, 2014koa baino anitzez handiagoa eta tendentzia bera ikusi dugu Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herrietan ere. Adibide esanguratsu bat dugu Baiona: %61,2koa izan da abstentzio tasa eta botoen kontaketak burutzeko jendea eskas ukan zuten. Hauteskunde horiek koronabirusaren testuinguru arras berezian burutu dira eta Frantziako Gobernuak errealitate hori serioski kontuan ez hartzeko erabakia plazaratu bazuen ere, prebentzio neurri gisa, jende anitz geratu zen etxean martxoaren 15ean. Baina nor dira etxean geratutako horiek? Egun batzuk lehenago Macronek berak etxean geratzea eskatu zieten 70 urtez gorakoak –eskaera horrek ez zuen balio hauteskundeetarako–, hots, soziologikoki eskuin bozkatzen dutenak, ala anitzagoa izan da abstentzionisten multzoa? Zer nolako emaitzak ukanen genituen testuinguru normal batean iragan balira? Abstentzionisten aurpegia misteriotsua geldituko da.

Hala ere, Ipar Euskal Herriari dagokionez argi geratu den ondorio bat dugu ondokoa: ezkerreko alderdi historikoak erabat ahuldurik direlarik –Alderdi Sozialistak azken urteetan eta Alderdi Komunistak 80ko eta 90eko hamarkadetatik geroztik–, abertzaleek ere osaturiko ezkerreko zerrendak dira eskuinaren parean benetako alternatiba eta aldaketa gisa ikusiak. Duela sei urte bezala emaitza onak lortu dituzte ezkerreko abertzaleek, herriko etxe berriak irabazirik (Biriatu, Donapaleu, Ortzaize…) ala bigarren itzulian auzapezaren aulkia ala gehiengorako tokia irabazteko aukerak emendatuz (Ziburu, Urruña, Hendaia…). Bi itzulien arteko elkarrizketek bideratuko dituzte bigarren itzulirako estrategiak. %10aren ozka gainditu duten zerrendek dute bigarren itzulirako txartela lorturik –baita %5az gora gelditu direnek ere, horiek lotzen ahal direlako lehian dagoen beste bati–. Ezkerreko aliantzei dagokionez, abertzaleak indartsu dira negoziaketak egiteko orduan, emaitza onak dituztelako esku artean. Baina noski, hor ere galderek bideraturiko giro arraroa dugu nagusi: ezeztatuak eta hemendik hilabeteetara atzeratuak izanen diren hauteskundeei begira ez da intentsitate, presio eta lehia berarekin negoziatzen. Hots, alde guztietarik, ezjakintasuna dugu nagusi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA