Hasiera »
Iker Blasen bloga - Filipinetatik
Iker Blas
Hernani, 1983. Portugal, Andaluzia, Errumania eta Argentina bezalako lekuetan bizi ondoren, Asiara egin dut salto eta orain Bisayaten (Filipinetan) bizi naiz. Blog honetan urruneko irla haien kontuak topatuko dituzu
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Iker Blas(e)k Zergatik ez da Filipinetan gaztelera hitz egiten? bidalketan
- Imanol(e)k Zergatik ez da Filipinetan gaztelera hitz egiten? bidalketan
- Iker Blas(e)k Coca Colari boikota azukrearen lurraldean bidalketan
- A. Aranburu(e)k Coca Colari boikota azukrearen lurraldean bidalketan
- Iker Blas(e)k Filipinetatik blog berria bidalketan
Rio de Janeiroko oihana
2011-03-10 // Brasil, Egunerokoa // Iruzkinik ez
Tximeleta bat Tijucako ohianean.
Munduko hiri politenetakora iritsi berri naiz, sentsazio berriak zaharrekin nahastu zaizkit. Rio de Janeiroko galtzadarriek eta muinoetara igotzen diren tranbia horiek Lisboa ekartzen didate gogora. Hala ere, Riok badu Lisboak ez duen zerbait: hiriak badia berde ikusgarrian ditu landatuak bere hormigoizko eraikinak. Gaspar de Lemos konkistatzaile portugesak 1502an topo egin zuen badiak gaur egungoa baino ikusgarriagoa izan behar zuela pentsatu dut. (gehiago…)
Israeldarrekin autobusean
2011-03-06 // Brasil, Egunerokoa // Iruzkinik ez
Rio de Janeiroranzko autobusa.
Rio de Janeiro bidean goazela gure atzean ozen hitz egiten, nongoak diren erakutsi nahiean edo, berriketa bizian neska-mutil koadrila bat dago. Urteak bidaiatzen daramazkidan arren, onartu beharra dut batzuetan zaila zaidala aurriritziak albo batera uztea. Gaurkoa egun horietariko bat dela konturatu naiz. Artaldean bidaiatzeak ematen duen segurtasunarekin pasaporte israeldarrak eskuan arro daramatzate motxilero lagun taldea. (gehiago…)
Zer herrialde da hau?
2011-03-04 // Brasil, Egunerokoa // Iruzkinik ez
Bidean topa litezkeen hondartzak.
Portugesa Lisboan pasa nuen erasmus urtean ikasi nuen. Garai hartan Portugalera ikastera joaten ziren ikasle gehienen helburua eta ametsa noizbait Brasilera joatea zen. Nik ez nuen amets hori, niretzat Portugal ezezaguna deskubritzeko erroka nahikoa zen. Sei urte geroago erdoildua dudan portugesa lagungarria zait Brasileko kaleetan. Gezurra badirudi ere iraganeko koloniak (Brasil) iraganeko metropolia (Portugal) irentsi du eta gaur egun portugesez mintzatzen direnen %90a brasildarrak dira. (gehiago…)
Uruguai-Chuy-Brasil
2011-03-01 // Brasil, Egunerokoa, Uruguai // Iruzkinik ez
Brasilera ongi etorria ematen duen errotulua.
Bizikletan nire azken geltokia izango denera iritsi naiz, Uruguai eta Brasilen arteko mugara. Honaino egin ditudan kilometroak 300 baino gehiago izan diren arren, helmugan nire burua erabat nahastua eta galdua dago. Estatuen puzzle eta mapa legeen arabera Uruguaiko Chuy herriak Brasilgo Chui herriarekin egiten du muga. Biak ere ahoskatuta izen bera dute, beraz herri bera direla pentsatzea ez da arraroa, eta halaxe gertatzen da, Chuyra iritsitakoan oso zaila da igertzea herriaren zein zatitan zauden, brasildarrean ala uruguaitarrean. Dendetako afixak edonon gazteleraz edo portugesez topa daitezke. Horrez gain, bi estatuen aduanak herritik kanpo daude, alegia, gizakiek marraztutako muga artifizialen gainetik dago Chuy. Muga gabeko herriaren utopia egi bilakatzen den lurraldeak niri buruhauste xelebreak ekarri dizkit ordea, ez bainekien nora demontrera jo pasaporte tramiteak egiteko. (gehiago…)
Kolibrien antzera
2011-02-26 // Egunerokoa, Uruguai // Iruzkinik ez
Errepide luzea eguzkipean.
Uruguaiko kostaldea bitan zatituko nuke nik, lehen zatia Punta Del Esteraino doana eta bigarrena, Brasileraino luzatzen den beste puska. Amerikako hego konoan Punta Del Estek Monaco, Montecarlo eta Marbellako logika bera du: luxuzko etxeak, kotxeak, itsasontziak eta etiketadun parranda giroa. Modaren hiri famatutik urrundu hala hondartzek hare zuria galtzen dute eta bohemio eta surflariak bilakatzen dira protagonista. Hippy usaina darien herrietako bizitza estiloa lasaia eta atsegina da. Hori bai, hemen ere kontsumismoaren logikak bikain funtzionatzen duela eta inposatu egiten dela ikus daiteke izkin guztietan. (gehiago…)
Mau mauren istorioa
2011-02-22 // Lagunak, Uruguai // 3 iruzkin
Liburuaren azala eskaintza eta guzti.
San Carlos eta Rocha batzen dituen errepidean noala motor bat nire albotik pasa eta bozina sei, zazpi edo zortzi aldiz jo du. Motoristen jarrera horrek asko haserretzen nau. Ez dakit zergaitik baina tipo horiek motorrean joatea txirrindan joatea bezala dela pentsatzen dute eta nire ondotik pasatzen direnean pozez lehertzen direla dirudi. A ze aurpegia duten! (gehiago…)
Euskaldunak Uruguain
2011-02-20 // Lagunak, Uruguai // 2 iruzkin
Alberto Irigoyen eta bere alaba Carolina.
Irigoyen sendiak begikotasunez hartu nau beti, eta, batez ere, Carolinak, alaba txikiak. Bidai honen hasieran beso zabalekin egin zidaten harrera Montevideon. Hori gutxi ez balitz Punta del Esten ere itxaron naute pedalei etenaldi bat emateko. Horrela gainera, Hego Ameriketako inguru honetan oso modan dagoen hiria berrezagutzeko aukera izan dut. (gehiago…)
Uruguaiko kostaldea bizikletan
2011-02-17 // Egunerokoa, Uruguai // 5 iruzkin
Hondartza bakartia
Atlantikoko itsas bazterrean ipini dut kanpalekua olatuen zurrumurrua entzun ahal izateko. Gaua da orain beraz koadernoan idazten ahoan sartua dudan linternak laguntzen nau. Bidaiari hasiera emateko modu egokiena bigarren eskuko bizikleta bat erostea zela bururatu zitzaidan Montevideon. Txirrinda autobusa baino motelagoa denez inguruko paisaia poliki poliki nola aldatzen den ikusi dezaket. Gainera, pedalei eragiten diedanean bidaiarenganako grina handitzen zaidala somatu dezaket. Brasileraino iritsi nahi dut bi gurpilen gainean bizikletak bizirautea lortzen baldin badu behintzat. (gehiago…)
Iparra hegoan (Mapa)
2011-02-14 // Mapa // Iruzkinik ez
Buenos Airesi agurra
2011-02-14 // Argentina, Egunerokoa // Iruzkinik ez
Agurra
Beka eta bulego gris batek Buenos Airesen harrapatuta eduki ninduten urtebetez. Gogoan dut argentinarren megapolisak lehendabiziko egunetan sorrarazi zizkidan sentipenak ez zirela batere erosoak izan: poluzioa, sargoria, zarata eta kale monotono amaigabeak. Gaur ordea, alde egin behar dudan unean, nire begien aurrean zirimiriak harrapatutako hiriburuaren irudia oso bestelakoa da. Askotan ikaratu ninduen hiri erraldoi horri orain nostalgiaz erreparatzen diot. Horretaz jabetu naiz lagun zahar eta berriekin afaldu eta gero Retiroko autobus geltoki iskanbilatsurantz bidea isilpean egin dudanean.
Urtebetez egon naizen lekua autobusak atzean azkarregi utzi duela sentitu dut. Abiada horrek ez dit datozen hilabeteetako abenturan pentsatzeko adorerik ematen. Aldaketak ziztu bizian datoz. Duela hilabete batzuk hartu nuen Buenos Aires eta Caracas artean bidaiatzeko erabakia. Bost hilabete iraungo duen nire abenturaren lehen geltokia Montevideo izango den arren nire oroimenetik ezin dut Buenos Aires kendu eta ezin dut mapan egin behar dudan ibilbidea marraztu. Loak hartzen nauen bitartean kantu hau datorkit burura: