Iker Blas
Hernani, 1983. Portugal, Andaluzia, Errumania eta Argentina bezalako lekuetan bizi ondoren, Asiara egin dut salto eta orain Bisayaten (Filipinetan) bizi naiz. Blog honetan urruneko irla haien kontuak topatuko dituzu
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Iker Blas(e)k Zergatik ez da Filipinetan gaztelera hitz egiten? bidalketan
- Imanol(e)k Zergatik ez da Filipinetan gaztelera hitz egiten? bidalketan
- Iker Blas(e)k Coca Colari boikota azukrearen lurraldean bidalketan
- A. Aranburu(e)k Coca Colari boikota azukrearen lurraldean bidalketan
- Iker Blas(e)k Filipinetatik blog berria bidalketan
Defentsarako edo errepresiorako polizia ereduak
Atalak: Argentina, Bideoak
Pasaden astean Ganbarako (Radio Euskadi) bi irratsaio entzun nituen arretaz. Lehendabizikoan, martxoaren 26koan (102 minututik aurrera), hainbat gairekin batera Madrilgo “duintasunaren aldeko martxaren” ondoren gertatuko istiluak izan zituzten hizpide solaskideek, bigarrengoan (hurrengo egunean), martxoaren 27koan (30:20 minututik aurrera), LOMCE legearen aurka Bilbo eta Iruñean egindako mobilizazioetan izandako istiluak aztertu zituzten.
Pasaden martxoaren 3an Bilbon ospatu zen goi-bilera ekonomikoaren aurka protesta ugari izan zen kaleetan (argazkia: EFE).
Bi saioetan Xabier G. Ramsden, Ganbarako aurkezlearen jarraipen informatiboa sinpleegia eta manipulatua zegoela iruditu zitzaidan. Batetik, bere komentario eta galderetan istiluak manifestariek bakarrik sortu zituztela ulertu zitekeelako eta bestetik, Madrilen bildu ziren milioi bat lagun eta Hego Euskal Herrian bildu ziren 20.000 lagunen gainetik, enfasi eta denbora gehiena istiluei eskaini ziolako. Ramsden jaunaren galderen atzean ezkutatzen ziren argudioei kontra egitea zaila zirudien. Izan ere, zeinek justifika lezake kontainer bat erretzea? Iñaki Iriondo kazetaria trikimailu horretaz jabetu zen eta eztabaida gaizki planteatua zegoela azpimarratzen saiatu zen. Baina alferrik, biolentzia zuzena (sutan erretzen den kontainer bat), biolentzia estrukturala (pobreziak eragindako heriotza isil bat) baino ikusgarriagoa eta komertzialagoa da.
Baina istiluak nork sortu eta bultzatu zituen? Madrilgo martxaren ekitaldia amaitu gabe zegoela polizia plazan tiroka sartu zela ikusi daiteke hurrengo bideoan:
Iruñean ikasleek errepidea moztu zutenean poliziak bortizki nola oldartzen diren ikusi daiteke hemen:
Zer gertatzen da poliziarekin? Poliziak teorian ordena bermatu eta istiluak ekidin behar dituen arren, maiz justu kontrako helburua lortzen duela ikusi ohi dugu. Ez dira gutxi poliziaren kargek kaleetan kaosa zabaldu eta zaurituak eragin dituzten aldiak. Fenomeno hau bi faktoreri zor zaio.
Alde batetik, politikoki manifestazioak deslegitimatzeko beharra eta nahi propagandista. Badirudi protesta bat biolentoa bihurtzen denean, zenbait hedabideentzat manifestarien eskaerak eta aldarrikapenak bigarren maila batera pasatzen direla. Martxoaren 22an Madrilen ospatutako martxan adibidez hori gertatu zen, nahiz eta, istiluetan zenbait poliziek parte hartu zutenaren zantzuak egon. Ez da lehen aldia horrelako zerbait gertatzen dena.
Bestalde, Espainiako estatuaren polizia eredu errepresiboa dago. Frankismoan bezala, oraindik ere antidisturbioen (ertzaintza, polizia nazionala, etab.) estrategia ez da defentsarako (manifestarien protestari eustea) errepresiorako (manifestariak bortxa erabiliz sakabanatzea) baizik. Defentsarako polizia ereduaren adibideak Ukrainan ikusi ahal izan ditugu azken hilabeteetan: poliziek manifestarien harrikada eta Molotov koktelei formazioan eta posiziotik mugitu gabe eusten saiatzen ziren. Argentinan ere, Kirchner senar-emazteak boterera iritsi zirenetik, istiluen aurkako poliziak errepresioa ez erabiltzen saiatzen da. Gaur egun, Argentinan manifestariek bide-mozketak edo lur sailak okupatzen dituztenean, poliziak protesta modu horiek errepresiorik gabeko protokolo batez zaintzen ditu. Gobernuaren arabera giza eskubideen defentsa manifestariak erreprimitzeko beharraren gainetik dago. Hala ere, momentuz erabaki politiko hori legerian ez da islatzen.
Espainiako estatuaren kasura itzuliaz bai legeriak eta bai erabaki politikoek poliziaren jarrera biolentoak babesten dituztela ematen du manifestazio eta istiluen arteko harremanari begiratzen badiogu. Horregatik, istiluak gertatzen diren bakoitzean ez zait etikoa eta zuzena iruditzen hedabide jakin batzuek sistematikoki beti manifestariei errua leporatzea. Kontuak analisi sakonagoa behar duela iruditzen zait.